Sei adingabez eta bi helduz osaturiko familia bat etxegabetu dute gaur Gasteizko Santsomendi auzoan. Hala Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nola Abendaño eta Unamuno ikastetxeetako hezkuntza komunitateek —ikastetxe horietan ikasten dute familiako adingabeek— behin eta berriz salatu dute egoera, eta Gasteizko Udalaren jarrera kritikatu dute.
13:00 - Etxegabetu egin dituzte
Poliziak etxebizitzako atea indarrez bota du, familiako gurasoak eta 17 urteko semea barruan zirela. Dagoeneko kanpoan dira hirurak. Bitartean, Ertzaintza gazteen kontra oldartzen ari da, eta familia inguruan dago.
12:46 - Sindikatuko kideak kanpoan
Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bi kide eta argazkilari bat etxetik atera dituzte poliziek. Haiek ere identifikatzen ari dira.
12:34 - Mobilizaziorako deia
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du agerraldia eginen dutela gaur udaletxearen aitzinean, 17:00etan, «Poliziaren jarduna salatzeko eta gertatutakoari buruzko informazioa zabaltzeko». Gainera, manifestaziora deitu dute: 19:00etan Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuko dira, Etxegabetze guztien eta Poliziaren errepresioaren aurka lelopean.
Gainera, sindikatuak jakinarazi du gutxienez lau lagun atxilotu dituela Poliziak, eta horietako bat adingabea dela; dozenaka zauritu daude, borra kolpeen eta gomazko piloten ondorioz. «Indarkeria horrek sistema bidegabe bat iraunarazten du: etxebizitza negozio bihurtzen duen eta langile klaseari etxebizitza izateko eskubidea sistematikoki ukatzen dion sistema, hain zuzen ere», adierazi du sindikatuak ohar bidez.
12:28 - Ertzaintza barruan
Ertzaintza etxebizitzaren barnera sartu da, familia eta sindikatuko kideak han zirela.
12:07 - Identifikazioak
Hogei bat lagun aterarazi dituzte ataritik; banan-banan identifikatzen ari dira.
11:55 - Gazte guztiak kanpoan
Ertzainak beste eraikin baten ataritik sartu dira gazteak zeuden atarira, eta denak bota dituzte. Ataria poliziaz beteta dago, eta gazteak paretaren kontra jarri dituzte.
11:46 - Ertzainak sartzen saiatzen
Ertzain andana iritsi da, eta atarira sartzen saiatzen ari dira. Kristal hautsien hotsa entzun da, eta barruan gazte andana oihuka ari dira. «Etxegabetzeak gelditu» garrasi egiten dute barruan gotortuta daudenek. Dozena bat ertzain atarian.
11:37 - Atea ireki dute
Ertzain bat etxebizitzaren atarira joan da, eta bertan dauden gazteei erran die ataria irekitzeko edo indarrez aterako dituztela. Atea ireki dute, eta gazte batzuk kanpora atera dira; beste anitzek barnean segitzen dute.
10:32 - Polizia gehiago
Polizia gehiago iritsi da Oto etorbideko etxera. Gazte anitz sakabanatu dituzte, eta etxearen sarreratik urrunarazi; halere, gazte pila bat dago oraindik etxearen atarian.
10:27 - Ertzaintzak inguruak hesitu ditu
Ertzaintzak inguruak hesitu ditu zinta batekin, kanpaldira hurbildu diren gazteei gogor oldartu eta gero.
10:15 - Bizilagunak
Etxegabetu nahi duten familiaren bizilagunek, elkartasuna adierazteko, ura bota diete poliziei.
10:14 - Gazteen kontra
Berriz ere oldartu da Polizia. Etxearen sarreran dauden gazteak indarrez sakabanatu nahian ari dira udaltzainak eta ertzainak. Tentsio handia dago, gazte asko kendu dituzte atetik, baina ez diete sartzen uzten.
10:00 - Bi atxilotu
Gasteizko Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, bi lagun atxilotu dituzte; oraindik ez diete zehaztu zer egozten dieten.
09:55 - Familiak barruan jarraitzen du
Familia balkoian dago, sindikatukoekin batera. Behean ehunka gaztek hesia egin dute atea blokeatzeko. Udaltzainak eta ertzainak daude hor, zain.
09:47 - Polizia gogor oldartu da
Iritsi dira segizio judiziala eta Polizia; etxegabetzea gelditzen saiatzen ari diren gazteak atetik kenarazi dituzte. Polizia kanpin dendak indarrez kentzen ari da, eta pilotakadak botatzen. Polizia gogor oldartu zaie gazteei.

09:30 - Geldialdiak ikastetxeetan
Gaur, berriz, hiriburuko hamabi ikastetxetan eskolak eten dituzte, IAS Ikasleen Antolakunde Sozialistak deituta. Horietatik ehunka ikasle manifestazioan hurbildu dira Oto hiribidera; txalo artean hartu dituzte.
08:00 - Kanpaldia atzotik
Etxegabetzea eragozten saiatzeko dozenaka lagun daude kanpatuta etxebizitzaren aurrean atzo arratsaldetik. Haizea Moreno Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kideak Gasteizko Udala jo du erantzuletzat, familiari ez diolako ordezko bizitokirik eskaini: «Lotsagarria da sei adingabe dituen familia bat kalean uztea».
Sindikatuak kontatu duenez, familia 2018tik bizi da bertan, baina jabeak erabaki du alokairu kontratua ez berritzea, eta, ondorioz, familiako zortzi kideak kalean geratuko dira, udalak ez baitie beste bizitokirik eskaini. Areago: joan den astean agerraldia egin zuten familiako bi kidek eta Morenok, eta bertan adierazi zuten familia ugaria eta migrantea izateak anitz zaildu diela beste bizitoki bat aurkitzea. Udal bulegoekin haserre agertu ziren, familiari zera eskaini diotela eta: logelak alokatzen dituzten jabe partikularren eta apartamentu turistikoen telefono zerrenda bat, familiak bere kabuz deitu dezan.