Esan ohi da ez dela etxea teilatutik hastea komeni, baina batzuetan ez dago beste erremediorik. Teilak ematen baitio izena teilatuari, nahiz eta baden, jakina, teilarik gabeko teilaturik, nola baden teilaturik gabeko teilarik. Teilena izan zen, ziurrenik, euskal paisaia berdearen puzzlera gorri zantzuren bat ekarri zuen lehen piezetako bat: Tellagorri izena zuen Pio Barojaren Martin Zalakain abenturazalea eleberriko pertsonaia batek. Beste Martin ezagun bat ere bada, Martin Larralde, garai bateko euskal paisaiaren postal vintage-a hiru erpinekin adierazten diguna: “Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak…” dio Joseba Sarrionandiak idatzi eta Ruper Ordorikak abesten duen klasiko biziak.
Gidoia: Harkaitz Cano.
Lokuzioa: Intza Alkain.
Sintonia eta soinuteria: Nagore Etxabe Antuxuna.
Informazio gehiago: 100objektu.eus.





