New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Behar duguna

2024ko apirilaren 22a
Kirmen Uribe

Lurraren nazioarteko eguna da, gaur, apirilak 22.

Charitie Ropati ikasleak Nazio Batuetan esandakoa etorri zait burura. Alaskako jatorrizko herrietako kidea da Ropati eta ingeniaritza estudiatzen du Columbiako unibertsitatean. Hark kontatu zuen bere birraitonak 1967 urtean egindakoa. Izotz iraunkorraren gainean zuten herria eraikia. Izotza urtzen hasi zela konturatu eta aitonak eta bere kideek, traktoreak eta zakurren lerak erabiliz, herri osoa mugitu zuten kilometro batzuk iparraldera. Belaunaldiz belaunaldi bizi izan ziren tokia utzi zuten lurra ondoratzen eta uraren maila igotzen ari zelako. Eta hirurogeiko hamarkadatik hona, Lurraren tenperaturaren igoera arras bizkortu da.

Ropatik kontatu zuen birraitonak esaten ziola haiek aberatsak zirela, “behar zutena” zeukatelako bizitzeko. Ingurutik hartzen zuten janaria, arrantza eta fruituak, elkarren laguntasuna zuten, bizileku ederrean. Ez zuten ezer faltan. Eta ezer faltan ez duena, hori da aberatsa.

Lurra gaixotzen ari zaigu. Gaixotzen, haren baliabideak xahutzen ari garelako. Beti gehiago nahi dugu. Kalkulatu da, munduko biztanle guztiak estatubatuarren mailan biziko balira 5.1 planeta beharko genituzkeela baliabide nahikoa izateko.

Beharbada, sasoia da denok aberats izateko.

Ropatiren aberastasunaren ideiarekin.

Behar dugun horrekin bizita, ez gehiago, eta ez gutxiagorekin.

 

Atal gehiago
New Yorkeko Munduak

Ikasleen hautu zaila

Gazako triskantza dela eta protestak gero eta handiagoak dira Estatu Batuetako unibertsitateetan. Columbian kanpaldiak jarraitzen du, nahiz eta pasa den astean polizia oldartu zitzaien eta hura desegin, ikasleek berriz jarri dituzte dendak. Gazako egoera hobetu arte ez omen dira joango, eta Columbiak sionistekin dituen loturak eten arte.

Iragan astean, baita ere, New Yorkeko Unibertsitatean poliziak manifestaldi bati gogor ekin eta atxilotuak izan ziren ehundik gora ikasle eta irakasle.

Tentsioa handia da komunitate unibertsitarioan. Unibertsitateetako agintariek deitu zuen bi kasuetan polizia. Presio handia sentitzen dute, izan ere, dirua ematen duten emaile horiek esan diete ez dutela diru gehiago jasoko protestak eteten ez badira. Eta unibertsitateek diru-iturri nagusietako bat dira emaileak. Emaileen ustez antisemitismoa zabaltzen dute protesta-egileek.

Bestalde, gauza jakina da iritzi askatasuna sakratua dela mundu akademikoaren arima, eta horren aldarria egiten dute irakasle eta estudianteek.

Poliziak atxilotua izatea ez da broma ikasle askoretzat. Afro-amerikarrak beldur izaten dira. Orobat, ez bazara Estatu Batuetako hiritarra kanporatua izateko arriskua duzu. Eta behin kanporatuta, Estatu Batuetara itzultzea ez da erraza. Akabo zure ikasketak.

Kanpaldian edo manifestaldietan dabiltzan gazte hauetako batzuk 60.000 dolarreko matrikula ordaintzen dute. Familiak urte askotan egoten dira aurrezten seme-alabak munduko unibertsitateen zerrendan punta puntan dauden zentroetara bidaltzeko.

Ez, protesta egitea ez da bromakoa. Asko jartzen dute arriskuan ikasle hauek. Beren bizitzako ametsa, ala mundu hobe bat.

