Ate birakariak politikan

Zer dator gobernatu eta gero?

2011tik 2024ra Hegoaldeko gobernuetan sailburu izandakoek politika utzitakoan zer ibilbide egin duten aztertu du BERRIAk: 26k kargu politiko bat dute, hamabi enpresa arloan daude, bederatzi aurreko lanera itzuli dira, eta zazpik erretiroa hartu dute.

MALETINA
Gobernu batera sartu aurretik, behin sartuta zein ondoren, interes gatazkak sor daitezke. Ate birakarien auziak asaldura eragin ohi du gizartean, eta herritarren eta erakundeen arteko urruntzearen zergatietako bat izan daiteke. BERRIA.
Iosu Alberdi - Joxerra Senar
2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak Etxe Zurira egindako bisitaren ostean, haren iragan politikoaz gogoratu ziren zenbait: EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente izandakoa Petronorreko presidente exekutibo bilakatu zen gerora, eta handik Repsolera joan. 2025a amaitu aurretik, harrabotsa eragin zuen alderdi bereko beste buruzagi batek egindako bideak ere. Andoni Ortuzarrek PwCra egin zuen jauzi iaz, eta, jarraian, Movistarreko administrazio kontseilura. Ez dira gutxi alderdi eta instituzio publikoetatik atera eta enpresa munduan postu dotoreak topatu dituzten politikariak. Ohiko jarduna al da, ordea? BERRIAk xeheki erreparatu dio azken hamarkadan Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan aritu diren sailburu eta kontseilariek gobernua utzi ostean egindako bideari. Agerikoa da gobernu kontseiluak ez direla ibilbidearen amaiera.

Azken hamarkadari erreparatuz gero, Iñigo Urkullu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politika instituzionalaren erreferente nagusia. Hiru agintaldi egin zituen lehendakari, 2012tik 2024ra bitarte, eta bide horretan 23 sailburu izan zituen lagun Gobernu Kontseiluan; hamalau jeltzale, sei sozialista eta lehendakariaren eskariz aritutako hiru independente. Urkulluren agintaldiaren antzeko epean —2011tik 2023ra, alegia—, kolore desberdinetako hiru gobernu osatu ziren Nafarroan, eta orotara 38 pertsona eseri kontseiluetan. Gorabehera politiko horien ondorioz, osaera ere oso plurala izan zen: UPNko 11 ordezkari, PSNko 11, Geroa Baiko bederatzi, sei independente eta Ahal Dugu-ko bat.

Zeregin politikoak utzita, argazki orokorra honelakoa da: batek ohorezko postua du bere alderdian, eta hiru alderdiari lotuta daude oraindik ere; 26k kargu publiko bat dute, edo ordezkari instituzionalak dira; hamabi, berriz, enpresa munduan ari dira lanean, ardura postuetan; bost aurreko lanera itzuli dira, izan erakunde publikoetara edo izan pribatuetara; zazpi erretiratuta daude, eta, azkenik, hiruren berririk ez dago —ez dute lanpostu finkorik edo ez dago horren berririk—. Dena den, aintzat hartu behar da zenbaitetan muga lausoa dela, posible baita aldi berean bi kategoriatan egotea.

1

Bide publikoa bukatu, eta pribatuan lekua bilatu

Politikarien hitzetan sarri entzun ohi da arlo instituzionalera egindako jauziek behin-behinekoak izan behar dutela, behin ekarpena eginda nork bere bideari ekin behar diola berriz. Hala adierazi zuen oraintsu Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak: «Kargu publiko batean ematen den denbora mugatu nahi bada, ez da zaildu behar pertsona horiek arlo pribatuan lan irteerak izatea». Irteera guztiak ez dira berdinak, baina.

Fundazio bat enpresen babespean

EAJren BBBko eta EBBko presidentetzan lehenik, eta Eusko Jaurlaritzan ondoren, Iñigo Urkulluk politikagintza instituzionalaren maila gorenean egin du mende honetako lehen laurdena, EAJk Jaurlaritzaren gidaritza aldatzearen alde egin izanak ezustean bidea amaiarazi zion arte. Politikagintzan ia berrogei urte egin ostean, inor gutxik espero zuen lehendakari ohiak bide horri heldu aurretiko zereginari, hau da, irakasle lanari berrekitea 63 urterekin, eta laster hasi zen bere asmoa hedabideetan zabaltzen: fundazio bat eratzeko nahia.

