Caravaggioren Musikariak izeneko koadroa ikusi nahi genuen MET Museoan. Koadroan lau nerabe ageri dira, eta horietatik bat, atzean dagoena, margolaria bera da. Edertasunaren hauskortasuna sinbolizatzen du margoak. Gaztetxo horiek, laster, ez dira izango.
Caravaggiok iraultza ekarri zuen margolaritzara XVI eta XVII. mendeen tolesduran, Chiaroscuroaren teknikarekin. Baina ez hori bakarrik, bere modeloak benetako pertsonak ziren, ez ziren gorputz idealizatuak. Kalean bizi ziren pertsonak eramaten zituen margoetara, eta gero aberatsek eta kleroko handikiek etxean edo elizetan ikusten zutena hori zen, kaleko jende pobrea, santu jantzita. Gogorarazi nahi zien jende txiroa ere hor dagoela.
Halako batean, eta hainbat gela igaroi eta gero, iritsi ginen musikariak egon behar zuten gelara. Margoa baina, ez zegoen horman. “Utzita dago”, argitu zigun emakumezko zaindari batek, hari buruz galdetu genionean. “Ordea, baduzue beste bat berarena, zoragarria, eta oharkabean pasatzen dena. Zatozte”.
Eta emakumeak mihisearen aurrera eraman gintuen. Caravaggiok “Familia santua” margotu zuen aldi bakarra dela esan zigun. Koadroan Ama Birjina eta Jesus agertzen dira, lehen planoan. Jesus umea da baina ez mantukoa, koskortua dago, lau bat urte izango ditu. Haren alboan San Joan Bataiatzailea dago, hura ere ume. Atzealdean, San Jose, ia ikusten ez dela, itzal bat.
“Konturatu zarete Ama Birjinaren begiradan?”, galdetu zigun zaindariak. “Guri begira dago eta kezka azaltzen du. Zerbaitez ohartarazi nahiko baligu bezala, jakingo balu bezala urte batzuk barru semea hilko diotela”.
Koadroari begiratzen nion eta emakumeari gero. Arrazoi zuen, Caravaggioren Ama Birjina gazte hura guri deika ari zela ematen zuen. Begirada indartsua zuen, erraz ez ahaztekoa. Aditzera eman nahiko baligu bezala, bere semea legez beste hainbat ume hiltzen ari direla gaur egun, munduko toki berean. Egin zerbait, geratu hori. Edo hori da niri gogora jaio zitzaidana, behintzat.
Hala ere, bisitariak gure atzetik pasatzen ziren, koadroan arreta handirik jarri gabe, beste artelan famatuago batzuen bila, edo beraien kezkekin buruan.