Horra hautua.

New Yorkeko Munduak

Behar duguna

Lurraren nazioarteko eguna da, gaur, apirilak 22.

Charitie Ropati ikasleak Nazio Batuetan esandakoa etorri zait burura. Alaskako jatorrizko herrietako kidea da Ropati eta ingeniaritza estudiatzen du Columbiako unibertsitatean. Hark kontatu zuen bere birraitonak 1967 urtean egindakoa. Izotz iraunkorraren gainean zuten herria eraikia. Izotza urtzen hasi zela konturatu eta aitonak eta bere kideek, traktoreak eta zakurren lerak erabiliz, herri osoa mugitu zuten kilometro batzuk iparraldera. Belaunaldiz belaunaldi bizi izan ziren tokia utzi zuten lurra ondoratzen eta uraren maila igotzen ari zelako. Eta hirurogeiko hamarkadatik hona, Lurraren tenperaturaren igoera arras bizkortu da.

Ropatik kontatu zuen birraitonak esaten ziola haiek aberatsak zirela, “behar zutena” zeukatelako bizitzeko. Ingurutik hartzen zuten janaria, arrantza eta fruituak, elkarren laguntasuna zuten, bizileku ederrean. Ez zuten ezer faltan. Eta ezer faltan ez duena, hori da aberatsa.

Lurra gaixotzen ari zaigu. Gaixotzen, haren baliabideak xahutzen ari garelako. Beti gehiago nahi dugu. Kalkulatu da, munduko biztanle guztiak estatubatuarren mailan biziko balira 5.1 planeta beharko genituzkeela baliabide nahikoa izateko.

Beharbada, sasoia da denok aberats izateko.

Ropatiren aberastasunaren ideiarekin.

Behar dugun horrekin bizita, ez gehiago, eta ez gutxiagorekin.

 

New Yorkeko Munduak

Eklipsearen uberan

Bitxia da New Yorken hiritarrek duten zientziarako zaletasuna eta jakinmina. Asteleheneko eklipsearekin bidaiak antolatu zituzten New York estatuaren iparraldera, Buffalo edo Niagara aldera, handik hobeto ikusiko zelako. Hegazkin txartelak eta hotelak agortu ziren. Liburutegi eta museoetan betaurreko bereziak banatu zituzten ilargiak estaliko zuen eguzkiari zuzen begiratzeko. Ikastetxeetatik ateraldiak antolatu ziren. Iritsi zen eguna, eta minutu batzuetan dena igaro zen. Ilundu egin zuen pixka bat eta gero argitu. Seme alabak azkenerako desengainatuta etxeratu ziren. Hainbestekoa zen ikusmina ezen ez zirela hunkitu.

Larunbatean txangoa egin genuen Connecticut aldera. New Englandeko euskaldunak jaia zuten antolatuta. Hiru ordu autoan joanean eta beste hiru etorrian. Seme alabek protesta egin ziguten, urrun zegoela, hobeto zela hirian bertan beste planen bat egitea. Mutur luzez egin zuten bidaia.

Hitzordua euskaldun baten etxaldean zen. Iritsi ginenean euria ari zuen, hotza. Ez zirudien festarako toki eta une egokia. Baina baserriko laratzera sartu orduko argitu zen gure aldartea. Jendea kontu kontari eta barre algaraka. Paraje hartako euskaldunak gehienak pilotari ohiak dira, zestaren urterik onenetan itsasoa zeharkatutakoak. Musika, parrilan haragia, herri kirolak eta istorioak, bakoitzak zerbait zuen kontatzeko. Gure gaztetxoek ezin zuten sinetsi. Dantzan egin zuten eta arratsaldea su handi baten inguruan bueltaka bukatu zuten. Hari mehearekin joan ziren baina oroitzapen polit batekin bueltatu

Eta kedar usainez.

New Yorkeko Munduak

Lurrikara eta erreplika

Goizeko hamarrak eta hogeian izan zen. Ostiralez. Columbia Unibertsitateko liburutegi barruan nengoen. Halako batean, burrunba. Tren bat azpitik pasako balitzaigu bezala. Sapaitik eskegita dagoen argi-armiarma dardarka hasi zen, kristal hotsa. Elkarri begira hasi ginen han geundenok. Inork ez zuen pentsatu lurrikara izan zenik. Kaleko obrak, kamioi handi bat albotik pasatzen. Horrelako zerbait. Handik gutxira, mugikorrak hasi ziren dardaraka. New York Estatuko mezua. Lurrikara bat izan zela, baina lasai egoteko. Ostean, eskolatik mezuak, umeak ondo daudela. Eta familiakoenak.

Hiritarrek, orohar, umorez hartu zuten. Auzoko denda batean kamisetak saltzen ere jarri ziren. “Bizik atera nintzen 2024ko New Yorkeko lurrikaratik”, zioen lemak.

Erreplika larunbatean izan zen. Euzko etxean. Giza-lurrikara. Athletic-ek jokatzen zuen finalean. Ehundaka euskaldun han bilduta. Athleticeko ereserkia euskaraz abesten azentu amerikarrarekin. Euskaldunen bigarren eta hirugarren belaunaldiak. Eta horiekin batera lurralde guztietakoak, hegoaldeko eta iparraldeko euskaldunak. Errealeko batzuk ere bai, elastiko zuri-urdinekin.

Euzko Etxea jendez lepo zegoen. Pantaila erraldoira begira denok. Telebistako seinalea minutu batzuk berandu iristen zen, baina inor ez zen ausartzen sakelako telefonora begiratzen. Ez genuen aldez aurretik jakin nahi zer gertatzen ari zen itsasoz beste aldean. EITBko Yerai Diaz Ikaran gure ondoan eserita zegoen. Hura jakinaren gainean zegoen baina ondo disimulatzen zuen, ez zuen ezer esaten. Zaletuek abesten eta zapiak astintzen jarraitzen zuten. 120 minutu eta garaipenik ez. Penaltiak iritsi ziren. Bat-batean, Yerai irribarre handi batekin aulkitik altxatu eta jendearen erreakzioa grabatzeko prestatu zen. Hark bazekien. Orduan jakin genuen irabazi genuela. Eta eromena piztu zen.

Bigarren lurrikara, Brooklyngo Euzko etxean.

 

New Yorkeko Munduak

Ametsaren gaiztoa

Mark Kurlansky idazleak berak idatzitako liburu bat oparitu. Oroitzapen liburua da, eta bere bizitzako pasarteak Hemingwayren figurarekin lotzen ditu. Nola ezagutu zuen idazlea txikia zenean, Idahon, eta gertakizun horrek bere bizitzan izan duen itzala. Zaletasun asko zituzten berdinak, itsasoa, literatura eta euskaldunonganako maitasuna, besteak beste.

Marken liburu gogokoen artean dago Agurea eta itxasoa. Badakizue kontakizuna, nola zortea galdua duen arrantzale kubatar batek harrapatzen duen marlin handi bat, bakarrik. Harrapatu bai baina hain arraina handia izanik ezingo du txalupara igo eta marrazoek jango diote ehiza. Arrainaren hezurdura hondartzan utziko du agureak. Eskuak hutsik joango da etxera baina mundu guztiak jakingo du zer harrapatu duen.

Badiote kritikari batzuk ametsaren arriskuaz ohartarazi nahi zigula idazleak. Ametsaren atzetik ibiltzea galbidea ere izan daitekela, ez baduzu lortzen.

Hori zuen buruan idazleak.

Liburua idatzi zuenean, Hemingway ez zegoen bere onenean. Aurreko nobelak kritika txarrak izan zituen. Amaitutako idazletzat zuten. Galdua zuela zioten gaztaroan izan zuen xarma eta trebetasuna. Berak ere bere buruaz zalantza egiten zuen, ea gauza on bat idazteko gai izango zen, alkoholarekin zituen arazoak kontuan hartuta.

Azken ahaleginean, Kuban entzundako istorio bat gogoan hartuta, gelan sartu eta maisu-lana idatzi zuen oso denbora gutxian. Agurea eta itsasoa ipuin bezala argitaratu zuten lehenik Life magazinean, eta liburu formatuan gero, hain izan zen arrakastatsua. Berehalaxe, entzute handia hartu zuen mundu mailan eta Literatura Nobel Saria ere eman zioten handik gutxira.

Bai, agureak bazekien arrantzan.

New Yorkeko Munduak

Euskara eta poesia

Atzo iritsi nintzen Euskal Herrira, bi asterako. Loraldiak antolatuta, Munduaribegiratzeko ikus-entzunezkoan parte hartuko dut asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian. Ospakizun gaua izango da, hogei urte bete baitira Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta bostok Zaharregia, txikiegiaagian hartako lehen emanaldia New Yorken eman genuenetik. Poesia, musika eta artea zuzenean. Eta euskara aldarri. Bilbon, CD-liburu hartako piezak, ostean etorri zen Jainkotxikietajostalarihura-koak eta aurten beren beregi sortutakoak eramango ditugu taula gainera. Aspaldiko lagunak, amets berrituekin.

Arriagako emanaldia eta biharamunean hasiko da Korrika, ostegunez. Eta hor ere parte hartuko dut, jakina. Nire herrian, Ondarroan, batuko natzaio. Beste bat gehiago izango naiz, euskararen aldeko karrera alaian. Beste bat, izan ere, bakarrik ez dago hizkuntzarik hitz egiterik, lagundua behar duzu izan, parte izan. New Yorken gero eta jende gehiagok galdetzen dit nola egin dugun euskararekin, benetan txalotzekoa izan dela berpiztea. Nik esaten diet egin dugula nahi izan dugulako, borondatea jarri dutelako herritarrek, hangoek eta hemengoek, nahia eta gogoa, euskaraz bizitzeko. Hiztun-komunitaterik gabe ez dago hizkuntzarik, euskaldunik gabe ez dago euskararik.

Datorren astean Bidebarrieta liburutegian egongo naiz Bilboko poesia jaialdiaren hogeita bostgarren urteurrena ospatzen. Poesiak eman didanaz arituko naiz, poemak irakurriz gozatu dudanaz, eta idatziz ikasi dudanaz.

Euskara eta poesia, horra Euskal herriratzeko aitzakiak.

Ez dira txarrak.

New Yorkeko Munduak

Hizkuntzen hiria

Donald Trumpek asteon esan du hegoaldeko mugara egindako osteran. Migrariek kaltea baino ez dutela ekartzen Estatu Batuetara, lapurrak omen dira, biolentoak, bortxatzaileak. Eta gainera, “inork ulertzen ez dituen hizkuntzak” ekartzen dituztela beraiekin, Estatu Batuetan lehen ezagutzen ez zirenak, gaixotasun larriak balira bezala, hitzezko infekzioak. Arreta deitu zidan hizkuntzak lapurreta edo bortxaketen maila berean jartzeak.

Migrarietako asko New Yorkera iristen dira babes bila. New York migrarientzat “santutegi” bat izan da betidanik. Hainbeste, ezen migrarien eskubideak urratzen dituzten lege federalak ez diren bete nahi.

Migrariak badatoz, beraien hizkuntzekin.

Ross Perlin hizkuntzalariak Language City izeneko liburua aurkeztu berri du. Columbia unibertsitateko irakasleak dio ez dela gizateriaren historia osoan existitu New York gaur egun den bezain hiri eleanitzik . Zazpiehun hizkuntzatik gora hitz egiten dira. Queens da gunerik askotarikoena. Auzo horretan, besteak beste, Afrika ekialdeko ehun hizkuntzatik gora egiten dira berba.

Baina beste aldea ere badago. Hizkuntza batzuk hemen hil dira. Azken hiztuna New Yorken izan duten munduko hizkuntzak.

New Yorkeko jatorrizko hizkuntza lenapea zen. Baina lenapez dakien hiztunik ez dago dagoeneko hemen. Denak kanporatu edo hil zituzten, nahiz eta beraiek eman izena Manhattan-i. Manhattan-ek “arkuak egiteko zura lortzeko tokia” esan nahi omen zuen.

Lenapeak arkuak egitera etortzen ziren hona eta gaur eguneko migrariak, bizimodu hobe baten bila, aukera berrien bila, nor bere hizkerekin hiria ederragotuz.

New Yorkeko Munduak

Patrikako deabrua

Robert Louis Stevenson idazlearen ipuinik ezagunenetako da “Botilako Deabrua”. Bertan kontatzen da nola Keawe izeneko hawaiiar batek San Francisco hirira bidaia bat egiten duela eta han gauza berezi baten jabe egiten da: barruan deabrua daraman botila bat erosten dio gizon artega bati. “Deabruak edozein desio betearaziko dizu, bizitza luzatzea izan ezik. Hori bai, hil baino lehen hobe duzu botila saltzea bestela infernura joango zara. Botilak balioa galdu egiten du saltzen den bakoitzean, prezio baxuago batean saldu behar da. Azkenak, hortaz, ezin izango du saldu eta infernura joango da”. Salduko al du botila Keawek?

Ez dakit botila, baina denok dugu eskura barruan deabrua daraman gailu bat: mugikorra. Ematen du gure desio guztiak betetzen dituela, hark bezala. Baina hau inork ez du saldu edo albo batera utzi nahi, gutxi batzuk izan ezik.

Sare-sozialetan dagoen deabruaz ohartu da New Yorkeko Eric Adams alkatea eta haien arteko bost konpainia handienei salaketa jartzea erabaki du. Sare-sozialen eraginez gaztetxoak bakarti, nagi eta goibel omen daude. Osasun mentalean eragin gaiztoa dute. Hazi egin da nabari suizidioen kopurua. Eric Adams alkateak argitu du duela urte batzuk ez zegoela daturik, eta ezin zela ezer egin, usteak baino ez zirela. Baina orain bai, data badago, orain badakite kalteei buruz, izen-abizenekin eta diru-kopuruekin, eta horregatik salaketa.

New Yorkeko hiriko alkateak erabaki hori hartzea jauzi handia da. Agian ez du ezer lortuko epaitegietan, baina hiritarrak ohartarazi ditu gailuen eta sare-sozialen arriskuaz.

Gailuak itzali eta burua beste zerbaiten jartzeko orena da.

Adibidez, Robert Louis Stevenson irakurriz.

 

 

New Yorkeko Munduak

Egun bakarreko negua

Euskal Herrian, Agate Deunaren bertsoak kantatuz makilekin lurra zanpatzen da. Nonbait lurra esnatu eta udaberria etor dadin. Garai beretsuan, otsailaren hasieran eta Estatu Batuetan, Phil izeneko marmotak negua luzatuko denentz argitzen digu. Aurten, animaliak esan zuen udaberria aurreratuko dela. Agate Deunaren makilek egin zuten bere lana, agi denean.

Baina astebete beranduago elurtea izan da New Yorken. Egun bakarreko negua. Eskolek agindu zuten ez zegoela klaserik. Ez dakigu arrazoia benetan elur jasa handiak bideetan eragin zezakeen kaltea zen, ala besterik gabe, nahi zuten umeek egun hori libre izatea, elurretan ibiltzeko. Nik hori pentsatu nahi dut.

Ikusgarria da nola aldatzen den New York hiria horrelako egunetan. Umeek parkeak hartzen dituzte eta maldetan txirristatzen hasten dira. Parke elurtuen zuria haurren jakek kolorezko margotzen dute.

