Polizia oldartu egin zaie Gasteizko etxegabetzea gelditzera hurbildu diren gazteei, eta bi lagun atxilotu dituzte

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Abendaño eta Unamuno ikastetxeetako hezkuntza komunitateek udalaren jarrera kritikatu dute.

Gazteak eta Polizia aurrez aurre gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gazteak eta Polizia aurrez aurre gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain - Isabel Jaurena
Gasteiz
2026ko urriaren 23a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sei adingabez eta bi helduz osaturiko familia bat etxegabetuko dute gaur Gasteizko Santsomendi auzoan. Hala Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nola Abendaño eta Unamuno ikastetxeetako hezkuntza komunitateek —horietan ikasten dute familiako adingabeek— behin eta berriz salatu dute egoera, eta Gasteizko Udalaren jarrera kritikatu dute. 

10:32 - Polizia gehiago

Polizia gehiago iritsi da Oto etorbideko etxera. Gazte anitz sakabanatu dituzte, eta etxearen sarreratik urrunarazi; halere, etxearen atarian, barruan, gazte pila bat dago oraindik.

10:27 - Ertzaintzak inguruak hesitu ditu

Ertzaintzak inguruak zinta batekin hesitu ditu, kanpaldira hurbildu diren gazteei gogor oldartu eta gero. 

10:15 - Bizilagunak

Etxegabetu nahi duten familiaren bizilagunek, elkartasun moduan, ura bota diete poliziei. 

10:14 - Gazteen kontra

Berriz ere oldartu egin da Polizia. Etxearen sarreran dauden gazteak indarrez sakabanatu nahian ari dira udaltzainak eta ertzainak. Tentsio asko dago, gazte asko kendu dituzte atetik, baina ez diete sartzen uzten. 

10:00 - Bi atxilotu

Gasteizko Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, bi lagun atxilotu dituzte; oraindik ez diete zehaztu zer egozten dieten. 

09:55 - Familiak barruan jarraitzen du

Familia balkoian dago, sindikatukoekin batera. Behean ateak blokeatuta jarraitzen du, ehunka gaztek egindako hesiarekin. Udaltzainak eta ertzainak daude hor, zain. 

09:47 - Polizia gogor oldartu da

Iritsi dira komitiba judiziala eta Polizia, etxegabetzea gelditzen saiatzen ari diren gazteak atetik kentzen saiatzen ari dira; Polizia kanpin dendak indarrez kentzen ari da, eta pilotakadak botatzen. Polizia gogor oldartu zaie gazteei. 

Etxegabetu nahi duten familiaren balkoia, gaur. EDURNE BEGIRISTAIN
Etxegabetu nahi duten familiaren balkoia, gaur. EDURNE BEGIRISTAIN
09:30 - Geldialdiak ikastetxeetan

Gaur, berriz, hiriburuko hamabi ikastetxetan eskolak eten dituzte, IAS Ikasleen Antolakunde Sozialistak deituta. Horietatik ehunka ikasle manifestazioan hurbildu dira Oto hiribidera; txalo artean hartu dituzte. 

08:00 - Kanpaldia atzotik

Etxegabetzea eragozten saiatzeko dozenaka lagun daude kanpatuta etxebizitzaren aurrean atzo arratsaldetik. Haizea Moreno Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kideak Gasteizko Udala egin du erantzule, familiari ez diolako alternatibarik eskaini: «Lotsagarria da sei adingabe dituen familia bat kalean uztea». 

Sindikatuak kontatu duenez, familia 2018tik bizi da bertan, baina jabeak erabaki du alokairu kontratua ez berritzea, eta ondorioz, familiako zortzi kideak kalean geratuko dira, udalak ez baitie beste bizitokirik eskaini. Areago: joan den astean agerraldia egin zuten familiako bi kidek eta Morenok, eta bertan adierazi zuten familia ugaria eta migrantea izateak anitz zaildu diela beste bizitoki bat aurkitzea. Udal bulegoekin haserre agertu ziren, familiari zera eskaini diotela eta: logelak alokatzen dituzten jabe partikularren eta apartamentu turistikoen telefono zerrenda bat, familiak bere kabuz deitu dezan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA