Eskailera noraino igo (egunaren laburpena)

Hego Euskal Herria bigarren fasera pasatuko dela jakin ostean, larunbat honetan argitu dira xehetasunak, etzitik aurrera zer egin ahal izango den, eta zer ez.

Bilbon, ostalariek protesta egin dute, ezarri dizkieten neurrien aurka. MARISOL RAMIREZ / FOKU
mikel p ansa
2020ko maiatzaren 23a
20:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dituzte beren agindu zehatzak eman oraindik, baina Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak jakinarazi dute hamabost lagun edo senide arteko taldeek bildu ahal izango dutela, maiatzaren 25etik aurrera, etxeetan. Ordutegien mugak ere arindu egingo dira; agindu zehatzaren esperoan, badirudi umeek izango dutela ordubete baino gehiagoz kalean ibiltzeko aukera, eta 70 urtez gorakoentzako eta kalteberentzako ordutegiak soilik mantenduko dituztela. Soziedadeak, txokoak eta halakoak berriz irekitzeko aukera emango du Gasteizko gobernuak, baina badirudi Nafarroan ez dela aukerarik izango oraindik. Kultur etxe, antzoki, zinema eta halakoek ere aukera izango dute berriro martxan jartzeko. Jaurlaritzak eta Nafarroak aldizkari ofizialetan agindu zehatzak eman eta hurrengo eskailera noraino igo litekeen argitu bitartean, hauek dira bigarren fasean etor daitezkeen aldaketa batzuk.

Espainiako Gobernuak ere eman ditu xehetasun batzuk: ekainaren 8tik aurrera gizonezkoen futbol liga profesionalak berriro ekin ahal izango dio lehiari, eta atzerriko turisten sartzen utziko diete udan. Oinarrizko errenta unibertsala aurki onartuko dutela ere iragarri du. Hezkuntza lanera itzuliko ote den ez dago horren argi. Polemika eragin du etzitik aurrera ikasgelara itzultzeko aukerak. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du institutuen %20 inguru irekiko dituztela astelehenean. Eta Bizkaiak, berriz, jakinarazi du ekainaren 15ean hasiko duela hondartzetako denboraldia, segurtasun neurriak hartuta.

Egoera hobera egiten ari dela nabarmentzen ari dira administrazio guztiak, baina datuen kudeaketak ez du hobera egiteko itxurarik. Azkeneko hamar egunetan izan dira gorabehera handiak, Eusko Jaurlaritzak aldatu egin duelako datuak emateko modua, eta Espainiako Osasun Ministerioak ematen dituen datuak ez datozelako beti bat Hegoaldeko administrazioek emandako datuekin. Larunbat honetan, 19:00 aldera eguneratu dituzte datuak. Azkeneko 24 orduetan, zortzi gaixo gehiago hil dira, hemezortzi gaixo berri antzeman dituzte (bederatzi Bizkaian, bost Nafarroan eta lau Araban), eta bost pertsona gehiago ospitaleratu dituzte. BERRIAk bere mapa interaktiboak eguneratu ditu, eta orain ikus liteke azkeneko zazpi egunetan zein tokitan agertu diren positibo berriak.

Bestela, Beasainen (Gipuzkoa) sortu da eguneko polemika. Ostiral gauean, tabernak ixtekoak zirela, gazte talde batek Mariren jaitsiera erreplikatu zuten; orain ziren Loinatz jaiak hastekoak, baina bertan behera utzi ditu udalak. Segurtasun tarterik utzi gabe egin zuten, eta eztabaida eragin du. Ekitaldi horretan parte hartu zuen EH Bilduko zinegotzi batek, eta dimisioa eman du. Barkamena eskatu dute, gutun batean, hartan parte hartu zuten gazteek. Eta Ertzaintzak esan du ikertu egingo duela kasua.

Honek ere merezi du:

Lehen arreta, lehen baliabidea. Pandemiaren fase honetan, lehen arretako osasun zerbitzuak dira koronabirus kasu berriak antzemateko, horiei testak egiteko, kontaktuak detektatzeko... funtsezko baliabidea. Errenteriako Iztietako osasun zentroan nola antolatu diren eta nola ari diren lanean azaldu dute bertako hainbat langilek, erreportaje honetan.

Gogoetarako plazak. Pandemia garaian, gogoetarako momentu eta aukera ugari izan dira, eta sortu dira zenbait ekinbide, gogoeta horien bozgorailu gisa. Horietako batzuk bildu ditugu artikulu honetan.

Pentsaldian. Oinarrizko errenta unibertsalaz eta bazterkeria arriskuan daudenentzako laguntzei buruz proposamen bat egin du Joseba Zalakain SIIS ikerketa zentroko zuzendariak, diru sarrerak bermatzeko ereduari buruz orokorrean hitz egin behar dela azalduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.