Latxa 3 erabiltzeko moduan egoteak poztu zaitu. Baai.eus sortzeak ere bai. Anthropicen burtsaratze prozesuko datuek zorabiatu zaituzte. Eta Jensen Huang Nvidiako buruzagiaren dimisioa eragin duen egolatria, espioitza eta geopolitika istorioa krispetak janez ikusi duzu (krispetak bukatu eta gero, kontseilari ordezkari izendatu dute).
Adimen artifizialaren garapenaren ertz ezberdinak dira. Batzuk, Euskal Herrian eta euskaraz sortuak, adimen artifizialean burujabetza izateko ahaleginak; besteak, adimen artifizialaren garapena kontrolatzen duten esku gutxi horien gorabeherak, AEBen eta Txinaren arteko lehia tartean.
Eta mundua eta adimen artifiziala ikuspegi murritz eta murriztaile horrekin begiratzen ari zarela, zaplaztekoa. Adimen artifiziala eta Gazako genozidioa. Israel nola baliatzen ari den adimen artifiziala palestinarrak, haien bizimodua eta etorkizuna suntsitzeko. Beste behin, Israel Palestinan egiten ari denak gainerako guztia erlatibizatzen eta txiki uzten du. Baita adimen artifizialaren eremuan ere.
Ezagunak dira ChatGPT, Gemini, Claude... Ez hainbeste Israelen Lavender, Gospel eta Where is Daddy? (Non dago aitatxo?). Lehenengoak puntu bat eta ehun puntu artean ematen dizkie palestinarrei, Hamaseko edo PIJ Palestinako Jihad Islamikoko ekintzaile izateko duten probabilitatea neurtzeko, urteetako zaintza lanetan pilatutako palestinarren datuetan oinarrituta —GPSak, telefono deiak, sare sozialak...—; bigarrenak Hamasen edo PIJen eraikinak edo azpiegiturak identifikatzen ditu; eta hirugarrenak israeldarrei abisua ematen die jarraitzen edo zelatatzen ari diren palestinar bat etxera iritsi dela, haren etxea bonbardatu ahal izateko. Bizitegi guneak gauez bonbardatzen dituzte batez ere.
Adimen artifiziala egiazkotzat eta autoritatetzat hartzen da beste behin, nola txatbotari zerbait galdetu eta erantzuna ematen duenean, hala nork hil behar duen zehazten duenean
Adimen artifizialak esaten die nor den helburu. Gizakiak sortutako adimen artifizialak. Gero, armadako soldaduek erabakitzen dute palestinar horiek hil edo ez. Israelgo zerbitzu sekretuetako iturri batek +972 eta Local Call komunikabideei esan zien soldaduek «hogei segundo» inguru bakarrik pasatzen zituztela adimen artifizialak proposatutako helburu militarra egiaztatzen. Bonbardatu eta gero, soldaduak, gainera, pentsatuko du helburu militar horren hilketa —eta haren senideena— ez dela bere erantzukizuna, aplikazioak, sistemak, adimen artifizialak zehaztu baitu helburu militarra. Adimen artifiziala: datuak eta datuak elkarrekin lotzeko modu bat. Estatistika. Adimen artifiziala egiazkotzat eta autoritatetzat hartzen da beste behin, nola txatbotari zerbait galdetu eta erantzuna ematen duenean, hala nork hil behar duen zehazten duenean.
Israel adimen artifiziala erabiltzen ari da Gazan genozidioa egiteko. Beste batzuk adimen artifiziala erabiltzen ari dira Israelen gehiegikeriak ikertzeko eta zerrendatzeko. Goldsmiths Londresko Unibertsitateko Forensic Architecture ikerketa taldea, esaterako. Zenbait boluntarioren laguntzaz, adimen artifizialean oinarritutako tresna bat sortu zuen, satelite bidezko irudietan palestinarren kanpin dendak identifikatzeko. Israelek milaka gazatarren etxeak suntsitu ditu, eta kalean bizitzera eta lo egitera behartu, kanpin denda baten, plastiko baten azpian. Julia Nueno Guitart, Forensic Architectureko ikertzailea, Donostian izan zen duela bi aste. Zehaztu zuen haiek aztertzen dituzten satelite bidezko irudietan pixel batek hiru metro koadro erakusten dituela, kanpin denda bat, gutxi gorabehera. Sistemak puntu zuri horiek identifikatzen eta zenbatzen ditu. Egunotako uholdeen ondorioz, etxerik gabeko gazatar askok plastikozko sabaiak ere galdu dituzte. Zerutik begiratuta, jada ez dira pixel bat ere.