Zortzi kideko familia bat etxegabetuko dute bihar Gasteizen; haietako sei adingabeak dira, eta Gasteizko Abendaño eta Unamuno ikastetxeetan ikasten dute. Etxegabetzeak zalaparta handia eragin du Arabako hiriburuan, bi ikastetxe horietako hezkuntza komunitateak familiaren egoera salatzeko mobilizatu baitira. Egoera salatzeko eta etxegabetzea eragozten saiatzeko, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatuta, dozenaka pertsona atarian kanpatu dira. «Gasteizko Oto hiribidera etorri gara biharko ezarrita dagoen etxegabetzeari aurre egitera. Sei adingabe dituen familia bat kalean geldituko da bihar», azaldu du sindikatuko ordezkari batek bideo baten bidez.
Kanpaldian parte hartzeko dei egin dute, eta horrez gain egitarau bat ere antolatuko dutela iragarri dute. 19:00etan kontzertu bat egingo dute, eta txokolate beroa eskainiko dute. Gedar hedabideak azaldu duenez, Ertzaintzako agente asko kanpaldiaren ingurura bertaratu eta ondoko errepide bat itxi dute, baina joan dira jada.
Gaur goizean, egoeraren larritasuna gorabehera, Etxebizitza Sindikatuak agerraldi bat egin du, eta salatu udala ez dela ez familiarekin eta ez sindikatuarekin harremanetan jarri egoerari konponbideren bat aurkitzeko, eta Gasteizko Udala etxegabetzearen «erantzule» dela adierazi dute.
Ikusi gehiago
Hain zuzen ere, Gasteizko Udalaren egoitzaren aurrean elkartu dira gaur Etxebizitza Sindikatuko kideak, biharko etxegabetzea eta erakundearen erantzukizuna salatzeko. Sindikatuaren hitzetan, udalak badu kasuaren berri, baina «PSOE eta EAJ familiak kalean uzten ari dira, inolako aukerarik eman gabe». Hain zuzen ere, PSE-EEren eta EAJren arteko koalizioak osatzen du Gasteizko udal gobernua. Zuzenean Maider Etxebarria alkateari mintzatu zaizkio sindikatukoak, galdetuz zergatik ez diren ari «alternatiba bat ziurtatzen». «Ez bazarete ezer egiten ari, nahi ez duzuelako da hori», leporatu diete udal gobernuko kideei.
Sindikatuaren ustez, udalak baliabide publikoak «mobilizatu» beharko lituzke familiari irtenbide «duin» bat emateko, eta, hala egin ez badu, udalak «borondate politikorik» ez duelako da. Udalaren erantzunik jaso ez dutenez, sindikatuak herritarrei dei egin die bihar 09:30ean Gasteizko Oto hiribideko 28. zenbakira bertaratzeko, bertan izango baita etxegabetzea. Familiaren kaleratzeari «aurre egiteko» asmoa du sindikatuak.
Ostiralean etxegabetuko dutena ez da Gasteizen asteotan kalean geratu den familia bakarra: urriaren 5ean, bi adingabe dituen familia bat etxegabetu zuten Arabako hiriburuan. Alta, etxegabetze horrek ere arestian jazotako beste baten oihartzunak zekartzan, irailaren bukaeran Drissek, Sanaek eta haien bi seme-alaba adingabeek osaturiko familia etxegabetu baitzuten Gasteizko Alde Zaharrean, hamalau urte etxe berean bizi ostean. Familiek eta eragile politikoek salatu dute udalak familia horiei eskaini dien baliabide bakarra logelak alokatzen dituzten enpresen telefono zerrenda bat dela.
BILBON ETXEGABETZE BAT ATZERATZEA LORTU DUTE
AZET etxebizitza sindikatuak jakinarazi duenez, Bilboko San Frantzisko auzoan bihar egitekoa zen etxegabetze bat «judizialki gelditzea» lortu du. Taldeak asteartean azaldu zuenez, egoera zaurgarrian dagoen emakume bat kanporatua izateko arriskuan zegoen. Bizitokiaren jabeak gutxienez beste bederatzi etxe ditu, eta andreari salaketa jarri zion konfinamendu garaian, hilabete batzuetan ordaintzeari utzi ziolako «ezintasun ekonomikoengatik». Ordutik maizterrak hilero errenta pagatu duen arren, etxegabetze aginduak aurrera egin du orain arte.
«Ospatu beharreko garaipen txiki bat da», AZETen arabera, baina garaipen «partziala», halere: «Etxegabetzea behin-behinean etetea lortu dugu, baina datozen hilabeteetan prozesua edonoiz berrabiaraz daiteke».