Hiria, horrelakoetan, herri bilakatzen da. Hiritarrak batera daude, jolasean, barrez, urrutira joan gabe, dirurik ordaindu gabe, etxe ondoko parkean.

Elurrarekin irudiak ere egiten dira. Central Parken, Great Lawn deritzon belaze zabalean, hartz zuri batzuen irudiak zeuden. Klima aldaketa salatu nahi duten aktibista batzuek eginak. Artikoa urtzen ari da eta hartz polarrak gosez hiltzen.

Lurra gaixo da.

Laster, Agate Deunaren makilek hura esnarazi baino berpiztu behar izango dute.

New Yorkeko Munduak

Super Bowlari Begira

Igandea Super Bowl-aren eguna izan zen. Eguna diot, partida arratsaldez izan arren, egun osoa egoten baita jendea hemen leihari buruz berbetan. Baserritarren azokan, parkean oinez dabilenak edo supermerkatuan.

Metroan ere entzun dugu partidari buruz. Gidariak berak ziurtatu digu garaiz iritsiko dela trena. Hari entzunda gure atzean gizon batek esan digu berak partida baino atsedenaldiko kontzertua nahiago izaten duela. Urteko abagunea musikarientzat, miloika pertsonek ikusten dutena.

Futbol amerikarra konplexua da. Behin lagun batek kontatu zidan oso sinplea dela kontua, “baloia inor ez dagoen tokira botatzea da gakoa”. Nola inor ez dagoen tokira? Ez nuen ezer ulertzen. Eta gero hasi zitzaidan baloiaren kontu hori lotzen estatubatuarren izaerarekin, maila sinbolikoan. Nonbait gustuko dutela inor ez dagoen tokira iristea, inork idatzi ez duen nobela idaztea, inork asmatu ez duen hipotesia zientzian, lortu ez den kirol marka, edo negozioa bilatzea, inork uste ez zuen esparruan. Ados, esan nion lagunari, konbentzimendu handirik gabe.

Seme-alabek hobeto ulertzen dute. Argitu digute San Francisco eta Kansas City ren artean dela aurtengo finala. Kansas iazko irabazlea da, baina SF hobeto omen dabil. Beraiek SFren alde daude, jokalari batengatik. “The Irrelevant” deitzen diote, “makala”, esango genuke guk. Jokalaria ez zuten ezertarako nahi eta aurten bera omen da finena. Hori ere oso istorio estatubatuarra.

Gero eztabaidatu dugu Kansas City hiria ez ote dagoen Kansas estatuan. Alexari galdetu diogu.. Kansas City Missourin dagoela argitu digu makinak, baina auzo bat baduela alboko Kansas estatuan.

Hasi da partida eta jarri gara begira.

Denok. Baita Alexa bera ere.

Podcastak
BERRIKETAN Logo
Berriketan

Euskal rockaren erro bi

Errobi musika taldea du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Duela 50 urte eman zuten lehenbiziko kontzertua, eta hamar urteko ibilbidean bost disko argitaratu zituen. Euskal rockaren aitzindarien ibilbideari errepasoa eman diogu Garbiñe Ubeda BERRIAko kultur kazetariarekin eta Gorka Erostarbe Badok musika atariko arduradunarekin.

Atal honetan Errobi taldearen kanta hauek aditu daitezke: Kanpo, Aitarik ez dut, Gure lekukotasuna, Nora goaz?, Ametsaren bidea, Agur t'erdi eta Gure zortea Berriketan podcasteko doinuak Lumi taldeak egin ditu.

