2025eko sei ikus-entzunezko, urtea errepasatzeko

Hiru dokumental —Txiki eta Otaegiri buruzkoa, Boiseko Jaialdiari buruzkoa, eta Rosa Zarrari buruzkoa—, bi elkarrizketa —Pello Rubiori eta Benito Lertxundiri egindakoak— eta 'Pizkundea' ekitaldiaren emankizuna nabarmendu dira BERRIAren ikus-entzunezkoetan.

2025eko bideoak. BERRIA
BERRIA
mikel p ansa
2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025ean ekoitzitako sei bideo berezi aukeratu ditu BERRIAk, ikus-entzunezkoen lantaldeak aurten egin dituen lanik berezienak, urtea agurtu aurretik berrikusteko. Izan ere, garaian garaiko aktualitateari erantzuteko eta gakoak ikus-entzunezkoen bidez emateko ahalegina egiten du BERRIAko ikus-entzunezkoen taldeak, baina, horretaz gain, ikus-entzunezko produkzio landuago batzuk ere ekoizten ditu urtero. Hiru dokumental labur, bi elkarrizketa, eta ekitaldi bat, Kontseiluaren Pizkundea-rena, nabarmendu dira aurtengo bideo eskaintzan.


Bidaia bat 50 urte atzera, aurrera egiteko

 

Duela 50 urte fusilatu zituzten Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot Txiki. Irailaren 27an bete zen urteurren borobila, eta ez da ika-mikarik falta izan haren bueltan, Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) olana bat kendu zuelako, erakusketa baterako lokala utzi ez zutelako, Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok esan zuelako ETAko bi kide haiek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zituztela... Urteurrenak eztabaida politikoa baldintzatu zuen udazken hasieran. Gero, abenduan, Espainiako Gobernuak biktimatzat aitortu zituen biak, frankismoaren azken fusilatuak.

Polemika horiek guztiak piztu eta aitortza eman aurretik, 2025eko abuztuan, BERRIAren lantaldea Kataluniara eta Burgosera (Espainia) joan zen bi fusilatuen senideekin: Otaegi eta Txiki fusilatu zituzten lekuak bisitatu zituzten atzera, orduko kontuak berritu, eta horrela ondu zuen Bidaia bat 50 urte atzera, aurrera egiteko dokumentala.


Jaialdiaren sustraietan

 

Boiseko Jaialdia egin dute aurten, bost urtean behin ohi denez, eta Nagore Arin kazetaria han izan da udan. AEBetan euskal sustraiak zertan diren arakatu, eta Jaialdiaren ertz guztiak erakutsi ditu Jaialdiaren sustraiak dokumental laburrean. Rikardo Arregi kazetaritza sarietan finalista izan zen dokumental hori.


Pello Rubioren elkarrizketa

 

Txillarreko sukaldaria liburua aurkeztu zuten urrian. 2005-2006ko bake negoziazioak hartu zituen Elgoibarko (Gipuzkoa) baserri horrek, eta haren jabe Pello Rubio elkarrizketatu zuten Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek, liburua ontzeko. BERRIAk urrian bertan elkarrizketatu zuen Pello Rubio, eta elkarrizketa hori laburtu zuen bideo honetan.


Rosa Zarraren heriotzaren egia

 

Rosa Zarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, Donostia ospitalean. Zortzi egun lehenago, Ertzaintzak gomazko pilota bat bota zion gertutik, Amara Berrin (Donostia), eta pilotakadak eragindako zaurien ondorioz hil zen. 30 urte geroago, Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak onartu zuen hala gertatu zela, aurreneko aldiz egia administratiboa ezarrita, ordura arte agintariek ukatu egiten baitzuten Zarra Poliziaren jardunaren ondorioz hil zela.

BERRIAk esklusiban eman zuen albiste hori, eta familiarekin elkartu zen, berriaren nondik norakoez aritzeko. Kasua azaltzeko eta familiaren erreakzioa erakusteko ondu zuen dokumental labur hau. Azaroan, Zarra omentzeko ekitaldi bat egin zuten Donostian, eta Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak berretsi zuten biktima gisa aitortzen zutela Zarra.


Benito Lertxundiren elkarrizketa

 

Benito Lertxundi musikariak 2024ko azaroaren 27an iragarri zuen musika utziko zuela. Durangoko Azokaren atarian heldu zen berria, azokan omenaldia egin zioten, eta, geroztik, han eta hemen ere omendu dute Lertxundi. BERRIAk 2025eko urtarrilean elkarrizketatu zuen, hirurogei urtean egin duen ibilbidea luze eta zabal errepasatzeko, eta bideo honetan laburtuta daude elkarrizketa haren gakoak.


'Pizkundea' ekitaldia, osorik

 

Abenduaren 27an, Euskalgintzaren Kontseiluak 6.500 euskaltzale elkartu zituen Bilbo Arenan. Euskaltzaletasuna pizteko eta euskara berreskuratzeko lan egitera deitu zuten ekitaldi horretan. Kontseiluak berak ekoitzi eta grabatu zuen ekitaldia, eta BERRIAk esklusiban eman du bere webgunean, aste honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.