Natura inguruneetan esku hartzen duten proiektuak aurkezten direnean, ohikoa izaten da kontrako herri mugimenduak sortzea. «Lurraren defentsa» aldarrikatu ohi dute halakoetan, egitasmoen sustatzaileek iragartzen dituzten onuren aurretik. Euskal Herrian badira hainbat adibide, eta horietako hiru jarri ditu elkarrizketan BERRIAren Kinka podcastak, Aroztegia, Urdaibai eta Marienea: lurraren defentsarako mugimenduen hiru adibide izeneko mahai inguruan. Hala, aztergai izan zituzten Baztango Lekarozko (Nafarroa) proiektu turistikoa, luxuzko hotel bat, golf zelai bat eta familia bakarreko 228 etxebizitza eraiki asmo zituena; Urdaibaiko biosferaren erreserban (Bizkaia) Guggenheim Fundazioak bi museo eraikitzeko duen egitasmoa, eta Kanboko Marieneko lurretan (Lapurdi) higiezin enpresa batek altxa nahi dituen etxebizitza blokeak.
Auzi bakoitzaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zen solasaldia, baina baita horien arteko lotura batzuk egiteko parada ere. Hizlariek salatu zutenez, proiektuek eragin nabarmena izango lukete balio handiko natura eremuetan, egitasmoak ez datoz bat herritarren beharrekin, araudiak behartu egin dituzte egitasmoei bide emateko, eta proiektuen kontrako mobilizazioek «errepresioa» jasan dute.
Estudiotik jendaurrera egin zuen jauzi Kinkak, Nagore Arin podcastaren egilea gidari. Hark egin zituen moderatzaile lanak ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, grabatu zuten saioan. Mahai ingurura dozenaka lagun joan ziren, eta Nafarroako Antzerki Eskolaren aretoko goxotasunean aritu ziren; solasaldia entzuteko moduan da orain. Arinekin batera, hiru hizlari izan ziren taula gainean: Eider Gotxi Urdaibai Guggenheim Stop plataformako bozeramailea, Gorka Laurnaga Aroztegiko auzian auzipetua eta Joana Detxart Ostia Sareko kidea.

Aroztegia
Laurnaga izan zen hitza hartzen lehena, Aroztegiko auziaren bilakaeraz mintzatzeko. Hizlaria Baztango beste sei herritarrekin batera epaitu zuten joan den maiatzean, eta auzia sententziaren zain dago orain. Epaiketa gogorra eta luzea izan dela adierazi zuen. Hala ere, ongi joan zela uste du. «Argi gelditu zen ez dutela inolako frogarik. Poliziak berak esan zuen [proiektuaren aurkako protestak] guztiz baketsuak izan zirela».
Zazpi auzipetuak 2021eko apirilean Lekarozen egin zuten kanpaldi batengatik eraman dituzte epailearen aurrera. Mobilizazio hark Aroztegiko proiektuaren lanak etetea lortu zuen. Akusazioak talde kriminal antolatu bateko kide izatea egozten die, eta derrigortze eta bortxa delituak egin izana. Hori dela eta, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete, orotara. Gainera, Palacio de Arozteguia enpresa sustatzaileak 43 milioi euroko kalte ordaina eskatu dio Nafarroako Gobernuari, eta auzipetuek salatu dute eskaera horrek «biziarteko zigor ekonomikoa» ekar diezaiekeela.
Sententzia hilabete gutxiren buruan ezagutzea espero du Laurnagak, eta gogorra izatea aurreikusten du. «Talde kriminalaren akusazioa eta kartzela zigor eskaerak mantentzen ahal dituzte, eta orduan hasiko da helegiteen borroka».
«Baztandarrei beraien hitza eta erabakitzeko eskubidea kendu zitzaien»
GORKA LAURNAGAAroztegiko auzian auzipetua
Aroztegiko operazio urbanistikoaren mugarri batzuk gogorarazi zituen Laurnagak. Lehenik, enpresa sustatzaileak nekazaritza lur batzuk erosi zituela, «arrunt merke», baina lur horiek eraikigarri egin zituela udalak 2009an, enpresaren «inguruko alderdi politiko batzuen laguntzaz». Aldaketaren ondorioz, eremuaren balioa biderkatu egin zen. «Horrekin jada aberastu ziren». 2015ean, egitasmoa UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisara aitortu zuen Nafarroako Gobernuak. «Baztandarrei beraien hitza eta erabakitzeko eskubidea kendu zitzaien». 2021ean hasi zituzten lanak Aroztegian. Laurnagak nabarmendu du makinekin sartu zirela, obrak legez kanpokoak izan arren. «Orain errepresioaren garaian gaude, zigor eskaera gogor horiekin».
Aroztegiko proiektua gauzatuz gero Lekarozen zer eragin izango lukeen galdetuta, Laurnagak nabarmendu zuen Lekaroz, Baztango herri gehienen antzera, herri txiki bat dela —300 biztanle inguru ditu— eta egitasmoak «750-800 turistentzako 16. herri bat» sortuko lukeela eskualdean. «Baztan d’or moduko bat egin nahi zuten». Laurnagaren esanetan, luze hitz egin daiteke turismoak eta «halako eredu fosilista eta zementuzaleek» ingurumenean eta herritarrengan eragiten dituzten kalteez. «Adibidez, nola bertako nekazaritza lur emankor horiek desagerraraziko zituen, betirako».

Urdaibai
Turismo masiboaren arriskuak nabarmendu zituen Gotxik ere. Haren iritziz, eredu horretan errotzen da Urdaibaiko biosferaren erreserbak Guggenheim Fundazioaren bi museo eraikitzeko proiektua. «Proiektu kultural bat balitz bezala saldu nahi digute, baina kulturaz inork ere ez du berbarik egiten. Hemen berba gehien egiten da ekonomiaz eta proiektu honek eskatzen duen inbertsio itzelaz. Guztia diru publikoarekin».
Guggenheim museoa eraikitzeko bi kokapen aukeratu dituztela azaldu zuen Gotxik. Bata, Gernika-Lumoko Dalia lantegiak hartzen zuen lur saila, eta bestea, Muruetan oraindik ere martxan den ontziola batek hartzen duen eremua. Bi guneak sei kilometro luzeko bide batek lotuko lituzke. Bide horren zati bat Urdaibaiko «erreserbaren muinera» sartuko litzateke. Tarte hori «palafito bat da, hiru metroko altuera izango lukeena, zutabe batzuekin gure estuariora ainguratua».
Gotxik ohartarazi zuen pasabideak 150.000 pertsona eramango lituzkeela, lau hilabeteko epean, babes neurri zorrotzenak dituen eremura, Muruetako ingurunera. «Prentsan ateratzen dena da ontziolak okupatzen duen lur sailaren egoera hobetu egingo dela, ontziolaren jarduera kutsakorra delako eta lur sail hori kutsatuta dagoelako». Baina hori ez da arazoa, Urdaibai Guggenheim Stop-en iritziz, baizik eta Guggenheim markak erreserbaren «eremu zaurgarrienera» erakarriko duen «jende andana».
«Ez dabiltza proiektua aztertzen, bideragarri egiten baizik. Ez da gauza bera»
EIDER GOTXIUrdaibai Guggenheim Stop plataformako bozeramailea
Gotxik gogorarazi zuenez, Muruetako ingurunea hegaztientzako babes eremu izendatu zuten, eta Ramsar hezeguneen babeserako nazioarteko konbentzioaren parte da. Horrez gain, nabarmendu zuen Urdaibaik baduela babesten duen lege propio bat, Eusko Legebiltzarrak 1989an onartua. «40 urtez, bai bizilagunek bai eskualdera etorri diren proiektu guztiek araudi horietara egokitu behar izan dute, eta orain ikusten dugu araudiak proiektura moldatu dituztela».
Arduradun politikoekin izan dituzten bileretan ez dute ezer argirik atera. «Proiektua ukatu egin zaigu. Ez da existitzen. Ideia bat da». Baina aldi berean hura bideragarri egiteko arau aldaketak bultzatzen ari direla salatu zuen Gotxik. «Esaten digute proiektuaren bideragarritasuna aztertu behar dela. Ez dabiltza proiektua aztertzen, bideragarri egiten baizik. Ez da gauza bera». Salatu zuten, halaber, erakundeek uko egin diotela aldaketa horiek gelditzeari Busturialdean martxan den «entzute prozesua» amaitu artean.
Egoera salatzeko, plataformaren azken urratsak nazioarteari begirakoak izan dira. «Uste dugu proiektuaren ahulgunea Guggenheim marka bera izan daitekeela. Argi daukagu Guggenheimek ez duela bere izena epaitegietan ikusi nahi, ezta gatazketan murgilduta ere». Beraz, proiektua ahalik eta eremu zabalenean ezagutarazten ahalegindu dira, eta Hezeguneen Aldeko Mediterraneoko Aliantzaren laguntza izan dute horretan. 30 kide dituen nazioarteko elkarte bat da, eta «alerta gorria» zabaldu du Guggenheim museoen proiektuak Urdaibain izango lukeen eraginagatik.

Marienea
Kanboko Marienean etxebizitza blokeak eraikitzeko egitasmoa «ez da makroproiektu bat», Detxarten esanetan, baina garrantzi handia eman dio proiektu horri aurre egiteari, «Iparraldean espekulazioa egiten denaren sinbolo biziki azkarra baita». Duela hamar urte kokatu zuen auziaren abiapuntua, orduan bihurtu zituztelako nekazaritzarako lur horiek eraikigarri, Kanboko urbanizazio plangintzan. Eremu horretan ehun etxebizitza eraiki asmo ditu Bouygues hirigintza agentziak.
Detxartek nabarmendu zuen Marieneko 3,7 hektareak «lur biziki emankorrak» direla, baina lur horietan ez eraikitzeko mobilizazioek Marienetik harago dutela zentzua. «Marienea laborantza lur guztiak babesteko borroka bat bilakatu da». Detxartek salatu zuen Iparraldean urtero galtzen direla nekazaritzarako lurrak, eta ez direla gehiago galdu behar.
Duela bi urte, ekintzaile talde bat —nagusiki, Ostia kolektibokoak— Bouygues enpresaren egoitzan sartu zen, eta lurrez estali zuen proiektuaren maketa bat, protesta keinu gisa. Ekintzari «errepresioz» erantzun ziotela salatu zuen Detxartek. Ostia taldeko lau kide zigortu dituzte Bouyguesi 8.700 euro ordainarazita.
«Marienea laborantza lur guztiak babesteko borroka bat bilakatu da»
JOANA DETXARTOstia Sareko kidea
Bigarren auzi bat irailean epaituko dute, Baionan. 2024ko apirilean Kanboko herriko etxean izan ziren gertaerengatik auzipetu dituzte Ostiako hiru kide. Laborari talde bat eta Ostiako militante batzuk herriko kontseiluan sartu ziren, eta izan ziren bultzaden ondorioz, Christian Deveze auzapeza lurrera erori zen. Auzipetuei hautetsi batenganako bortizkeria leporatu diete, baina bortizkeria ekintzarik izan zenik ukatu dute laborari elkarteek eta ekologistek. «Errepresioa helburu, fikzio edo istorio bat ekartzen saiatzen dira militanteen kontra», esan zuen Detxartek.
Auzitegietan dira, baita ere, Kanboko urbanizazio plangintza eta Marienean etxebizitza blokeak eraikitzeko baimena. «Epaileek ekarri zuten ez zela frogatzen ahal lur horiek laborantzarako eramanak zirela, baizik eta urtean zehar ikusten dela ardiak badirela, baita ere belarrak egiten direla, baina batzuentzat, iduriz, hori ez da laborantza». Proiektuaren aurkako elkarteek «azken auzitegiraino» heltzeko erabakimena dutela adierazi dute gai horri dagokionez.
Marienea laborantzarako gorde dadila eskatzeko azken ekintza joan den maiatzean egin zuten. Ehunka pertsona elkartu ziren lur horietan barazkiak landatzeko. «Ekintza biziki polita izan zen», Detxarten esanetan. «Izan da gauza biziki konkretua jendearentzat. Nolaz batzuetan landa eremutik urrun zarelarik ez zara ohartzen belarrak ez direla hutsune bat, eta badela ere bizia horretan, eta, beraz, parte hartzeak landatze proiektu horretan ekarri du beste gauza bat borrokara».