Memoria politikak: azeleragailua eta balaztak

Lau urte igaro dira Memoria Demokratikorako Legea onartu zenetik, eta haren zirrikitu oro baliatzen saiatu dira hainbat eragile azken urteetan, estatuaren biktimen aitortzan urratsak egiteko. Bidean, baina, askotariko oztopoak topatu dituzte.

Txomin Letamendiren senideak, GEBehatokiko kideak eta abokatuak, auziaren inguruko epaiketara sartzen. JON URBE / FOKU
Txomin Letamendiren senideak, GEBehatokiko kideak eta abokatuak, auziaren inguruko epaiketara sartzen. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko azaroaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urte igaro dira Espainiako Memoria Demokratikorako Legea onartu zutenetik, eta, estatuko eskuina hura indargabetzeko mehatxuak egiten ari dela, legealdi amaiera haren gaineko balantzea egiteko garaia ere bada. Gazi-gozoa da eragile memorialisten ustez, legeak estatuaren biktimak aitortzeko bidean azeleratzeko balio behar baitzuen, eta horretarako zenbait urrats egin badira ere erritmoak eta justiziaren oztopoek balazta gisa funtzionatu baitute. 

Legeak sorreratik eragin zituen zalantzak, eta hainbat eragile memorialistak ezbaian jarri zuten eraginkorra izango ote zen. Horretarako argudio nagusietako bat izan zen 1977ko Amnistia Legea indargabetzeari uko egin izana, eta horrekin «kriminal frankisten inpunitateari» bere hartan eustea. Hain zuzen, hori da oraindik ere frankismoko giza eskubideen urraketa larriak ikertzeko epaileek jartzen duten aitzakia nagusietako bat. Izan ere, legearen arabera estatuko legedia, baita Amnistia Legea ere, nazioarteko zuzenbidearen arabera aplikatu behar bada ere —haren arabera, preskribaezinak eta ikertu beharrekoak dira gizadiaren aurkako krimenak—, agerikoa da justizia sisteman erresistentziak daudela ideia horren inguruan.

Ondorioa: Memoria Demokratikorako Legean oinarrituta jarri diren 25 kereiletatik zazpi besterik ez daude «bizirik», GEBehatokiaren kontaketaren arabera. Hain zuzen, bidea egin duten hiru dira eragile hark sustatutakoak: Txomin Letamendiren, Josu Mujikaren, eta Jose Luis Mondragon eta Roke Mendezen kasuak. Lehen biek ireki zuten bidea, eta, Letamendiren kasuan, ikerketa bat egin ostean itxi zuen auzia epaileak, ustezko bi torturatzaileak jada hilda daudelako. Ez zen bidea hor bukatu, baina, eta urriaren amaieran Donostiako epaitegi baten egin zen jurisdikzio boluntarioan oinarritutako epaiketa; hark xede du Letamendik biktima aitortza judiziala eskuratzea. Izatez, prozesu hori baliatu nahi du fiskaltzak ere Martxoaren 3ko biktimei erreparazioa emateko.

Beste bi auziak esperoan daude, eta, Mujikaren kasuan, hura tramiterako onartua dago. Halere, prozesua irekitzea lortuta ere, halako ikerketek topatu ohi duten beste murru bat jo du hark. Epaileak auziaren inguruko dokumentazioa eskatu ostean, egiaztatu dute hura «desagerrarazi» egin dutela. Eta beste zenbait auzitan jazotakoei erreparatuz gero, agerikoa da eskura egon beharko lukeen informazioa lortzeko ere zailtasun handiak daudela, legeak ikerketa sustatu behar dela adierazi arren. Besteak beste, eragileei kosta egiten zaie estatuaren artxiboetarako sarbidea izatea, eta, modua dutenean ere, ez da harritzekoa izaten dokumentazioa zentsuratuta jasotzea; hala jazo zen Letamendiren kasuan, nahiz eta duela 75 urteko informazioa izan. Argudioa izan daiteke halako dokumentaziorik ez dagoela, edota Sekretu Ofizialean Legea —beste behin ere indargabetu gabe geratu dena— eta Datuak Babesteko Legea aitzakia gisa erabiltzea. Horregatik, Euskal Herriko eta Espainiako eragileetatik soilik ez, NBEtik ere iritsi dira kexak.

Beraz, hor dago balazta nagusietako bat: egia judiziala eskuratzeko ezintasuna. Horren aurrekari izan daiteke egia instituzionala; hau da, Espainiako Gobernuak, azken urteetan Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egin bezala, biktimak aitortzea. Eta orain arte, Euskal Herrikoei dagokienez, GEBehatokiak sustatutako lau aitortza instituzional egin ditu Espainiako Gobernuak: Josu Mujika —aurrez aipatua—, Alfredo Espinosa, Josu Zabala eta Aquiles Cuadra biktima gisa aitortu ditu, eta mahai gainean ditu Ricardo Zabalza eta Jose Maria Quesada aitortzeko eskaerak ere.

Horiek denak, baina, Espainiako Konstituzioa indarrean sartu aurrekoak dira, eta legeak bere 16. xedapen gehigarrian aurreikusten du 1983ra arteko epea ere kontuan hartu behar dela, eta tarte horretan gertatutako giza eskubideen urraketa larriak ikertu behar direla. Zehazki, horretarako batzorde tekniko bat sortu zuten, eta hark estatu indarkeriaren 63 biktima aitortu zituen, erdiak euskal herritarrak. Espainiako segurtasun indarren, GAEren, Triple Aren eta BVEren biktimak ageri dira zerrendan, baina GALenak ez. Izan ere, gobernuaren aginduz, hartan ez ziren aitortu «indarkeriaren bitartez ordena konstituzionala asaldatzeko ekintzetan parte hartzen zuten» biktimak; tartean, besteak beste, Joxean Lasak eta Joxi Zabalak egon beharko lukete, biak 1983an desagerraraziak.

Eta hori guztia, Egiaren Batzordeak egin dezakeen lanaren zain. GEBehatokiak eta Egiari Zor-ek sortzetik «herren» ikusten dute batzorde hori. Hark xede izango du 1936tik 1978ko urraketak aztertzea, baina kezka sortu du noraino sakondu nahiko ote duen hark —hala nola torturen kasuan—, Baltasar Garzon epaile ohiaren zuzendaritzapean; aski ezaguna da hura, Dena ETA da teoria martxan jartzeagatik eta tortura salaketak ez ikertzeagatik. Era berean, gainera, ez dago taldean jada martxan dauden balorazio batzordeetako kiderik ere; hau da, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren batzordeetako inortxo ere ez.

Zer eta non

Legearen beste zutabeetako bat da Memoria Demokratikorako Lekuen izendapena: oraintsu hasi dute prozesua Etxebarriko (Bizkaia) Bandaseko greba hala izendatzeko. Eta tartean badira errepresioarekin eta torturarekin zuzeneko lotura duten hainbat leku ere. Espainiako Poliziak Bartzelonako Via Laietanan zuen egoitza eta Madrilgo Puerta del Solen zegoen Segurtasun Zuzendaritza dira bi. Euskal Herriko mugetan, berriz, Ezkabako gotorlekuak izendapen hura du urte hasieratik, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuko alderdiek egindako akordioa dela medio. 

Itun berean adostu zuten Donostiako La Cumbre jauregia ere hala izendatzea, Donostiako Udalaren esku utzita. Prozesua, baina, asko katramilatu da, eta, lau urte geroago, lagapena bera gauzatzeko dago. Aste honetan bertan esan du udalak egina duela horretarako beste eskaera bat. Behin hanka balazta horretatik altxatuta, estatuaren biktimak aitortzeko leku bilakatzeko lanak azeleratu egin beharko lirateke; hain zuzen, Lasa eta Zabala eta estatuaren aitortza ofizialik jaso ez duten gainerako biktimak aitortzeko eta haiei erreparazioa emateko leku bat izan dadin.

zer diote alderdiek euren programetan?

  • PSOE. Legeak ezarritakoaren bidetik, konpromisoa azaldu du desobiratze plana osatzeko, 36ko gerrako eta diktadurako biktimen errolda egiteko, eta aitortza eta erreparazio neurriak areagotzeko. 
  • EAJ. Defendatzen du legea osorik aplikatu behar dela, «gerra zibileko eta diktadura frankistako biktimen egia, justizia eta erreparazio eskubideak bermatzeko».
  • EH Bildu. Legea «zabaltzearen» aldekoa da, frankismoaren, torturaren, gerra zikinaren eta ultraeskuindarren biktimak aitortzeko.
  • PP. Legea indargabetzearen alde egiten du, eta «konkordia» lege bat proposatu haren ordez: «Ikerketa historikoa, adiskidetzea eta trantsizioaren legatu konstituzionala babesteko».
  • Fronte Zabala. Konpromisoa adierazi du frankismoko biktimen erreparazioan eta trantsizioko biktimen aitortzan urratsak egiteko, baita artxiboen lege bat proposatu ere, legea bete dadin.
  • Vox. Legea baztertzearen aldekoa da, «elkarbizitza hondatu eta espainiarrak banatzen dituelako, egia ofizial bat inposatzen saiatuz».
  • Geroa Bai. Memoria demokratikorako politikak indartzearen aldekoa da, eta torturaren biktimak kontuan hartzea defendatu du.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA