Ereduak zituen hutsune eta gabezia guztiak agerian utzi ditu COVID-19aren krisiak, eta aldaketa handi bat eskatzen dute zentro horietan lanean ari direnek. Zahar etxeetako lau langileren testigantzak bildu ditu kazeta honek, eta krisian zein egoera gogorrak bizi izan dituzten azaldu dute erizain batek, Azkoitiko (Gipuzkoa) zentro bateko langile batek, Iruña Okako (Araba) zentro bateko langile batek eta Barakaldoko (Bizkaia) zentro bateko langile batek. Bilboko zahar etxe batean bizi zen eta koronabirusaren eraginez hil zen egoiliar baten alabarekin ere hitz egin du BERRIAk. Osasun sistemak ez duela behar bezala erantzun ondorioztatu du Marije Goikoetxeak, bioetika gaietan aditua denak.
Hain justu, bigarren fasetik aurrera zahar etxeetara bisitak egiteko aukera irekiko duela jakinarazi du gaur Espainiako Gobernuak. Orain diputazioek eta Nafarroako Gobernuak, eta zentro bakoitzak, aztertu eta erabaki beharko dute noiztik aurrera eta nola egiten hasi ahalko diren bisitak zentro horietan. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi dituzte beren arauak, eta bigarren fase honetarako proposatutako aukera berriei ez diete murrizketarik egingo aldi honetan. Hemen dira bigarren fasean aldatuko diren baldintzak eta arauak.
Hezkuntza zentroetan izango dira aldaketa horietako batzuk, ikastetxe batzuk atzera irekitzen hasiko direlako Hegoaldean. Baina egoera nahasia da; zentro askok erabaki dute ez irekitzea, beste batzuk argitzen ari dira nola egin, sindikatuak kritiko agertu dira, eta irekitzeko prest dauden batzuk ere zalantzaz beteta daude; Arabako institutu batzuek, adibidez, atzo oraindik ez zekiten irekitzeko prestatu dituzten planak onartu ote dizkieten.
Artean, eztabaida politikoak bizirik jarraitzen du. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bilera egin du autonomia erkidegoetako presidenteekin. Jakinarazi du alarma egoera, seguru asko, lehenago altxatuko dutela leku batzuetan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak laguntza eskatu dio, hauteskundeak egin ahal izateko, eta Maria Txibite Nafarroako lehendakariak "susperraldi ekonomikoa" sustatzen laguntzeko eskatu dio.
Datuetan izan da eguneko albisteetako bat: 85 egunean aurreneko aldiz, ez da inor hil koronabirusaren eraginez. Martxoaren 10a izan zen heriotzarik erregistratu ez zen azkeneko eguna; harrezkero, etenik gabea izan da heriotzen segida, eta egun batzuetan 60 pertsona baino gehiago hil dira. Maiatzaren 20an bertan, duela lau egun, 11 gaixo hil ziren. Positibo berriek agertzen jarraitzen dute, halere: Hego Euskal Herrian 23 antzeman dituzte azkeneko 24 orduetan, eta hiru pertsona ospitaleratu dituzte.
- EUSKAL HERRIKO DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
- MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
- MUNDUKO DATUAK: Koronabirusaren azken datuak munduan
- EKONOMIA: Shock ekonomikoaren zenbakiak
Honek ere merezi du:
- Pentsaldian. SARS-CoV-2 birusak modu diferentean eragiten dio gaixo bakoitzari, eta horren atzean aldagai genetikoak zer-nolako eragina duen aztertu du Miren Basaras Ibarzabalek, munduan horri buruz egiten ari diren ikerketen berri emanez.
- Hauskor azaldu da.Koronabirusak zahar etxeetan eragin duen kalteari buruzko erreportajearen artikulu nagusia Arantxa Iraolak idatzi du. Zaharren egoitzetako sistemaren gabeziei buruz eta egoiliarrek jasotzen duten osasun artari buruz bildu ditu adituen iritziak.