Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek «garai ilun eta zailez» ohartarazi zuen iaz, politika orokorreko bere estreinako osoko bilkuran. Eta esan zuen Gernikako Estatutua osatu eta hura eguneratu behar zela horri aurre egiteko. Hori esan eta urtebetera, lehendakariak ziurtatu du «modu positiboan» egin dela aurrera, hala eskumenen transferentziari, nola itun politiko berri bat adosteari dagokionez. Baina azken ahalegina falta dela eta, «aurrerapauso bat» emateko eskatu die alderdi politiko eta eragile guztiei. Ez du eperik jarri, ordea, eta ardura gainetik kendu du beste behin, prozesu horren buru izateko oposizioak egindako eskaerei muzin eginda.
Urte politikoari hasiera emateko eztabaidan, autogobernua izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako hitzaldiaren zutabeetako bat. Hala izan da azken urteotan ere, baina aurten bereziki ikusmina zegoen Pradalesek zer esango ote zuen, estatus berri bat lortzeko EAJ, EH Bildu eta PSE-EE egiten ari diren negoziazioa azken txanpan sartzen ari delako albisteak kaleratu baitira azken egunetan. Bada, lehendakariak ez du prozesu horri buruzko xehetasunik eman, baina adierazi du «babes nahikoa» badagoela itun berri baterako.
Eta esan du bere esku dagoen guztia egingo duela horretarako, baina, joan den urtean bezala, alderdien esku utzi du ardura hori. Izan ere, nabarmendu du ardura ez dela soilik berea, «herriarena» baizik, eta, beraz, helburua lortzeko «eginkizuna eta betebeharra» ere denena dela azpimarratu du. Hala ere, itun horretan jaso beharreko «gutxieneko» edukiak zehaztu ditu Pradalesek. Hauek dira: nazio aitortza, aldebikotasuna, bermeen sendotzea, Europako eta nazioarteko foroetako parte hartzea, eta «Euskadiren etorkizun politikoa erabakitzeko mekanismoak».
Karpeta berri bat zabaldu aurretik, ordea, ezinbestekotzat jo du aurrekoa ixtea, hots, Gernikako Estatutua osatzea. Espainiako Gobernuarekiko harremanak tenkatuta badaude ere, Pedro Sanchezi aitortza txiki bat egin dio, esan baitu harekin eskumenen transferentzia «bizkortu» egin dela. Orotara hamabi eskumen lortu direla zehaztu du. «Baina ez da nahikoa», ohartarazi du jarraian. Gogorarazi baitu eskumen garrantzitsuak falta direla —Gizarte Segurantzarena eta portuena, tartean—, eta bozak gertu egonda ere ez diola «koma bakar bati» ere uko egingo.
«Nekez eutsiko zaio konfiantzari adostutakoa betetzen ez bada etorkizunean», esan dio Sanchezi, eta erantsi ona litzatekeela Espainiako legealdia elkarri eskua emanda amaitzea, hitzartutakoa bete duen seinale izango delako. Hori bai, etxeko lanak azkar egiteko premia ere agertu dio, balitekeelako «ikuspegi antidemokratikoa» duen gobernu bat Moncloara iristea, PP eta Voxena, eta orain arte lortutakoa bertan behera uzteko arriskua dagoelako.
«Mugitzeko garaia»
Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak bat egin du Pradalesen diagnostikoarekin, baina ohartarazi du jokaleku hori «inoiz baino gertuago» dagoen arren ezin dela egintzat eman. Horregatik, ekiteko garaia dela esan dio Pradalesi, lidergoa hartu eta «mugitzeko garaia» dela, eskuin muturra herritarren ezinegonetik elikatzen delako. Eta gogorarazi dio herritarren arazoei erantzuteko tresna ezinbestekoa dela autogobernua.
Izan ere, Otxandianoren hitzetan, estatutuak ez du zertan EAEren eta Espainiaren arteko harremanaren nolakotasuna soilik zehaztu. Eta hura babesteak ere ez du zertan esan nahi izan denek Euskal Herriaren historiaren ikuspegi bera dutenik. «Etorkizunari buruzko akordio bat ere izan daiteke, zer komunitate eta zer gaitasun izan nahi ditugun zehaztuko duena». Horregatik, EH Bilduk «subiranotasun gorena» defendatzen badu ere, bestela pentsatzen dutenekin partekatu daitekeen tresna bat izan daitekeela nabarmendu du Otxandianok. Eta, beraz, jeltzaleei eta sozialistei negoziazioak amaitu eta akordioa egiteko garaia dela esan die: «Bukatu dezagun jada duela denbora gehiegi hasitako prozesu hau».
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ez dio zuzenean erantzun EH Bilduren proposamenari, baina adierazi dio analisi hori sozialistek jada duela ia bost hamarkada egiten zutela. Estatutu berriari buruz, adierazi du sozialistek ez dutela «identitateen estatutu bat» onartuko; aitzitik, nabarmendu du herritarren eskubideak «blindatuko» dituen autogobernu bat babestuko dutela: «Eta argi esango dut: konstituzionala izango da, edo ez da izango. Inklusiboa izango da, edo ez da izango. Ezberdinen arteko akordioaren ondorio izango da, edo ez da herri proiektu bat izango».
Pradalesi lidergoa hartzeko Otxandianok egindako eskaerari ere erantzun dio Anduezak, oroitaraziz negoziatzea eta akordioa erdiestea alderdien ardura dela, eta lehendakariari ez dagokiola prozesuan parte hartzea. Ildo beretik erantzun dio Pradalesek berak ere. Hala ere, aurreratu du lidergoa hartzea egokitzen zaionean ez diola ardurari uko egingo: «Ez dut bustitzeko beldurrik; ez naiz ezkutatuko».