Maduro, epailearen aurrean: «Oraindik ere Venezuelako presidentea naiz»

Venezuelako presidenteak eta haren emazteak errugabeak direla esan dute New Yorken. Hurrengo auzi saioa martxoaren 17an izango da. AEBak Venezuelaren kargu egin direla esan du Trumpek, eta hango baliabide naturalak ustiatzeko «ahalmen osoa» eskatu.

Nicolas Maduro eta Cilia Flores helikopterotik jaitsi berri, epaitegi federalera bidean. EFE
Nicolas Maduro eta Cilia Flores helikopterotik jaitsi berri, epaitegi federalera bidean. EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Julen Otaegi Leonet
2026ko urtarrilaren 5a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orkatiletan eskuburdinak zituela heldu da Nicolas Maduro Venezuelako presidentea New Yorkeko Manhattan auzoko epaitegi federal batera. Alvis K. Hellerstein epaile federalak eskatu dio baieztatzeko nor den, eta hark erantzun dio Maduro dela, Venezuelako presidentea; geroago ere esan du: «Oraindik ere nire herrialdeko presidentea naiz». Cilia Flores haren emaztea ere epaitegian izan da: «Venezuelako Errepublikako lehen dama naiz».

Larunbatean Venezuelari bonbaz eraso egin ostean, Caracasen preso hartu zituzten AEBek, nazioarteko legedia hautsita; gero, New Yorkeko segurtasun handiko espetxe batera eraman zituzten, narkotrafikoa eta ustelkeria leporatuta. «Gerra presotzat daukat neure burua. Caracasko nire etxean harrapatu ninduten, Venezuelan», adierazi du Madurok. Epaileak moztu egin dio, eta adierazi izango duela horrelakoak esateko «une eta leku» hoberik.

Donald Trumpek larunbatean bertan garbi utzi zuen Maduroren eta Floresen auzipetzea Venezuelan esku hartzeko formalitate bat izan dela. Madurori narkotrafiko sare baten buru izatea leporatzen diote; delitu hauek egozten dizkiote, hain zuzen ere: narkoterrorismorako konspirazioa, AEBetan kokaina inportatzeko konspirazioa, metrailadoreak eta suntsitzeko gailuak izatea, horiekin jarduera kriminalak babestea eta AEBek kriminaltzat jo dituen erakundeekin kolaboratzea. Floresi, berriz, leporatzen diote erakunde kriminal horiei bitartekoak emateko eta halakoak diruz laguntzeko operazioak babestea, AEBetako hedabideek iturri judizialak aipatuz jaso dutenaren arabera.

Hellersteinek kargu horiek irakurri dizkie auzipetuei. «Errugabea naiz, ez erruduna. Gizon zintzoa naiz», erantzun du Madurok. «Errugabea naiz, errugabea guztiz», erantzun du Floresek. Barry Pollack Maduroren abokatuak esan du presidenteak, «oraintxe bertan», ez duela fidantzarik nahi; gainera, iradoki du atxiloketaren kontra egingo dutela, argudiatuta Madurok immunitatea duela herrialde bateko estatuburua denez gero. Oraingoz, Floresek ere ez du nahi aske geratzeko fidantzarik, Mark Donnelly abokatuaren arabera.

Epaileak esan die eskubidea dutela Venezuelak AEBetan duen kontsularekin hitz egiteko, eta baliatu nahi dutela erantzun diote biek. Pollackek gogoratu du «zaintza beharko duten osasun arazoak» dituela Madurok; Donnellyk, berriz, esan du Floresek «zauri nabarmenak» dituela, preso hartu zutenean egindakoak. Hurrengo auzi saioa martxoaren 17an egingo dute. 