Fundazio horrek eAtlantic izena hartu du. «Aliantzak ehuntzeko eta proposamen bateratuak diseinatzeko bokazioa» duen presio talde bat da, «fatxada atlantikoaren oparotasunaren zerbitzura» dagoena. Fundazioaren xedeak ez zuen inor harritu; bai, ordea, hura bideratzeko formulak. Lau enpresaren babespean eratu du fundazioa, eta ez dira edozein enpresa: Iberdrola, Petronor, Kutxabank eta BBVA. Horietako bakoitzak 150.000 euro jarri zituen lehendakari ohiak zuzendutako lobbyak bideari ekin ziezaion, eta enpresa horietako buruak patronatuko kide dira.

Eusko Jaurlaritza utzita, eAtlantic fundazioan ariko da Iñigo Urkullu lehendakari ohia. Iberdrola, Petronor, Kutxabank eta BBVAren babespean sortu da fundazioa. OSKARMATXIN EDESA / FOKU
Eusko Jaurlaritza utzita, eAtlantic fundazioan ariko da Iñigo Urkullu lehendakari ohia. Iberdrola, Petronor, Kutxabank eta BBVAren babespean sortu da fundazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Diru horren parte bat, behintzat, Urkulluren soldata ordaintzeko izango da. Lehendakari ohia presidente gisa aritu da hastapenetatik, baina karguari ez zizkion exekutibo adjektiboa eta lansaria batu harik eta ekainean Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren oniritzia jaso arte. Marian Elorzari ere eman zioten fundaziora batzeko baimena. Hark zenbait goi kargu izan zituen Urkulluren hiru agintaldietan, denak ere Lehendakaritzaren kanpo harremanei lotutakoak.

Jarleku bat multinazional bateko kontseiluan

Orain Andoni Ortuzarrekin gertatu bezala, duela hamar urte polemika handia eragin zuen Yolanda Barcinak ere. Nafarroako lehendakaritza utzi eta berehala, Telefonica Audiovisual Digital konpainiako administrazio kontseiluan eseri zen, eta han dago geroztik: Movistar Plus marka kudeatzen duen Telefonica taldearen filialak aurten kontseilua osorik berritu badu ere, Barcina kontseiluko kide da oraindik —hura da postuari eutsi dion bakarra—, eta, hain zuzen ere, Ortuzarrekin bat egin du kontseilu horretan. Kontseilari izategatik diru sari oparo bat jasotzen badu ere, ez dute jakinarazten zenbatekoa den zehazki. Gainera, Barcinak erabaki zuen hemeretzi urte lehenago eskatutako eszedentziari uko egin eta NUPeko Farmazia eta Bromatologia katedrara itzultzea. 2015-2016ko ikasturte hasieran itzuli zen NUPera, eta 2020ra arte iraun zuen NUPen aktibo.

Bestalde, osasungintzako ikerketarekin lotutako bi erakunderen patronatuko kide da. Kasu horietan interes gatazka agerikoagoa izan daiteke, haren gobernuari leporatu baitzioten osasun pribatuko erakundeak sustatu eta ikerketa publikoa oztopatzea. Behin gobernua utzita, CIMA ikerketa biomedikoko zentroan, hau da, Opusen klinikako ikerketa erakunde nagusian eta Espainiako Gadea fundazioko erabakigune nagusietan eseri da, eta zuzendaritzako izendapenak eta gobernantza arloko erabaki estrategikoak hartzen ditu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2015-2016ko ikasturtean izan zen Yolanda Barcina. Garai berean Movistarreko administrazio kontseiluan eseri zen. Unibertsitatea utzi du; administrazio kontseilua, aldiz, ez. IDOIA ZABALETA / FOKU
2015-2016ko ikasturtean, Nafarroako Unibertsitate Publikora itzuli zen Yolanda Barcina. Garai berean Movistarreko administrazio kontseiluan eseri zen. Unibertsitatea utzia du; administrazio kontseilua, aldiz, ez. IDOIA ZABALETA / FOKU

Enpresei aholku ematen

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Arantxa Tapia izan da enpresa munduan lekua topatu dutenetako bat. Urkulluren hiru gobernuetan Ekonomiaren Garapenerako Saila kudeatu ostean, amaiera eman zion ia hogei urteko ibilbide politikoari. Orduan jakin zen Ingeniaritzako irakasle lanpostura itzuli zela, baina han hamar hilabete baino ez zituen egin, aholkularitza lanei ekin aurretik. KPMG eta CSP Iberian Bilbao Terminal enpresentzat ari da lanean —aurrenekoan apiriletik, eta bigarrenean maiatzetik—. Eusko Jaurlaritzak auzi horri buruz egindako txostenaren arabera, Tapiak urtebetean 180.000 euro jasoko ditu KPMGtik, eta 10.000 euro inguru CSPtik. Jaurlaritzak, baina, ebatzi zuen sailburu ohiak ez zuela zuzeneko hartu-emanik izan enpresa horiekin karguan zela, eta, ondorioz, ez dagoela interes gatazkarik izendapenetan. 

Horrez gain, agerikoa da Tapia EAJri lotuta dagoela oraindik ere. Oraintsu, alderdiak Sabino Arana fundazioko presidente izendatu du.

Bidegurutze publiko-pribatua

Barcinaren gobernuan izan zen interes gatazkarik, baina jardun publikoari lotutakoak nabarmendu ziren. Horietako bat Luis Zarralukik eragin zuen. Hamar urtez eraikuntza sektorean ardura postuak izan ostean —zehazki, Larcovi eta Miguel y Rico Asociados enpresetan—, Barcinak Sustapen kontseilari izendatu zuen 2012an. Besteak beste, Gendulainen lursailak erosi zituzten enpresetan egin zuen lan, eta haien mesedetan aritzea egotzi zioten: izan ere, udalez gaindiko sektore arteko planak izandako oztopoak gainditzen ahalegindu zen buru-belarri, 18.400 etxebizitza egiteko. Alta, auzitegiek bertan behera utzarazi zuten prozedura hura. Gobernua utzita, Zarraluki Navarra Sumako parlamentari izan zen lau urtez. Parlamentuari agur esan ostean funtzio publikoan zuen postura itzuli, eta hirigintza arloko arkitekto aritzen da orain. Gainera, duela bi urte, PPk deitu zuen etxebizitza eta azpiegitura arloko aditu gisa aritzeko.

Beste kasu deigarri bat Lourdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohiarena izan zen. 2013an, Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari izandakoak parlamentuan salatu zuen Goikoetxea Foru Ogasunaren funtzio autonomoan esku hartzen ahalegindu zela, eta ikuskaritzak ikertu beharreko enpresen zerrenda eskatu zuela, jakiteko bere zerga aholkularitzako bezerorik ote zegoen ikertu asmo zituztenen artean. Salaketak harrabots handia eragin zuen, eta haren haritik sortutako parlamentuko ikerketa batzordeak Goikoetxeari galdegin zion bere gain har zezala erantzukizun politikoa. Hark karguari eutsi zion. Espainiako Auzitegi Gorenak atakatik atera zuen, adierazita auzia moralki gaitzesgarria izan arren ez zela deliturik izan. Behin politika utzita, aholkulari lanetara itzuli da.

Arlo pribatuaren eta publikoaren arteko loturek piztutako susmoen biktima ere izan daitezke goi kargudunak. Kasurik deigarrienetako bat Manu Aierdirena da. Kontseilari kargua hartu eta gutxira, Sodena sozietate publikoak bi milioi euroko laguntza eman zion Davalor enpresari, eta erabaki hark Aierdiren ibilbide politikoa baldintzatu zuen bost urte geroago. UPNk gobernuaren aurka jotzeko erabili zuen auzi hura, eta salaketa politikoak epaitegietan amaitu zuen. Epaileak ikertu gisa deklaratzera deitu zuenean, Aierdik dimisioa eman behar izan zuen, garai hartan bultzatutako lege erreforma batek galarazi egiten baitzuen ikertuek kargu publikoei eustea. Epaitegiek, baina, erritmo propioak dituzte, eta, azkenik, auzia behin betiko artxibatu zuten iaz. Aierdi enpresa mundura itzuli da, eta industria arloko ekintzailetzan murgilduta dabil 2022tik. Mondragoneko Sustapen Zentroko arduradunetako bat da, eta korporazioaren plataforma horrek proiektu berritzaileak eta dibertsifikazioa bultzatzen ditu.

Osasungintzan, jira eta bira

Eusko Jaurlaritzaren eta, oro har, nazioarteko edozein gobernubururen jarduna baldintzatu duten auzietako bat izan da osasungintza; batez ere, COVID-19aren pandemiaren eraginez. Nekane Murga Osasun sailburuari egokitu zitzaion hari aurre egiteko lehen neurrien gidari izatea Eusko Jaurlaritzan, Jon Darponek dimisioa eman baitzuen legealdia bukatzeko urte eta erdi falta zela. Murgak, beraz, hemezortzi hilabete egin zituen kargu hartan, Osakidetzara itzuli aurretik, aurrez utzitako mediku lanetara. 

Bestelako bideak hartu zituzten, baina, Murgaren aurretik eta ondoren Osasun Saila zuzendu zuten bi sailburuek. Jon Darpon Urkullurekin batera iritsi zen Eusko Jaurlaritzara, Txagorritxuko eta Basurtuko ospitaleetan eta IMQ aseguru etxean goi karguak izan ostean. Behin gobernuan sartuta, Osakidetzako lan eskaintza publikoen eskandaluak baldintzatu zuen haren agintaldia, eta, azkenean, 2019ko martxoan dimisioa eman behar izan zuen. Agurrean, Urkulluk eskerrak eman zizkion «egindako lan bikainagatik»; oposizioarentzat, berriz, dimisioa «berandu» iritsi zen.

Darponek bizkor topatu zuen lana. Kargua utzi eta bi hilabetera kontratatu zuen Keralty osasun aseguruen etxeak, Eurasiako zuzendari eta operazio arduradun izateko. EH Bilduk egindako informazio eskaera bat tarteko, jakin zen enpresa hark 350.000 euro ingururen diru laguntza publikoak jaso zituela 2016tik Darpon iritsi bitarte; hori bai, Garapen Ekonomikorako Sailaren bitartez.

Darpon Keraltyn ari da oraindik, eta enpresako Azpiegitura Arloko presidente eta zuzendaritza batzordeko kide da. Lankide ditu  Osasun Sailean aritutako beste bi goi kargudun ere. 2020an, legealdia amaitu eta berehala, gobernutik Keraltyra jauzi egin zuten Fatima Ansotegi Osasun Administrazio eta Finantzaketako sailburuordeak eta Mayte Bacigalupe Kalitate eta Informazio Sistemen zuzendariordeak.

Jon Darponek dimisioa eman zuen 2019ko martxoan OPEaren eskandaluagatik eta haren tokia Nekane Murgak hartu zuen. JAZKI FONTANEDA
Jon Darponek dimisioa eman zuen 2019ko martxoan LEParen eskandaluagatik, eta Nekane Murgak hartu zuen haren tokia. JAIZKI FONTANEDA

Urkulluren azken Osasun sailburuak ere enpresa pribatu batean topatu du lekua. Gobernutik atera ostean, Gotzone Sagardui EHUn zuen lanpostura itzuli zen, baina hilabete gutxiren buruan aldatu zuen beharra: Gasteizko Vithas ospitale pribatuko zuzendari mediko izateko kontratatu zuten. Jaurlaritzak ez zuen arrazoirik ikusi kontratazioa galarazteko, eta Alberto Martinez egungo Osasun sailburuak argudiatu zuen Vithasen eta sailaren artean ez dagoela lankidetzarik. 

Nafarroan, berriz, Osasun kontseilari izandakoek ez dute loturatik izan osasungintzaren arloko auziekin. Barcinari oposizioak aurpegiratu zion enpresa munduko kudeatzaile bat, Marta Bera, jarri izana kontseilari, eta lau urteko agintaldi polemikoaren ostean, enpresa mundura itzulia da. Egun, Norgestion enpresaren Iruñeko bulegoaren arduraduna da. Bat egiteez eta enpresen moldaketez arduratzen da, besteak beste teknologia berrien, industriaren, elikagaien eta osasungintzaren arloetan. 

Beste bi kontseilarik beste norabide bat hartu dute. Zehazki, Barkosen lehen gobernuko Fernando Dominguezek erretiroa hartu zuen, baina, legealdi honetan, Geroa Baik Osasun Departamentuaren ardura hartu duenean, Dominguez izendatu du berriz. Txibiteren lehen gobernuko Osasun kontseilariari, Santos Induraini, egokitu zitzaion pandemiaren osasun krisia kudeatzea, eta erretiroa hartuta dago egun.

Aurreko lanera bueltan

Bi gobernuetan izan diren sailburu eta kontseilarietako batzuk aurreko lanera itzuli dira. Nafarroan, zehazki, Barcinaren agintaldiko bi goi kargudunek hartu dute itzulerako bidea. Javier Morras Barne kontseilaria giza baliabideen arloan aditua da, eta, behin gobernua utzita, hainbat zeregin izan ditu horri loturik: Iruñeko Udalean, Enrique Maiaren bigarren agintaldian, eta Nafarroako Unibertsitatean. Alta, 2012an gobernura sartu aurretik, Trelleborg Inepsa enpresan egin zuen lan, eta, gaur egun, giza baliabideetako zuzendari izendatu du konpainia horren oinordekoak —orain, Delmon Iberica Group da—.

Haren antzera, Alvaro Miranda Simavilla Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohiak urtebete egin zuen Barcinaren gobernuan, eta, kargua utzita, Iruñerriko Mankomunitateko postura itzuli zen —duela 39 urte hasi zen han lanean—. Klima Aldaketaren Arloko eta Planifikazio Estrategikoko zuzendari izan da. Dena den, lanetik kanpo, ez du politika guztiz alboratu, eta Institucion Futuro think tank-eko kolaboratzaile da, eta Diario de Navarra-n iritzi artikuluak argitaratzen ditu. Nolabait, UPN eta eskuina ideia ekonomikoez hornitzen dituen inguruneko kide da.

Barkosen gobernuari dagokionez, Miguel Laparra Eskubide Sozialetako presidenteordea NUPen zuen postura itzuli zen. Haren ibilbide osoak lotura estua du mundu akademikoarekin. Zehazki, Alter ikerketa taldea sortu zuen unibertsitatean, eta, gerora, Berdintasun eta Gizarte Integrazioko ikerketa katedrako zuzendari izan zen. Esperientzia horren ondorioz, presidenteorde kargurako deitu zuten, eta, 2019an gobernua utzi ostean, esparru akademikora itzuli da. 

Nafarroako Gobernua 2015-2019
2015etik 2019rako legealdiko gobernua: Barkos senataria da, hiru kontseilarik egungo gobernuan jarraitzen dute, beste hiruk erretiroa hartu dute, bi enpresa munduan ari dira, eta bat aurreko lanera itzuli da. JAGOBA MANTEROLA 

Lurralde garapenaren esparruan bildutako esperientziagatik eta jakintzagatik izendatu zuten Isabel Elizalde Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari, EH Bilduk proposatuta. Gaur egun, Donezteben egiten du lan, Elizalde Arretxea Aholkulariak enpresan. Gainera, Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako ordezkaria da.

Urkulluren sailburuei erreparatuz gero, gobernura Urkulluren eskariz baina independente gisa iritsi zirenetako bi ohiko lanpostura itzuli ziren politikan aritu ostean. Angel Toña Enplegu sailburu ohiak hirugarren sartu-irtena egin zuen politika instituzionalean Urkulluren taldean; 2015ean izan zen. Bizkaiko Auzitegiak konkurtsoen administrazioan aritzeko hemezortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion, eta hura betetzen ari zela heldu zen Jaurlaritzara, Juan Mari Aburto ordezkatzeko. Legealdia amaitu ostean, baina, PKF Attest enpresara itzuli zen; hartako bazkide izan zen aurrez. Deustuko Unibertsitateko irakasle lanari ere heldu zion berriro.

Cristina Uriartek, berriz, Hezkuntza sailburu gisa bi legealdi egin ostean, Lehendakaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza mandatari kargua hartu zuen Urkulluren azken agintaldian. Hura amaituta, EHUko Kimika Fakultatera itzuli zen.

Sektore pribatuan, bada besterik

Barcinaren lehen gobernuko kontseilari izandako gehienak enpresa mundura itzuli dira, eta lan hori beste kargu batzuekin uztartzen dute askok —unibertsitateko irakasle dira, edo fundazioren bateko kide, esate baterako—. Jesus Pejenaute eta Iñigo Alli Nafarroako Kutxatik egin zuten gobernurako jauzia. Pejenautek sei hilabete baizik ez zituen egin karguan, eta dimisioa eman behar izan zuen eskandalu baten ondorioz. Egun, berak sortutako aholkularitza enpresa batean dihardu.

Alli, berriz, Barcina ordezkatzeko hautagaien artean zegoen, eta 2016tik 2019ra UPNko diputatu izan zen Espainiako Kongresuan. Behin politika utzita, batetik, Ilunioneko zuzendari komertzial izan da urte eta erdiz, 2023ko abendutik aurtengo maiatzera bitartean. Bestetik, berrikuntzan eta iraunkortasunean espezializatu, eta Benco aholkularitza etxeko kide izan da. 

Politikan aritu osteko ibilbidean, abokatu lana hezkuntza arloko zereginekin lotu du Jose Iribas Sanchez de Boadok, eta bere jardunean ez du ezkutatzen ikuspegi erlijiosoaren eragin politikoa, Hezkuntza kontseilari zenean egin bezala. Egun, Abogados Navarra abokatu bulegoko kide da, bai eta Iruñeko Campus Home ikasleen egoitzako zuzendari ere. Gainera, Coincidir instituzioko kide da, eta bertan «sendiei eta bikoteei bitartekaritza zerbitzua» eskaintzen die.

2

Gobernu kontseilu bat ez da bidearen amaiera

Gobernua uztea ez da beti politikaren lehen lerrotik aldentzeko arrazoia. Politikaren mundua zabala da, eta askotariko eremuak biltzen ditu. Beraz, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza Hego Euskal Herriko bi erakunde gorenak badira ere, haiek uzteak ez dakar beti ibilbide politikoa amaitzea.

Udal politika

Gobernuan aritzeak emandako sona baliatuz udal politikagintzara jotzea da aukera bat. Azken urteetako adibiderik esanguratsuenetako bat Beatriz Artolazabalena da. Hark dimisioa aurkeztu zuen, Gasteizko Udaleko hauteskundeetan jeltzaleen alkategai izateko. EAJk ez zuen lortu bozak irabaztea, baina Artolazabal Maider Etxebarriaren alkateordea da egun.

Halako mugimenduak, baina, ez dira berriak. Antzera jokatu zuten aurrez Alfredo Retortillok (PSE-EE) eta Juan Mari Aburtok (EAJ) ere. Biak ere alkate izateko asmoz atera ziren gobernutik. Aburtok Bilboko aginte makila lortu zuen 2015ean, eta oraindik ere eusten dio. Retortillok, berriz, ez zuen irabazi Barakaldon (Bizkaia), 2019an. Legealdi bat egin zuen zinegotzi gisa, eta, eten txiki baten ostean, Jaurlaritzara itzuli zen legealdi honen hasieran, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuorde gisa aritzera. Apirilean utzi zuen kargua, arrazoi pertsonalak zirela eta.

Hain justu, Sonia Perezek (PSE-EE) bete zuen Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean Retortillok utzitako postua, hemezortzi hilabetez. Eta 2020an berriz aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrerako bozetara, baina ez zuen eserlekurik eskuratu gobernu berrian. Legealdia amaitu aurretik utzi zuen parlamentua, Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatu izateko.

Talde honetan sar daiteke Ana Oregi ere, baina baita aurrez aipatutako beste pare bat taldetan ere, gutxienez. Ingurumeneko eta Lurralde Politikako Saila utzi ostean, legebiltzarkide gisa jarraitu zuen hiru urtez, eta handik Gasteizko Udalera igaro, Gorka Urtaranen alkateorde izateko. 2023an, behin legealdia amaituta, bere lanera itzuli zen Oregi, hain zuzen, Gasteizko Udalera bertara. Urbanismoko arkitekto burua da egun. 

Euskal Herritik Madrilera

Beste aukera bat zera da, etxetik gertu dagoen erakunde bat utzi eta urruntzea. Uxue Barkosek beharrezko izan zuen bide hori hartzea, atzera egin eta, hala, Geroa Bairi denbora emateko beste hautagai bat indartu zezan (Ana Ollo). Izan ere, Geroa Bairen patu politikoa haren lidergoari loturik egon da hasieratik, baina legealdi honen hasieratik nola Barkosek hala koalizioak beharrezkotzat jo dute erreleboari bide ematea. Hala, parlamentari akta utzi, eta legebiltzarrak senatari autonomiko hautatu zuen Barkos. Madrilen, Nafarroaren interesak defenditzen ditu, eta, aldi berean, Geroa Bai koalizioaren eta Geroa Sozialberdeak alderdiaren erabaki organoetan ari da oraindik ere. 

PSNrentzat, berriz, politikan aurrera egiteko tranpolina izan daiteke Madril. Iraganean, PSN zokoratuta egon da PSOEren egitura konfederalaren barruan. Santos Cerdan Lurralde Antolakuntzako buru izan zen garaian, baina, Nafarroako sozialistek eragin ahalmena berreskuratu zuten, eta, horri esker, Moncloan bi postu esanguratsu lortu. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilari izandakoa Gizarte Segurantzako ministroa da gaur egun, bai eta gobernu horretako bozeramaile ere. Era berean, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate eta Berrikuntza kontseilari izandakoa arlo bereko estatu idazkari da Espainiako Gobernuan. 

(ID_15628815) FOTODELDÍA ESPAÑA GOBIERNO SÁNCHEZ
Elma Saiz nafarra Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroa da, baita bozeramaile izendatu berria ere. CHEMA MOYA / EFE

EAJko Josu Erkoreka, Jokin Bildarratz, Arantxa Tapia eta Ricardo Gatzataetxebarria, besteak beste, diputatu edo senatari izan ziren Eusko Jaurlaritzako sailburu izan aurretik. Bada, baina, alderantzizko norabidea egin duenik ere. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu izandako Estefania Beltran de Heredia Espainiako Senatuan dago orain.

Madril ez da, ordea, ibilbide politikoari Euskal Herritik kanpo jarraipena emateko plaza bakarra. PSE-EEren organigramako eta Eusko Jaurlaritzako goi mailako postuetara iritsi ostean, Idoia Mendia lehendakariordeak albo batera egin zuen 2023an, eta PSOEren zerrendetan aurkeztu zen Europako Parlamenturako bozetan. Hala, Estrasburgo eta Brusela artean dabil egun.

Lotura askatu gabe

Barcinak krisian murgilduta utzi zuen UPN, eta lehendakari izandakoaren kontseilarietako baten esku egon zen alderdiaren lema hartzea, Javier Esparzaren esku alegia. Alderdiaren presidentetza 2024an utzi bazuen ere, Esparza taldeko bozeramailea da oraindik. Juan Luis Sanchez de Muniainek asko zor izan dio Barcinari. Hark politika utzi ostean, egokitu eta hiru legealditan UPNren zerrendetan aurkezteko abilezia izan du. 

Beste batzuetan, goi kargudunei toki bat bilatu behar zaie. Nafarroan, azken bi gobernuen artean, deigarria izan zen Lurralde Kohesioko Departamentuan aldaketa bat proposatu izana Txibitek: Bernardo Zirizaren ordez, Oscar Txibite. Orain, azken hori Belateko tunelaren polemikaren zirimolaren erdian dago. Ziriza, berriz, erretiratu egin da, eta PSNko presidente izendatua dute. Ohorezko postu horretaz gain, postu bat du Sodena sozietate publikoan ere.

Badira enpresa publikoetako goi karguetan dabiltzan ordezkari politikoak ere. Horietako bat Maria Solana da. Geroa Baiko parlamentari jeltzaleak dimisioa eman zuen iazko azaroan, EAJk proposatuta RTVEko administrazio kontseiluko kide izateko izendatu zutelako. Maila apalago batean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari izandakoa, Itziar Gomez, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako sozietate publikoko zuzendari izendatu zuten gobernua utzi eta hilabete gutxira, 2023ko abenduan.

Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu ohia, berriz, hamabi urtez gobernuan ibili ostean, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kide izendatu zuen egungo Jaurlaritzak urtarrilean. Garamendi jurista da, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako aholkulari eta EHUko Azpiegituren eta Kontratazioen kudeatzaileordea izan zen. 

Politikariak ere aholku eske

Erakundeetan badira ezkutuan geratzen diren lanpostuak ere. Besteak beste, aholkularienak. Ezagunak dira halako postuak, baina ez horrenbeste aholkularien rola. Izan ere, askotariko jendea topa daiteke halako karguetan. Azkenaldian Jaurlaritzatik halako postuetara jauzi egin duten bi badira gutxienez. Josu Erkoreka Segurtasun sailburu ohia Bizkaiko Foru Aldundian dago orain, Elixabete Etxanobe diputatu nagusiaren aholkulari. Hain zuzen, Etxanobek Erkorekarekin egin zituen lehen urratsak administrazioan. Jonan Fernandez ez zen sailburu izan, baina antzeko bidea egin du hark ere. Lehendakaritzan aritu ostean, eta, Baketik-era itzultzeko asmoa azaldu bazuen ere, aurten EAJk eman dio lana, Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldearen aholkulari.

Buruzagi berrien ondoan, aurrera

Azkenik, Urkulluren agurrak ez du aldaketa handirik eragin beste zenbaiten norabidean. Izan ere, lehendakari ohiaren Gobernu Kontseiluan aritutako lau kide Imanol Pradalesen taldean dabiltza gaur egun: Bingen Zupiria (Segurtasuna), Nerea Melgosa (Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa), Javier Hurtado (Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa) eta Maria Jesus San Jose (Justizia eta Giza Eskubideak).

Nafarroan, berriz, egungo zortzi kontseilarik tokia izan zuten aurreko gobernuetan: Ana Ollo (Memoria-Euskara), Mikel Irujo (Industria), Carlos Gimeno (Hezkuntza), Rebeca Esnaola (Kultura), Jose Mari Aierdi (Landa Garapena), Fernando Dominguez (Osasuna) eta Carmen Maeztu (Gizarte Eskubideak). Javier Remirezena kasu berezia da. Senatari izan da, baina urtarrileko azken gobernu aldaketan bozeramaile eta lehen presidenteorde izendatu du Txibitek.

Jubilazioa, ibilbidearen amaiera

Eusko Jaurlaritzako hiru sailburu ohi jubilatu egin dira: Pedro Azpiazu (EAJ), Jokin Bildarratz (EAJ) eta Iñaki Arriola (PSE-EE). Hezkuntza sailburu izanari dagokionez, erretiro aurreratua hartu zuen, baina jaioterrian, Tolosan (Gipuzkoa), topatu du zeregina. EAJri lotutako Uzturre Foroko presidentetza hartu du. Arriola, berriz, Lurralde Planifikazioko, Etxebizitzako eta Garraioko sailburu eta lehendakariorde ohia alegia, erretiroa hartuta ere, Renfe Mercancias elkarte publikoko administrazio kontseiluan sartu zen. Espainiako Garraio Ministerioari lotuta dago postua, hain justu ere. Kontseilu horretan dabil Jose Antonio Santano sozialista gipuzkoarra ere, Estatu idazkari. Hark Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuorde izandakoa eraman du Madrilera, Adifeko presidente izateko.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburu izana ere jubilatuta dago. Haren inguruko informazio gutxi topa daiteke gobernua utzi zuenetik, baina Eusko Jaurlaritzako letradu gisa aritu ostean hartu zuen erretiroa.

2016-2020 legealdiko Eusko Jaurlaritza, Iñigo Urkulluren bigarren agintaldikoa. IREKIA
2016tik 2020rako legealdiko Eusko Jaurlaritza, Iñigo Urkulluren bigarren agintaldikoa. IREKIA

Nafarroan, Santos Indurainek ez ezik, erretiroa hartu dute Barkosen gobernuko Mikel Aranburu Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak eta Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak. Aranbururen ibilbidean, kontseilari gisa egindako lau urteak Foru Ogasunean egindako bidearen ginga izan ziren, eta, onartu zuenez, erretiratzeko irrikan zegoen amaieran. Liburu bat idatzi du Hitzarmen Ekonomikoari eta Kontzertu Ekonomikoari buruz. Gainera, folklorean aditua izanik, dantzari eta txistuari loturik jarraitu du. Eusko Ikaskuntzako kide da, besteak beste.

Maria Jose Beaumont jaioterrian bizi da egun. 2021ean, EH Bilduk eta Ezkerrak Nafarroako Auzitegi Nagusiko magistratu izateko proposatu zuten, baina izendapena ez zen aurrera atera. Handik urte gutxira abokatu izateari utzi zion. Bere kontzejuko presidentea izan da, baina ardura horiek ere utziak ditu.

Jose Luis Mendozak bi urte inguru eman zituen Hezkuntza kontseilari gisa, harik eta Barkosi dimisioa aurkeztu zion arte. Lanbidez sare publikoko irakaslea izanik, kargua utzi eta gutxira erretiroa hartu zuen funtzio publikoan.

Alderdietako buruak

Alderdi nagusietako buruei dagokienez, EAJren EBBko presidente ohi Andoni Ortuzar lehenik PwCra eta ondoren Movistarrera joan izana da orain arteko mugimendu entzutetsuenetako bat. Gainerakoetan, politikagintzan bertan edo unibertsitatean topatu dute lekua gehienek. 

PSE-EEko eta PPko buruzagi ohiek bide bera hartu asmo zuten: Estrasburgon aritzea. Idoia Mendia sozialistak lortu zuen, baina Carlos Iturgaiz popularrak ez, zerrendan zuen postuak ez baitzion eserleku bat bermatu europarlamentuan. Halere, alderdiak leku bat egin zion zuzendaritzan; zehazki, Askatasun Publikoen Idazkaritzan. 

EAEko PPko buru izan zen Alfonso Alonso ere. Hark Jose Bono Espainiako ministro eta PSOEko Antolakuntza idazkari ohiaren deia jaso zuen kargua utzi ostean, Acento aholkularitza enpresan aritzeko, eta hango presidente da gaur egun. 

Eremu berean aurkitu zuen lekua EAEko Ahal Dugu-ko buru izandako Lander Martinezek ere. Aholkularitza zerbitzu propio bat sortu zuen, Ahead, baina politikagintzara itzuli zen Sumar sortu zenean. Egun, Sumar Mugimenduko zuzendaritzan dago, eta Espainiako Kongresuko diputatua ere bada. Koalizio hartan da Ahal Dugu zuzendu zuen beste lagun bat ere: Nagua Alba. Hura Espainiako Kontsumo Ministerioko kabineteko zuzendaria da. 

Ezker konfederalaren barne zatiketan Podemosen aldeko hautua egin zuten koordinatzaile nagusi ohiek, berriz, bestelako bidea hartu dute: Roberto Uriarte eta Pilar Garrido aurrez zituzten lanpostuetara itzuli ziren; biak EHUko irakasleak dira. 

EH Bildun, berriz, ez dago aztertzeko askorik, Arnaldo Otegik eutsi egiten baitio oraindik koalizioaren lidergoari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.