Kafea hartzera eraman naute argitaletxekoek Frankfurtera iritsi berri. Kexu ziren, literaturak ez du ia tokirik egunkarietan. Kritikarik ia ez. Orain Alemanian saltzen duena nobela erromantikoa omen da. Hiru astetan idatzitako liburuek milaka ale saltzen dituzte. Urtean hiru-lau nobela argitaratu ahal ditu egile bakar batek. “Nik nobela bakoitzarekin gutxienez hiru urte pasatzen ditut gero horien hamarrena saltzeko”, esan diet. Barre egin dugu. Alboko emakumea etorri zaigu. Esan digu ez egiteko barrerik, barre-algarekin ezin duela egunkaria irakurri. Harritu nau emakumea gure barreak molestatzeak, estonatu esatera ausartzeak.
Ke arteko eguna
Ke arteko egunak deitzen zen Antxon Ezeizaren filma gogoangarria. Hainbat hamarkada beranduago, antzeko zerbait bizi izan dugu New Yorkeko Washington Square plazan.
Ikasleek esan zidaten poliziak hartu zuela enparantza. Negu partean istiluak izan ziren bertan, elurrezko bolen gatazka bat antolatu zelako sarean, eta azkenean neurriz kanpokoa izan zelako. Baina asteak dira elurrik ez dugula. Udaberri goxoa iritsia da.
Ikasleetako batek argitu zidan: —Apirilak 20 delako izango da.
Zahar sentitu nintzen bat-batean. Zer erreibindikatzen da apirilaren 20an? Bada, belarra legalizatzeko eguna omen zen, garai batean aldarrikapena; eta New Yorken hura legalizatu zutenetik, ospakizuna.
Eskola bukatu, eta ikasleak bertara hurreratu ziren, bakoitza porro batekin. Ni ere bai, ikusminak jota.
Egia zen poliziarena. Gauzak bere onetik ez ateratzeko zeuden han, eta marihuana denda ofizialetan erositakoa zela baieztatzeko.
Plaza bete-betea zegoen: gazteak eta ez hain gazteak, mozorrotuta, musika jotzen; kanpin-dendak ere bai, norbaitek bidaia izarrei begira bukatu nahi balu ere.
Eta, batez ere, kea. Fabrika erraldoi bat zirudien hark urrunetik.
Tira, behingoz kea ez zen poliziaren poteena, ezta autoena ere. Biltzeko eta ondo pasatzeko aitzakia baizik.
Gerezi-loreak metroan
New Yorkeko parkeetan asko dira loratzen diren arbolak. Udaberri oro, pare bat astez, parkeak lorez lehertzen dira, zelaietan eta adarretan hazten dira, zeru-lurretan.
Gereziondoak, sagarrondoak eta bestelakoak, lore zuri, gorri, arrosa eta morez.
Alta, laster hasten dira loreak erortzen, eta hiritarrek gustuko dute loreen alfonbra horretan etzan eta zuhaitzaren adarrei begira geratzea. Inork ez ditu loreak arbolatik kentzen; erortzen direnean bai, orduan sartzen dituzte liburu baten barruan eta etxera eramaten.
Aurrekoan, 72 kaleko metro geltokian, gerezi-loreen euria ikusi genuen. Sabaiko burdinazko babes-sare artetik loreak erortzen ziren: ez elurra, ez euria, duela gutxi arte bezala, loreak.
Bidaiariak begira geratu ziren, liluratuta, trena iritsi eta loreak aurretik eraman zituen arte.
Arbolen loreekin, bi astetan magia sortzen da hirian. Eta beharbada horregatik da magikoa: hauskorra delako, bizitza bera bezala.
Ilargiaren bi aldeak
Ostiralean etxean egon ginen, elkarrekin, Artemis ontziaren itzulera ikusten. Seme-alabak ere bai, NASAko irudiei begira. Egia esan, mundu guztia zegoen hari begira, duela mende erdi bezala. Katia Etxezarreta astronautaren hitzak etorri zitzaizkidan gogora. Euskal jatorriko ingeniari mexikar gazteak zortzi urte zituela igaro zuen muga. Ez zekien ingelesez, eta hasieran zailtasun handiak izan zituen eskolan. Gero, ingeniaritza ikasi eta NASAra iritsi zen.
New Yorken Korrika
Hudson ibaiertzeko Little Island irlaren aurrean elkartu ginen New Yorkeko euskaldunak Korrika hiri handian egiteko. Ehunka lagun: ikasleak, zientzialariak, zerbitzariak, ingeniariak, kazetariak, aktibistak, sukaldariak, artistak.
Little Island garai bateko Pier 54, 54. moilan, eraiki berri dute. Ametsetakoa dirudien irla bat da: parketxo bat, oinekin jotzeko piano bat, jolasak eta New Jersey aldean eguzkia sartzen ikusteko anfiteatroa.
Korrika urrunetik
Korrikaren oihartzunak New Yorkera ere iritsi dira. Ostegun gauez familia osoa egon ginen Baxenafarroatik nola igarotzen zen online ikusten. Goizeko ordu txikiak ziren Euskal Herrian. Eta hala ere, jende andana ikusten zen euskararen alde lasterka.
Kilometro bat eta gero beste bat, herri bat eta gero beste bat: harrapatu egiten zaitu Korrika internetetik ikusteak. Eta ohartu gabe, orduak pasatzen dira.
Lehengusinak ere gauza bera esan dit: gauez, umeari bularra ematera jaikitzen zenean, hantxe egoten zirela, haurra eta biak, Korrika sarean ikusten, goizeko orduetan.
Gurean ere, gauero, afalostean, ohitura bihurtzen ari da: euskarazko suge koloreduna nondik nora dabilen begiratzea.
Mundu osotik dabil Korrika. Argentinan edo Idahon besta handiak antolatu dituzte. New Yorkera ez da iritsiko larunbata eguerdira arte.
Hudson ibaiaren ertzetik igaroko da, 700 hizkuntza dituen hirian. Eta 700 horien artean euskara: batzuentzat beste bat gehiago, guretzat bakarra.
Etorbidea
Bazterreko delian pasatzen dute droga.
Handik igarotzen naiz goizero.
Kanpoan zain taldetxo bat, gazteak, auzokoak.
Bertara iritsi naizenean, hantxe zeuden gaur ere.
Etorbideko aurreko espaloitik emakume bat hasi da agirika.
Gurditxo bat du eskuetan. Harekin egiten du oinez.
Taldeko gazte batek erantzun egin dio.
—Zer egiten duzu gaur ere hor? —esan dio emakumeak. —Ez zaitut ezagutzen. Alproja!
—Zu bezalakoa —mutilak—.
Zuk egin nauzu horrelakoa.
Oihuak gero eta handiagoak bilakatu dira.
Oinezkoak geratu egiten ziren begiratzera.
Semea alde batean, ama bestean.
Eta tartean etorbidea: autoak, kamioiak, anbulantziak.
Oihuak alde batetik bestera.
Bietako inork ez du kalea zeharkatu.
Ez dira inon elkartu.
Ama eta semea.
Txanponak bi alde
Gure aitaitak ez zuen sekula ulertu zergatik ez nuen derrigorrezko soldadutzara joan nahi. Eta are gutxiago horregatik kartzelara joateko prest nengoela.
Berarentzat soldadutza askapen moduko bat izan zen. Joan den mendeko hogeiko hamarkadan, Ondarroatik, bere herritik, ateratzen zen lehen aldia izan zen.
Itsas armadara joan behar izan zuen. Bartzelonara bidali zuten, portuko hegazkinen arduradun. Garbitu eta motorra martxan jarri behar izaten zien, helizeei eraginda. Herriko ontzietako lurrun-makinetan txo izan zenez, azkar ikasi zuen.
Egun batean entzun zuen Euskal Herritik beste soldadu bat iritsi zela, Santurtzikoa omen zen.
—Tu Santurtzi, yo Ondarroa —esan zion aitaitak gaztelania traketsean. Eta geroztik lagun egin ziren.