Atalaren bukaeran, BERRIAn dokumentazio lanetan aritzen den Maddi Ane Txoperenak egunkarian argitaratutako esaldi bat nabarmendu du

Kinka
Kinka

Ozeanoak bero, eta itsas espezieak habitat berrien bila

Ozeanoetako uraren tenperatura igoera eta horren ondorioak ditu hizpide Kinka podcastaren ale berriak. Itsas ekosistemetan eta espezieetan dituen eragin ugariak zein diren xehatu du Maite Erauskin AZTIko ikertzaileak. Hiztegian, hiriburu berdeez aritu dira Nagore Arin eta Oli Artola. Aholkuen atalean, tokian tokiko eta garaian garaiko produktuez hitz egin du Gorka Egiak.

New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Ikasleen hautu zaila

Gazako triskantza dela eta protestak gero eta handiagoak dira Estatu Batuetako unibertsitateetan. Columbian kanpaldiak jarraitzen du, nahiz eta pasa den astean polizia oldartu zitzaien eta hura desegin, ikasleek berriz jarri dituzte dendak. Gazako egoera hobetu arte ez omen dira joango, eta Columbiak sionistekin dituen loturak eten arte.

Iragan astean, baita ere, New Yorkeko Unibertsitatean poliziak manifestaldi bati gogor ekin eta atxilotuak izan ziren ehundik gora ikasle eta irakasle.

Tentsioa handia da komunitate unibertsitarioan. Unibertsitateetako agintariek deitu zuen bi kasuetan polizia. Presio handia sentitzen dute, izan ere, dirua ematen duten emaile horiek esan diete ez dutela diru gehiago jasoko protestak eteten ez badira. Eta unibertsitateek diru-iturri nagusietako bat dira emaileak. Emaileen ustez antisemitismoa zabaltzen dute protesta-egileek.

Bestalde, gauza jakina da iritzi askatasuna sakratua dela mundu akademikoaren arima, eta horren aldarria egiten dute irakasle eta estudianteek.

Poliziak atxilotua izatea ez da broma ikasle askoretzat. Afro-amerikarrak beldur izaten dira. Orobat, ez bazara Estatu Batuetako hiritarra kanporatua izateko arriskua duzu. Eta behin kanporatuta, Estatu Batuetara itzultzea ez da erraza. Akabo zure ikasketak.

Kanpaldian edo manifestaldietan dabiltzan gazte hauetako batzuk 60.000 dolarreko matrikula ordaintzen dute. Familiak urte askotan egoten dira aurrezten seme-alabak munduko unibertsitateen zerrendan punta puntan dauden zentroetara bidaltzeko.

Ez, protesta egitea ez da bromakoa. Asko jartzen dute arriskuan ikasle hauek. Beren bizitzako ametsa, ala mundu hobe bat.

Horra hautua.

BERRIKETAN Logo
Berriketan

M1: Langileak zutik

Maiatzaren Lehena du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Mobilizazio nagusiez, aldarrikapenez eta batasunaz zein batasun ezaz aritu gara Ekhi Erremundegi eta Imanol Magro BERRIAko kazetariekin.

Berriketan podcasteko doinuak Lumi taldeak egin ditu.

Atalaren bukaeran, BERRIAn dokumentazio lanetan aritzen den Maddi Ane Txoperenak egunkarian argitaratutako esaldi bat nabarmendu du.

BERRIKETAN Logo
Berriketan

UPN: Alderdia azalberritzeko tenorea

UPNren XIII. kongresua du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Cristina Ibarrola alderdiko presidente izendatuko dute igandean, zerrenda bakarra aurkeztu baitute. UPNren egoeraz eta kongresuaren gakoez aritu gara Joxerra Senar BERRIAko kazetariarekin.

Berriketan podcasteko doinuak Lumi taldeak egin ditu.

Atalaren bukaeran, BERRIAn dokumentazio lanetan aritzen den Maddi Ane Txoperenak egunkarian argitaratutako esaldi bat nabarmendu du.

Dunbala logoa
Dunbala

Bananas taldeari elkarrizketa

Gordintasuna eta emozioa ederki nahastu ditu Bananas taldeak Errekak Nola lanean. Bertako kantuei buruz aritu gara, besteak beste, Itzal Uranga taldekidearekin.  

Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.