BIDAIDE ISILA
Itzuli gara New Yorkera eta, ohi bezala, hantxe eduki dugu gure zain. Ez naiz ari Askatasunaren irudiaz ez, edo txakur, katu edo bestelako etxeko animaliei buruz. Ari naiz gure landareaz. Erosi genuen New Yorkera iritsi bezain laster, zortzigarren urtea izango da aurtengoa, eta geroztik gurekin dago. Ez zen oso handia hartu genuenean, ontzi txiki batean sartzen zen. Gabonetako kaktusa deritzo, negu partean lore zuriak eta gorriak ateratzen zaizkiolako. Ez da landare sofistikatua, ez da orkideak bezain liraina, baina ikusgarri egiten du neguko loratzeak, mundu guztia triste dagoen horretan guri irribarre egiten baitigu lore gorri eta zuriz. Bizirik iraun digun landare bakarra da.
Uda partean bakarrik geratzen da, Euskal Herrira goazen aldiro. Nahikoa ur botatzen diogu badaezpada ere etxetik atera aurretik. Egon daiteke edan gabe hilabete eta erdiz. Edo gehiago. Bi hilabetez kanpoan egon ginen uda batean. Beldur ginen hilik aurkituko genuela gure landarea. Igar igarra aurkitu genuen baina berehala bizitu zen ur pixka batekin. Esker onekoa da, benaz.
Aurten, potoa handitu diogu iritsi garen bezain laster. Umeak nerabe egin diren legez landarea ere zuhaiska bihurtu da. Lur berria erosi eta buztinezko ontzi handiago batean sartu dugu. Ez dakigu onartuko duen bat batean hainbesteko luxua, agian ez zaio komeni bizitza erraza. Espero gaizki ez hartzea.
Ez genuke hura galdu nahi. Ezen gure negua kolorez betetzen baitu, haren lore bizi eta hauskorrekin, gure kaktus zaharrak.