Madurori 2020ko martxoan leporatu zizkioten droga delituak Manhattanen, DEA drogen aurkako agentziak egindako ikerketa batean oinarrituta. Joan den larunbatean fiskaltzak akusazio hori handitu, eta auzitegiak plazaratu egin zuen. Horren arabera, Madurok Venezuelako estatua erabili du bi hamarkadaz AEBetan kokaina sartzeko eta herrialde horren aurkako «arma gisa» baliatzeko. Maduroz eta Floresez gain, Ernesto Maduro bi horien semea, Grysell Torres semearen emaztea, Diosdado Cabello Venezuelako Barne ministroa, Ramon Rodriguez Barne ministro ohia eta Hector Rusthenford Araguako Trena talde kriminaleko burua ere auzipetu dituzte. FARC eta ELN gerrillak ere nahastu dituzte auzian.

Ikusi gehiago

Trumpek, baina, argi utzi du berehala zein den larunbatean egindako operazioaren benetako helburua. Atzo, berriro, Venezuelako baliabide naturalak ustiatzeko asmoa agertu zuen, eta Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteari horretarako ahalmen osoa emateko eskatu dio. AEBek Venezuelako Gobernuarekin orain «lankidetza hobea» izatea espero dute, baina Venezuelako baliabideak ustiatzen utzi ezean, Trumpek mehatxu egin du beste eraso bat egingo duela. The Atlantic astekarian, Rodriguezi zera esan dio, «zuzen» jokatzen ez badu, Maduroren etorkizuna baino txarragoa izango duela. Bide batez, atzo esan zuen ez zaiola gaizki iruditzen Rodriguezek esatea AEBek Maduro «bahitu» egin dutela: «Ez da hitz desegokia».

«Ahalmen osoa behar dugu petrolioa eta beste gauza batzuk ustiatu eta herrialdea berriro eraikitzeko», adierazi zuen, eta Venezuelako azpiegiturak gaizki daudela argudiatu. Larunbatean esan bezala, atzo berriro adierazi zuen chavismoak petrolioa ustiatzeko azpiegiturak lapurtu zizkietela AEBei. Venezuelako egoerari adi-adi egongo dira AEBak, eta administrazio berriak egiten duenaren arabera jokatuko dute; hala ere, Trumpek argi utzi du prest daudela berriro eraso egiteko.

Kolonbia, Kuba eta Mexiko, Trumpen jomugan

Kolonbiari ere egin dio mehatxu Trumpek: «Kolonbia ere oso gaixo dago. Gaixo dagoen gizon batek gobernatzen du, kokaina ekoitzi eta AEBetan saltzea gustuko duen batek. Ez dio luzaro iraungo». Gaineratu zuenez, atsegin du Maduro preso hartzeko agindu zuen operazioaren antzeko beste «misio» bat Kolonbiara bidaltzea. Ez da Gustavo Petro Kolonbiako presidentea mehatxatzen duen lehen aldia; nazioarteko droga trafikoan nahastuta egotea leporatzen dio, eta larunbateko operazioaren ostean egin zuen lehen agerraldi ofizialean «babesteko» esan zion.

Kubaz ere mintzatu zen atzo AEBetako presidentea, hegazkin ofizialean egin zituen adierazpenetan. «Venezuelako petroliorik gabe», Miguel Diaz-Canel presidentea «erori» egingo dela iragarri du, eta gaineratu zuen ez duela uste horretarako «ekintzarik egitea» beharrezkoa izango denik. Kubako ekonomia zapuztuta dagoela esan du: «Ez dakit nola eutsiko dioten. Ez dute diru sarrerarik. Guztia Venezuelatik jasotzen zuten, Venezuelako petroliotik».

Trumpek Karibe eta Mexikoko Golkoa kontrolatu nahi ditu, eta narkotrafikoaren aurka ahul jokatzea leporatu dio Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteari: «Pertsona bikaina da, baina beldur die Mexiko kontrolatzen ari diren kartelei». Ipar Amerikako herrialde horretan ere esku hartzeko asmoa agertu du, eta «zerbait» egin beharra dagoela esan. «Mexikok aurre egitea nahi genuke. Horretarako gai dira, baina, zoritxarrez, kartelak oso indartsuak dira Mexikon». Azaldu zuen AEBetako soldatuak Mexikora bidaltzea eskaini diola Sheinbaumi, baina muzin egin diola, horrek euren subiranotasuna urratuko lukeelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.