Azken urteotan, hainbat ebazpen judizialek atzera bota dituzte administrazioek ezarritako hizkuntza eskakizun batzuk; eskakizun horien helburua hauxe da: egiaztatzea hautagaiek behar adinako euskara maila dutela funtzio publikoan jarduteko. Bada, halako sententziak metatzen ari dira, eta hainbat eragile auzi horrek izan ditzakeen konponbideak aztertzen ari dira, euskara pairatzen ari den atzeraldiarekin arduratuta. Azterketa hori egitean, berebiziko garrantzia du Kataluniara eta Galiziara begiratzeak. Izan ere, bai Galizian eta bai Katalunian, hizkuntza koofizialak jakin egin behar dira funtzio publikoan aritzeko. Ez dira lanpostu jakin batzuei epe jakin batzuen barruan ezarritako eskakizunak: eskakizun orokorrak dira. Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategiak antolatutako udako eskolan hizkuntza politikaren inguruko jardunaldiak egin dituzte asteon; Bilbon izan da gaur lehen saioa, eta gai hori landu dute, hain justu.
Eva Pons etorri da Kataluniatik: Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da, Zuzenbidean doktorea, erreferentea hizkuntza gutxituek jasotzen duten trataera juridikoaren gaineko ikerketetan. Alba Nogueira ere Zuzenbidean doktorea da, eta aditua bera ere hizkuntza gutxituen arloan; Galiziatik etorri da. Katalana eta galegoa administrazioan jarduteko ezinbestekotzat dituzten bi administrazio eredu aurkeztu dituzte biek.
Katalunian ikasketak egindakoek berez jasotzen dute katalanezko oinarrizko egiaztagiria. Nolanahi ere, lanpostu bakoitzerako eskatutako maila ez duten hautagaiek «beren-beregi» egin behar izaten dituzte katalanaren ezagutza egiaztatzeko azterketak, funtzio publikorako lan deialdietan. Dekretu bidez ezartzen da zer katalan maila eduki behar den lanpostu bakoitzean. «Salbuespenezko» kasuetan maila apalagoak eska ditzakete udalek-eta, baina, oro har, «justifikatu» egin behar izaten dute horren zergatia. Han ez dute ereduaren kontrako oldarraldirik izan. Pons: «Ez da izan eredu judizializatu bat, kontsentsu zabal bat dago honen inguruan».
«Ez da izan eredu judizializatu bat, kontsentsu bat dago honen inguruan»
EVA PONS Zuzenbidean doktorea
Nogueirak salatu du PPk Xuntan agintean daramatzan urteetan, oro har, «atzerakada» izan dela hizkuntzaren sustapenean. Datu soziolinguistiko gero eta artegagarriagoak horren erakusgarri dira. Administrazio publikoan jarduteko gaztelania eta galegoa jakin behar dira. Baina izan dira atzerapausoak bidean. Adibidez, hizkuntzaren ezagutza «teknikoagoa» egiaztatzeko hautaprobak lehenesten hasteko ahaleginak egin ziren orain dela urte batzuk, baina zapuztu egin ditu Xuntak. Lan deialdietan parte hartzen dutenen «berdintasuna» ziurtatu egin behar dela argudiatu zuen, haiek ezin direla «baztertu». Argudio errotua da eremu askotan, euskararen hizkuntza eskakizunen kontrako epaietan ere usu erabilitakoa.
Atzerapausoak izan diren arren, Galizian ere, oro har, ez da oldarkortasunik izan ereduaren kontra. Hizkuntzaren atzeraldi betean, mantendu beharreko irizpidea iruditzen zaio Nogueirari. «Sarbiderako eskakizuna arina bada ere, onartuta dago hori horrela dela, eta hizkuntza eskubideak herritarren aldean daudela, ez funtzionarioen partean».
«Onartuta dago hori horrela dela: hizkuntza eskubideak herritarren aldean daudela, ez funtzionarioen partean»
ALBA NOGUEIRA Zuzenbidean doktorea
Nola geratu oldarraldia
Lege erreformak proposatu izan dira aurrerantzean ere euskarak tokia izan dezan funtzio publikoan. Eusko Legebiltzarrean erregistratuta daude horietako bi: EAJk aurkeztua da bat, eta EH Bilduk aurkeztua bestea. Euskalgintzaren abaroan Iñigo Urrutia legelariak landutako proposamen bat ere mahai gainean dago. Hau dago jasota proposamen horretan: gaztelaniaren gisa, euskara ere funtzio publikoan aritzeko hizkuntzetako bat izatea, katalanarekin eta galegoarekin egin ohi duten moduan.
«Egungo oinarriak erabat pitzatuta daude. Hizkuntza eskakizunen sistema kolapsatuta dago»
IÑIGO URRUTIA Zuzenbidean doktorea
Hitza hartu du gaur Urrutiak. Gogora ekarri ditu mahai gainean jarritako proposamenaren funtsa eta behar gorria: «Egungo oinarriak erabat pitzatuta daude. Hizkuntza eskakizunen sistema kolapsatuta dago. Ez du balio». Azaldu duenez, ez da Kataluniako eta Galiziako ereduen kontrako jurisprudentziarik, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere ez ditu auzitan jarri.
EH Bilduk ekainaren 10ean aurkeztu zuen bere proposamena: Urrutiak irudikatutako ereduaren ildoan, euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea da erreforma horren muina. Gaurko saioan hitza hartu du EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak, eta planteamendu horren nondik norako nagusiak zein diren esplikatu du. Galiziako eta Kataluniako ereduak aintzat hartuta, bi hizkuntzak «berdintasunez tratatzea» dute helburu.
Ekainaren 20an aurkeztu zuen EAJk bere proposamena: euskara eskakizunen derrigortasun indizea ezabatzea da haren xedea.