Txibite: «Zarata politikoaz gain, hemen ez dago ustelkeriarik, ez dago delitu zantzurik»

Nafarroako Gobernuko lehendakariak azpimarratu du ikerketa batzordean ez dela egiaztatu Belateko tunelen adjudikazioan «esku hartze politikorik» egon zenik. Txibiteren agerraldia izan da Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeko azkena.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, gaur. JESUS DIGES / EFE
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, gaur. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko maiatzaren 13a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemen gaur elefante zuri bat dago. Handia eta deserosoa da, mundu guztiak ikusten du, baina ez du aitortu nahi». Nafarroako Parlamentuan egindako itaunketan, UPNko Javier Esparzak Maria Txibiterekin lotu nahi izan du Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia; baina Nafarroako Gobernuko lehendakariak lotura horri ihes egin dio. Azpimarratu du ikerketa batzordetik iragan diren 40 kideek ez dutela irregulartasunik atzeman Belateko tunelen adjudikazioan. «Zarata politikoaz gain, hemen ez dago ustelkeriarik, ez dago delitu zantzurik».

Azken bi saioetan aurreko bi lehendakariak iragan dira —Yolanda Barcina eta Uxue Barkos—, eta Txibiteren gaurko parte hartzearekin eman zaie amaiera ikerketa batzordeko agerraldiei. Hortik aurrera, batzordeko taldeek euren ondorioak aterako dituzte, eta ekaineko azken osoko bilkuran bozkatuko dira. 

Behin lanak amaituta, EH Bilduko Adolfo Araizek ikerketa batzordearen inguruko balorazio politikoa eskatu dio Txibiteri: «Hau batzorde politiko bat da. Zarata politiko handia sortu da, eta nahiko nuke hau dena epaile batek ikertuko balu. Epaile batek argitu beharko luke hemen deliturik egin den. Ez dut beldurrik», erantzun dio Nafarroako Gobernuko lehendakariak.

Ikerketa batzordearen helburua izan da Nafarroako Gobernuak azken hiru legealdietan Accionari eta Servinabarri adjudikatutako sei kontratu publikoak ikertzea, baina gaur Belateko tunelen esleipenak bereganatu du protagonismo guztia. Nahiz eta auziari buruz Txibitek bost aldiz hitz egin duen legebiltzarrean, ikerketa batzordeetan baldintzak errotik aldatzen dira: talde bakoitzak ordubeteko epemuga du itauntzeko, eta galdekatuak egia esateko betebeharra du.

Tentsiorik handiena UPNrekin sortu da. Esparzak adierazi du ez dela sinesgarria Txibitek 2023an ez jakin izana ezer Belateko adjudikazio prozesuaren arazoez, eta «giltzarritzat» jo du judizialki argitzea nork erabaki zuen esleipenarekin aurrera jarraitzea: «Beste zerbait egin zenezaketen, baina Santos Cerdanen enpresa elkartearen alde aritu zineten. Inork ez du sinesten espediente honekin aurrera segitzea beste motibazio politikorik ez badago. Ez dakit zer esango zenuketen hori guk egin izan bagenu».

'Probatio diabolica'

Ikerketa batzorde osoan UPNk zabaldutako susmo horren hodeia uxatu du Txibitek. «Ziurtzat hartzen duzu ustelkeria egon dela, baina hori frogatu ezin den frogaren pareko zerbait da [probatio diabolica delakoa]: errugabetasuna frogatu behar izatea. Ezin dut erantzukizun politikorik hartu egin ez dudan zerbaitegatik». Esparzak PSNri leporatu dio «berriro ere Nafarroa ustelkeriarekin» lotu duela, eta Txibitek aurre egin dio salaketa horri: «Nafarroarentzat drama bat da oposizio honen aukera bakarra izatea administrazioaren izen ona zikintzea etekin politikoa lortzeko asmoz». Hala, Txibitek leporatu dio UPNk berak ez zuela jo fiskaltzara, Guardia Zibilera baizik. Lehenak delitu zantzua egotea eskatzen du, eta Poliziaren aurrean salaketa jarrita ez da derrigorrezkoa frogak aurkeztea.

Hasieratik, Esparzaren asmoa izan da Txibite urduri jartzea, eta haren karrera politikoa Cerdanekin lotzea. Hainbat aldiz katramilatu dira biak galdeketan. Kasurako, Esparzak leporatu dio Cerdanek egin zuela Txibite PSNko idazkari nagusi. «Ez dakizu nolakoak diren nire alderdiaren barne prozedurak. Afiliatuek eta alderdikideek bozkatu zuten nire alde primarioetan», ihardetsi dio lehendakariak. Gero, UPNko eledunak esan dio Cerdan Txibiteren «buruzagia» zela. «Ez, nire buruzagia PSOEko idazkari nagusia da [Pedro Sanchez]». 

«Hau batzorde politiko bat da. Epaile batek argitu beharko luke hemen deliturik egin den. Ez dut beldurrik»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Azkenik, Cerdanek esandakoa balioetsi, eta Esparzak aurpegiratu dio gezurra esan zuela, Iruñeko zentsura mozioa Nafarroatik at negoziatu zela. Txibitek hainbat aldiz ukatu du hori. «Iruñean hitz egin eta erabaki zen», errepikatu du. Nafarroako Gobernuaren 2019ko eta 2023ko osaera ere «Nafarroan» erabaki zela azpimarratu du. «Beste kontu bat da gurearen moduko egitura federaleko alderdi batean Madrili negoziazioaren berri ematea».

Ikerketa batzorde osoan egin bezala, Esparzak aipatu du Cerdanek %45eko partaidetza zuela Servinabarren, Belateko lana adjudikatu zitzaion elkarteko enpresa bazkideetako batean. Txibitek erantzun dio informazio hori ez zela jakin Guardia Zibilak horren berri eman arte, eta juridikoki epaileak argitu beharko duela hori benetakoa ote den: «Partaidetza hori ez da bateragarri diputatu izatearekin, eta Espainiako Kongresuak berak ere ez zekien». Txibitek gaineratu du Belateko adjudikazioa kontratazio mahaiak erabaki zuela eta haiek ez zekitela: «Bi urte beranduagoko informazioarekin epaitzen ari gara gertaerak. Cerdan benetan [Servinabarreko] jabea dela egiaztatzen bada, ezin zen jakin». 

«Ziurtzat hartzen duzu ustelkeria egon dela, baina ezin dut erantzukizun politikorik hartu egin ez dudan zerbaitegatik»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Belateko tunelaren adjudikazio prozesuak bederatzi hilabete inguru iraun zuen —2023ko apiriletik abendura—, eta Txibitek berretsi du ez zuela jakin bertan sortu ziren arazoen eta eztabaiden berri. «Ez naiz kontratazio mahaiko kidea, eta kontratu publikoen legeak behartu egiten nau ezer ez jakitera. Errespetatu egiten dut prozedura administratiboa, eta hemendik igaro diren mahaiko kideek egiaztatu dute ez zela esku hartze politikorik egon». Haren esanetan, mahaiko kideen artean gertatu ziren eztabaidak «desadostasun teknikoak eta juridikoak» izan ziren.

UPNk egindako salaketei erantzunez, Txibitek argi utzi du prozeduran «barne kontrolak» daudela eta adjudikazioarekin aurrera jarraitu zela Kontu Hartzaile Nagusiak espedientea ez zuelako eten: «Gobernuak jaramon egin dio, bai arrazoi ematen dionean, bai eta belarritik tira egiten dionean. Eta hala egin dugu». Gero, gogora ekarri du gobernuak kontratuen gaineko azterketa eskatu ziela Kontuen Ganberari, Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako Bulegoari eta kanpoko ikuskaritza taldeari. Haiek ere ez zuten egiaztatu irregulartasunik. Txibite nabarmen haserretu da Esparzak ikerketa horiei «txostentxo» deitu dielako. 

Ikusmina piztu du Txibiteren agerraldiak. JESUS DIGES / EFE
Ikusmina piztu du Txibiteren agerraldiak. JESUS DIGES / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA