Hezkuntza sistema hobetu nahi bada, eta horren bidez PISA azterketan ere emaitza hobeak lortu, «baliabideak» behar dira, eta «eskolaz haragoko estrategia bat»: gizarte osora begirakoa. Proba horren inguruan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin den bigarren hitzaldi sortaren ondorio nabarmenenetarikoak horiek dira. Azken azterketan ikasleek izandako emaitza «kaskarren» harira gogoetatzeko antolatu dituzte hitzaldiak, EH Bilduren ekimenez. Gaur Ikoitz Arrese legebiltzarkideak gogora ekarri du beren lehen asmoa izan zela hausnarketa hori eramatea hezkuntza legearen abiaburu izan zen hezkuntza akordioaren jarraipen batzordera; Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eskabide horri baiezkorik eman ez zionez, ordea, gaia Hezkuntza Batzordera eramatea ebatzi zuten.
Ikastolen Elkartearen izenean Zigor Ibarzabalek eta Agurne Barrusok hartu dute hitza. Aitortu dute PISAren emaitza apalak ez direla «ezustea» izan. «Gabeziak identifikatuta geneuzkan, eta horiei erantzuteko lanean ari gara», azaldu du Ibarzabalek. Adibidez, irakurketaren arloan ari dira sakoneko aldaketen bila: «Plazerari begirako irakurketa: horretara iristen ez bagara, eskolako gai bat izatera mugatzeko arriskua dago». Beste ildo bat estrategia digitala da. Atzo aurkeztu zuen, hain justu ere, Ikastolen Elkarteak digitalizazio estrategia berria: gailu digitalen erabilera murriztera eta adinean atzeratzera egin dute. Beste aldaketa handiak murgiltze eredura begira egiten ari dira: «berrasmatzen» ari dira, sakontzeko. Ikasturte amaierarako prest nahi dute eredu berria.
«Kezka handiz hartu ditugu norbanako batzuek eta hedabide batzuek D ereduaren inguruan egindako adierazpenak», erantsi du Ibarzabalek: «Gure ustez, murgiltze eredua berrikusi egin behar da, baina ez zalantzan jartzeko, baizik eta sakonagoa izateko, eta espazio informalak ere integratu beharko lituzke», aurreratu du. Alde horretatik, «harrera prozesuen bidez» familia etorri berriei euskalduntzean laguntzen ere ari dira. Baina argi utzi dute bakarrik ezin dutela: «Honek guztiak hezkuntzaz haragoko estrategia bat eskatzen du». Gainerakoan haur eta nerabeek, eskolatik atera orduko, usuegi ikusten dituzte han ikasitakoaren eta kalean gertatzen denaren «kontraesanak», gordin-gordin.
«Gure ustez, murgiltze eredua berrikusi egin behar da, baina ez zalantzan jartzeko, baizik eta sakonagoa izateko»
Ikastolen Elkarteko ordezkaria
ZIGOR IBARZABAL
EIGEF Euskadiko Ikasleen Guraso Elkarteen Federazioko lehendakari Victor Petuyak ere erreparatu dio digitalizazioaren gaiari: «Ez dugu nahi gailuak erabiltzerik boladan daudelako, baizik eta argi dagoelako bakoitzaren hezkuntza helburua», azaldu du. Ikasgiltza ikastetxe kooperatibako Aitor Perez de San Roman Fernandez de Larrinoak eta Fernando Aberasturik arreta jarri dute, besteak beste, PISA azterketak egiteko hautatzen den hizkuntzan. «Zer hizkuntzatan egiten den proba hori, horrek badu zeresana», esan dute; ikasleek «ama hizkuntzan» hobeto egiten dutela azaldu dute. Beste hainbat eragilek ere adierazi izan dute aurrez iritzi bera. Urriaren 5ean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarrean PISAri buruz jarduteko, eta, han,ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen zuzendari ohi Eduardo Ubietak esan zuen frogatuta dagoela ikasle batek bere etxeko hizkuntzan hobeto erakusten duela zer jakintza dituen. Era berean, azaldu zuen Jaurlaritzak ikastetxeei iradokitzen diela PISAko azterketak ikasleek beren etxeko hizkuntzan egin ditzatela.
«Ratioak nabarmen hobetu behar dira, eta enpleguak egonkortu»
ELA sindikatuko ordezkaria
MIREN ZUBIZARRETA
Sindikatuen hitza
Sindikatuek ere hartu dute hitza gaurko agerraldian. ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Aritz Villarrek, Steilaseko Haizea Arbidek, CCOOko Julen LLanosek eta UGTko Roberto Casasek hitz egin dute. Denek nabarmendu dute baliabideen garrantzia eta sakoneko aldaketena. Zubizarretak, esaterako, eskola publikoetako langileen behin-behinekotasuna eta inbertsio falta salatu ditu, eta horren ondorioak: «Ratioak nabarmen hobetu behar dira, eta enpleguak egonkortu». Eta hornitu behar dira eskolak bestelako arloetako langileez ere: «Irakasleek trebakuntza etengabea behar dute, baina gaur egun dauden errealitateei aurre egiteko uste dugu beharrezkoa litzatekeela ikastetxeetan profil profesional berriak sortzea ere».
Villarrek murgiltze ereduaren aldeko defentsa ere egin du, eta hor harago egin behar dela esan du: «Hizkuntza proiektuak modu integralean landu beharko lirateke, aisialdia ere barne hartuta; onartezina da, adibidez, ikastetxeek antolatutako jarduerak euskaraz ez eskaintzea». Arbidek sare publikoaren aldeko hautua egiteko eskatu du, eta eskola segregazioaren aldeko jarrera irmoagoa: «Sare duala eta ikasleen banaketa desorekatua aztertu behar ditugu». CCOOk eta UGTk esan dute ikasleek derrigorrezko eskolaratzea bukatzean euskaraz ere B2 maila izatea lortu beharreko helburua dela, baina tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta jardun behar dela erantsi, eta baliabideak eskatu dituzte.
«Uste dugu zentroak komunitatera ireki beharko liratekeela; esaterako, arratsaldean haur eta gazteak joan ahal izateko, eta sozializazio eremu ere izateko»
MAR GAIRAL
Save The Children elkarteko ordezkaria
Save The Children elkarteak txosten bat egin du PISAren emaitzak aztertzeko, gizarte desberdintasunen ondorioei begira, bereziki. Irati Alvarez Llano eta Mar Gairal Garcia solastatu dira agerraldian. «Aisialdiak hezkuntzaren parte izan behar du,: hori aldarrikatu nahi dugu», esan du Gairalek. Eskolak «espazio seguru» izan behar duela aldarrikatu du, eta eskola eredu berri bat irudikatu du: irekiagoa. «Uste dugu zentroak komunitatera ireki beharko liratekeela; esaterako, arratsaldean haur eta gazteak joan ahal izateko, eta sozializazio eremu ere izateko». 0-3 zikloa aintzatesteko eskea ere egin dute. «Lehen urteak erabakigarriak dira umeen garapenean».