Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindu bat behin-behinean atzera bota du Frantziako Kasazio Auzitegiak

Santiago Pedraz epaileak Urrutikoetxea Espainiaratzeko eskatu zuen iazko abenduan, 2002tik 2019ra ETAko buruzagi gorenetakoa izan zela leporatuta. Kasazio Auzitegiak ebatzi du ezin dutela bi aldiz akusazio beragatik epaitu.

Josu Urrutikoetxea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Josu Urrutikoetxea, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko uztailaren 17a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Kasazio Auzitegiak arrazoi eman dio Josu Urrutikoetxeari, eta behin-behinean bertan behera utzi du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak joan den abenduan haren kontra eskatu zuen euroagindua. Kasazio Auzitegiak ebatzi du euroagindu horrekin «arriskua» dagoela Frantzian jadanik epaitutako egitate batzuengatik epai dezaten Espainian. Ondorioz, euroagindua ez da indarrean sartuko, eta berriz aztertu beharko dute aurrerago. Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuaren hitzetan, erabaki honek «sosegua» emanen dio Urrutikoetxearen egoerari gutxienez ondoko bospasei hilabeteetarako.

Joan den abenduan erregistratu zuen euroagindua Pedrazek, herriko tabernen auziarekin lotuta egindakoa zabaltzeko eskatuta. Horretan oinarrituta, Urrutikoetxea aurkitu, atxilotu eta preso sartzeko eskatu zion Frantziako Fiskaltzari. Ontzat eman zuen Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zela, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte». Horren frogatzat hartu zituen atxilotu zutenean aurkitutako dokumentuak, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu izana, eta ETAren desegitearen agiria irakurri izana.

Martxo bukaeran aztertu zuten euroagindu eskaera Parisen. Defentsako abokatua eta fiskaltza bat etorri ziren, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari informazio gehigarria eskatzea galdegin. Besteak beste, ezbaian jarri zituzten akusazioaren epeak, eta Urrutikoetxearen osasun egoera aipatu. Baina epaimahaiak ez zuen eskaera onartu, eta ekain hasieran ontzat eman zuen Pedrazen eskaera.

Bi aldiz errugabe

Kasazio Auzitegiak eman duen ebazpenean oroitarazi du epealdi horretako egitateengatik eta aipatutako elementuak kontuan hartuta bi aldiz epaitu dutela Urrutikoetxea azken urteetan Frantziako epaitegietan, eta bi aldiz jo dutela errugabetzat. 2011-2013 aldiari dagokionez, 2021ean eman zuen epaia Parisko Zigor Auzitegiak, eta Parisko Dei Auzitegiak uztail hasieran ebatzi zuen 2002-2005 aldiari buruzkoa. Azken horri helegitea eman diote Urrutikoetxearen abokatuek, erabakia haren aldekoa izanik ere, epai idatzian agertzen diren hainbat baieztapenek etorkizunean kalte egin diezaioketelako

Horrez gain, Kasazio Auzitegiaren ebazpenean nabarmendu dute informazio bakarra dakarrela Pedrazen euroaginduak, hau da, Urrutikoetxea «ETA talde terroristako» buruzagi nagusietako bat izan zela hamazazpi urtez, 2002tik 2019ko maiatzaren 16ra, baina, azaldu dutenez, «ez dute eman egitateen inguruko argibiderik, ez dute zehaztu noiz eta non gertatu ziren, eta ez dute eman gertakarien nondik norako zehatzen berri». Hala, iritzi diote instrukzio ganberari zegokiola informazio gehigarri bat agintzea, eta, beraz, bere egitekoari muzin egin diola eta ez duela erabakia legalki justifikatu.

Ondoko hilabeteetan, beraz, Parisko Dei Auzitegira itzuliko da Urrutikoetxearen kontrako euroagindu eskaera, eta epaimahai berri bat izango da. Haren esku geldituko da Espainiari informazio gehigarria eskatzea, erabakia hartzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA