Palestinaren aldeko elkartasunak ez du etenik. Urtebete igaro da NBE Nazio Batuen Erakundeak Palestinako okupazioa amaitzeko ebazpena onartu zuenetik, eta Gazarako Mugimendu Globalak eta Global Sumud Flotillak urteurrena baliatzea erabaki dute, mundu osoko kaleak hartzeko. Bat egin du Euskal Herriak: Palestinaren Aldeko Borroka Eguna izango da gaur, eta Hego Euskal Herriko hiru hiriburutan mobilizazioak egingo dituzte: Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.
Gelditu dezagun genozidioa! Apur dezagun Gazako Blokeoa, defendatu dezagun Global Sumud Flotilla! lelopean egingo dituzte protestak. Gazara bidean doan flotillari elkartasuna adieraztea izango dute helburu, eta Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua «konplizeak» direla salatzea. Hain justu, 13:00etan giza kate zaratatsua egin dute Eusko Legebiltzarraren inguruan, politika orokorrari buruzko osoko bilkura baitago gaur. Arratsaldean ere mobilizatuko dira Arabako hiriburuan: 19:00etan Bilbo plazatik abiatuko dira.
Ordu berean egingo dituzte protestak beste bi hiriburuetan. Iruñean kontzentrazioa egingo dute Nafarroako Jauregiaren aurrean. Bilbon, berriz, manifestazioa egingo dute Jesusen Bihotza plazatik Plaza Eliptikora.
Unibertsitateak ere protestarako eremu izan dira berriro ere. Ikasle Abertzaleek deituta, mobilizazioak egin dituzte EHUko hiru campusetan eta NUPen.
Ikasleen eginbeharra
«Palestinar erresistentziaren eta palestinarren defendatzeko eskubidearen alde» mobilizatu dira ikasleak. Gaurko mobilizazioan berretsi egin dute aurreko deialdietan egin duten ohartarazpen bat: Israelek Global Sumud Flotilla blokeatzen badu, unibertsitateak hartuko dituzte. Egoera «onartezina» dela eta mobilizatzea ezinbestekoa dela uste dute. Euskal Herriko ikasleen mugimenduak bi ekarpen «xume baina ezinbesteko» egin ditzake: alde batetik, Palestinako erresistentziaren alde borroka egitea, «diskurtso hutsal eta oportunistei» aurre eginez; bestetik, genozidioaren konplizeak seinalatzea eta haiei presioa egitea, Israelekin dituzten harremanak eteteko.
Ikasle Abertzaleen arabera, ikasleen bi urteko presioaren ondorioa dira EHUk hartutako erabakiak Israelekin dituen harremanak eteteko. Hain justu, EHUk atzo jakinarazi zuen uko egin diela 247 milioi euroko ikerketa proiektuei, Israelekin lankidetza saihesteko. Ikasleen iritziz, baina, Euskal Herriko unibertsitateek oraindik harremanak dituzte Israelekin, eta hori salatzen jarraituko dute, «CAF, Sener, ITP Aero, Aernnova… enpresekin dituzten akordioak apurtu arte».
«Hau hasi besterik ez da egin», esan zieten mobilizazioetan parte hartu zuten ikasleei. Palestinaren alde borroka egiteko prest daude eta mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko eskatu zieten ikasleei.
CAF tren ekoizleari hainbatetan leporatu diote «genozidioaren konplize» izatea. Izan ere, joan den astean Saioa Alkaizak uko egin zion Igartza sariari, «Palestinako genozidioan CAFek duen inplikazioagatik». Oraingoan, AI Amnesty Internationalek presio egin dio enpresari, Jerusalemgo tren proiektua bertan behera utz dezan exijitu dio, «berehala». Ez da lehenengo aldia: ekainean gauza bera exijitu zuen taldeko ordezkari batek, enpresak Beasainen (Gipuzkoa) egindako akziodunen batzarrean.
AIren arabera, 2019tik CAFek «funtsezko zeregina izan du tren arinaren hedapenean»: «Tren arinak legez kanpoko kokalekuak eta okupazioa sendotzen laguntzen du». Horiek horrela, enpresari leporatu diote ezin duela «beste alde batera begiratzen jarraitu» eta «nazioarteko gomendioak ez bete».
Bitartean, Global Sumud Flotillak bere bideari jarraitzen dio. Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu eta laguntza humanitarioa eramateko, hilaren hasieran Bartzelonatik abiatu ziren lehenengo ontziak. Bidean batu dira Tunisiatik ateratako ontzi batzuk, eta gaur dira Italiakoekin batzekoak. Aurrez Askatasunaren Flotillak egin bezala, gutxienez 44 herrialdetako ordezkariek itsasoz blokeoa hautsi, eta laguntza eraman nahi dute zerrendara.