Euskal Herrian, Agate Deunaren bertsoak kantatuz makilekin lurra zanpatzen da. Nonbait lurra esnatu eta udaberria etor dadin. Garai beretsuan, otsailaren hasieran eta Estatu Batuetan, Phil izeneko marmotak negua luzatuko denentz argitzen digu. Aurten, animaliak esan zuen udaberria aurreratuko dela. Agate Deunaren makilek egin zuten bere lana, agi denean.
Baina astebete beranduago elurtea izan da New Yorken. Egun bakarreko negua. Eskolek agindu zuten ez zegoela klaserik. Ez dakigu arrazoia benetan elur jasa handiak bideetan eragin zezakeen kaltea zen, ala besterik gabe, nahi zuten umeek egun hori libre izatea, elurretan ibiltzeko. Nik hori pentsatu nahi dut.
Ikusgarria da nola aldatzen den New York hiria horrelako egunetan. Umeek parkeak hartzen dituzte eta maldetan txirristatzen hasten dira. Parke elurtuen zuria haurren jakek kolorezko margotzen dute.
Hiria, horrelakoetan, herri bilakatzen da. Hiritarrak batera daude, jolasean, barrez, urrutira joan gabe, dirurik ordaindu gabe, etxe ondoko parkean.
Elurrarekin irudiak ere egiten dira. Central Parken, Great Lawn deritzon belaze zabalean, hartz zuri batzuen irudiak zeuden. Klima aldaketa salatu nahi duten aktibista batzuek eginak. Artikoa urtzen ari da eta hartz polarrak gosez hiltzen.
Lurra gaixo da.
Laster, Agate Deunaren makilek hura esnarazi baino berpiztu behar izango dute.