Gero Southamptonera joan ziren gerraontzi batean. Gastuetarako eman zioten diruarekin traje ingeles bat erosi zuen bertan.
Trajea jantzita itzuli zen etxera, eta lagunekin edatera atera zen. Egunsentian, poltsikoan geratzen zitzaion txanpon bakarra zubitik behera bota zuen.
Eta horrela hasi zuen aitaitak bizitza berria.
Elizdorrearen ordua
Goizero joaten naiz Columbia Unibertsitatera oinez. Hango liburutegian idazten dut. Hori da nire goizeko ohitura: gosaldu, etxea hustu, eta tipi-tapa egitea etxetik Columbiaraino, 37 kaleak zeharkatuz. Arratsaldean, literatura eskolak. Baina goiza idazteko dut.
Hiria esnatzen egoten da: kafetegiak zabaltzen, kamioiak zama hustutzen. Morningsidera iristeko aldapan gora egin behar da, eta gero argitasuna dator. Etxeak baxuagoak dira. Eta elizdorreak daude, ordua ematen dakiten kanpaiekin. Ematen du herri batean zaudela, nahiz eta hiriaren erdian egon. Orduak ematen dituen elizak itxura gotikoa du, 1868an eraikia izan arren. Eliza atarian ilarak egoten dira, jendea arropa eta janaria jasotzen.
Duela gutxi irakurri nuen berria: elizak bota behar zituzten etxeak egiteko. Nire bideko eliza kuttuna ere bai. Nahiz eta badakidan etxeak behar direla, hutsunea sentitu nuen. Eliza neogotikoaren ordez, eraikin luze bat altxatuko dute, ordua ematen ez dakiena.
Baina New Yorken bizitzak badaki pelikula baten modukoa izaten, eta azken orduko plot twistak izaten dira. Handik gutxira beste berri bat agertu zen: kexak zirela eta, eliza ez zela botako. Ondoan zuen eraikin zaharra bai; han egingo dituzte etxeak.
Elizak, beraz, jarraituko du ordua ematen.
Eta jatekoa eta arropa ere bai, nire Columbiarako goizetan.
Topa!
Asteburuetan ardoa erosten dugu. Ostiral eta larunbat iluntzean edateko. Hemen ez dago hango poteo ohiturarik; asko jota taberna batean geratzen zara, bakar batean, edo etxean.
Ardoa auzoko denda batean erosten dugu. Mundu osoko ardoak dituzte, gehienak organikoak edo jasangarriak. Europakoak asko, baita Euskal Herrikoak ere. Txakolinak arrakasta handia du eguraldiak hobera egiten duenean, eta negu partean Errioxakoek.
Dendakoak euskal izenez galdetzen digu. Gogoan dut behin “Gaupasa” izeneko ardo baten esanahia azaltzen ibili ginela. Segituan ulertu zuen. Irribarre egin zuen.
Ardo dastaketak ere egiten dituzte, eta orduan jendea biltzen da, ardoa probatu eta solasteko.
Aurten, ordea, ez gara hainbestetan joan. Prezioak igo zituzten tarifengatik, eta denda hustuago ikusten zen.
Baina orain, gaupasa baten ondoren bezala, egunak argitu du. Ostiralean jakin genuen Gorenak presidentearen tarifak bertan behera utzi dituela. Schwartz izeneko New Yorkeko ardo saltzaile batek jarri zuen helegitea, eta begira, epaileek arrazoia eman diote. Milioiak ordaindu beharko dizkiote kalte-ordainetan, berari eta inportazioan dabilen beste hainbat enpresari.
Ez dakit ardoaren prezioa jaitsiko den.
Banoa, badaezpada, dendara galdetzera.
Aspaldiko partez, berri onak.
Topa!
Presidentearen eguna
1968az geroztik, jai federal gehienak astelehenez dira Estatu Batuetan. Horrela ekidin nahi dira zubiak; langileek, asko jota, hiru eguneko atsedenaldia izan dezaten. Ekonomia da lege hemen. Mundu guztia lanera.





