Goñitarren leinuko Teodosio gerrara joan zen VIII. mendean mairuen kontra borrokatzera. Gerratik itzuli zenean, Beltzebu agertu zitzaion erromesez mozorrotuta eta kontatu zion Konstantza bere emaztea zerbitzariarekin maite-kontuetan zebilkiola. Beltzebuk esandakoak eragindako suminak itsututa eta laidoa ezin jasanik, etxeratu bezain laster, izarapean ziren bi gorputzak ezpataz sastakatu eta hil egin zituen Teodosiok. Amorru batean utzi zuen atzean etxea, odolez blaitutako maitaleen gorpuei begiratzera ausartu gabe. Kaleratu orduko harri eta zur geratu zen, ordea, Konstantza emaztea elizatik airoski irteten ikusi zuenean: Konstantza eta bere maitalea ez, bere gurasoak hil zituen nahi gabe Teodosiok; jakin gabe Konstantzak etxean egun batzuk pasatzera gonbidatu zituela.
Gidoia: Harkaitz Cano.
Lokuzioa: Intza Alkain.
Sintonia eta soinuteria: Nagore Etxabe Antuxuna.
Informazio gehiago: 100objektu.eus.




