New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Patrikako deabrua

2024ko otsailaren 26a

Robert Louis Stevenson idazlearen ipuinik ezagunenetako da “Botilako Deabrua”. Bertan kontatzen da nola Keawe izeneko hawaiiar batek San Francisco hirira bidaia bat egiten duela eta han gauza berezi baten jabe egiten da: barruan deabrua daraman botila bat erosten dio gizon artega bati. “Deabruak edozein desio betearaziko dizu, bizitza luzatzea izan ezik. Hori bai, hil baino lehen hobe duzu botila saltzea bestela infernura joango zara. Botilak balioa galdu egiten du saltzen den bakoitzean, prezio baxuago batean saldu behar da. Azkenak, hortaz, ezin izango du saldu eta infernura joango da”. Salduko al du botila Keawek?

Ez dakit botila, baina denok dugu eskura barruan deabrua daraman gailu bat: mugikorra. Ematen du gure desio guztiak betetzen dituela, hark bezala. Baina hau inork ez du saldu edo albo batera utzi nahi, gutxi batzuk izan ezik.

Sare-sozialetan dagoen deabruaz ohartu da New Yorkeko Eric Adams alkatea eta haien arteko bost konpainia handienei salaketa jartzea erabaki du. Sare-sozialen eraginez gaztetxoak bakarti, nagi eta goibel omen daude. Osasun mentalean eragin gaiztoa dute. Hazi egin da nabari suizidioen kopurua. Eric Adams alkateak argitu du duela urte batzuk ez zegoela daturik, eta ezin zela ezer egin, usteak baino ez zirela. Baina orain bai, data badago, orain badakite kalteei buruz, izen-abizenekin eta diru-kopuruekin, eta horregatik salaketa.

New Yorkeko hiriko alkateak erabaki hori hartzea jauzi handia da. Agian ez du ezer lortuko epaitegietan, baina hiritarrak ohartarazi ditu gailuen eta sare-sozialen arriskuaz.

Gailuak itzali eta burua beste zerbaiten jartzeko orena da.

Adibidez, Robert Louis Stevenson irakurriz.

 

 

Atal gehiago
New Yorkeko Munduak

Topa!

2026ko otsailaren 23a

Asteburuetan ardoa erosten dugu. Ostiral eta larunbat iluntzean edateko. Hemen ez dago hango poteo ohiturarik; asko jota taberna batean geratzen zara, bakar batean, edo etxean.

Ardoa auzoko denda batean erosten dugu. Mundu osoko ardoak dituzte, gehienak organikoak edo jasangarriak. Europakoak asko, baita Euskal Herrikoak ere. Txakolinak arrakasta handia du eguraldiak hobera egiten duenean, eta negu partean Errioxakoek.

Dendakoak euskal izenez galdetzen digu. Gogoan dut behin “Gaupasa” izeneko ardo baten esanahia azaltzen ibili ginela. Segituan ulertu zuen. Irribarre egin zuen.

Ardo dastaketak ere egiten dituzte, eta orduan jendea biltzen da, ardoa probatu eta solasteko.

Aurten, ordea, ez gara hainbestetan joan. Prezioak igo zituzten tarifengatik, eta denda hustuago ikusten zen.

Baina orain, gaupasa baten ondoren bezala, egunak argitu du. Ostiralean jakin genuen Gorenak presidentearen tarifak bertan behera utzi dituela. Schwartz izeneko New Yorkeko ardo saltzaile batek jarri zuen helegitea, eta begira, epaileek arrazoia eman diote. Milioiak ordaindu beharko dizkiote kalte-ordainetan, berari eta inportazioan dabilen beste hainbat enpresari.

Ez dakit ardoaren prezioa jaitsiko den.
Banoa, badaezpada, dendara galdetzera.

Aspaldiko partez, berri onak.

Topa!

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Presidentearen eguna

2026ko otsailaren 16a

1968az geroztik, jai federal gehienak astelehenez dira Estatu Batuetan. Horrela ekidin nahi dira zubiak; langileek, asko jota, hiru eguneko atsedenaldia izan dezaten. Ekonomia da lege hemen. Mundu guztia lanera.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Aitaren erlojua

2026ko otsailaren 9a

Iluntzea da. Osteguna. Metroa beteta dator. Jendea lanetik atera eta etxera bidean.

Bryant Parkeko geltokian gazte aldra bat sartu da trenera. Gehienak erdiko atetik. Bat bakarra hegalekotik.

Bat-batean, taldekoak oihuka hasi dira, hegalekoa ezagutuko balute bezala. Txamarra garestia darama, modako betaurrekoak. Taldeko bi hurbildu zaizkio. Hasieran, agurtzera doazela ematen du.

Baina mutila estutu egin da.

Haietako batek betaurrekoak kendu dizkio. Besteak labana atera du. Lepokoa eta erlojua eskatu dizkio.

Mutilak ezezko keinua egin du aurpegiarekin.

—Bizkor, geltokira iritsi baino lehen.

Azkenean eman dizkie. Biak eta gainerakoak trenetik atera dira.

Mutila barruan geratu da.

—Aitaren erlojua zen —esan du, eta negarrez hasi da.

Gizon bat hura lasaitzen ahalegindu da.

Trena gelditu da berriz. Taldea berriro sartu da. Oihuka hasi dira.

—Hau esperimentu sozial bat zen. Ikusteko zer jarrera hartzen duen jendeak horrelakoetan. Eta inork ez duzue lagundu.

Betaurrekoak, lepokoa eta erlojua bueltan eman dizkiote, eta denak batera atera dira kanpora.

Baina izua ez, hori ez da trenetik atera.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Altxorraren bila

2026ko otsailaren 2a

Ostiraletan apartamentuetako eraikinek birziklatzeko materialak ateratzen dituzte kalera: altzariak, kartoia eta papera poltsetan; beste batzuetan plastiko gogorrak, ontziak eta latak. Poltsak gardenak dira, kanpotik ikusten da barruan zer dagoen.

Ordua iristen denean, jendea ibiltzen da zaborretan bila. Batzuk altzariak hartzen dituzte. Gehienek, ordea, latak jasotzen dituzte. Gero saldu egiten dituzte, zentimo gutxitan, eta asko bilduta bizitzeko zer edo zer ateratzen dute.

Pasa den ostiralean, zero azpitik hotz, etxera nindoan ostiraleko pizza eskuetan. Gizon bat ikusi nuen plastikozko ontzien poltsa batean miatzen. Besoa barruraino sartzen zuen, behin eta berriz. Pentsatu nuen lataren bat jaso nahian ariko zela.

Baina ez.

Atera zuenak harritu egin ninduen: jostailu bat. Poltsatik jostailu bat atera zuen, eta irudikatu nuen pozik itzuliko zela etxera, ume bati oparitzeko.

Ni ere etxera nindoan, pizza eskuetan, poz berarekin.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Pandemia berria

2026ko urtarrilaren 26a

Galdera hori egin genion geure buruari Trader Joe’s supermerkatura iritsi, eta kanpoan ilara luzea ikusi genuenean. Eraikin osoari buelta ematen zion ilarak, pandemia sasoian bezala.

Barrura sartzeko txanda iritsi zenean, ordea, erosle gutxi aurkitu genituen barruan. Ez zegoen jenderik, ez zegoelako janaririk. Apalategiak erdi hutsik zeuden. Arrazoia iganderako iragarritako ekaitza zen, hamarkadetako handiena omen. Hiritarrek probisioak hartu nahi izan zituzten.

Etxean geratzeko eta bero egoteko eskatu zigun alkateak. Eskolak ere ixteko agindu zuen astelehen honetarako.

New Yorken etxejabeak ordaintzen du berogailua. Lurrunezkoa da sistema. 1882an eraiki zuten, hiritarren bizi baldintzak hobetzeko. Kaldera handiak daude auzo bakoitzean, eta beroa hodien bidez iristen da etxeetara. Orduan, agintariek ongizate komunean pentsatzen zuten.

Larunbatean, kalean zero azpitik 20 graduko sentsazioa zegoela, Minnesotatik iritsi zitzaigun bideoa: bigarren manifestari bat hil dute muga-poliziek. Laguntzen ari zen, eskuan mugikorra. Gero, isiltasuna.

Non ote daude ongizate komunean pentsatzen zuten agintari haiek. Ez dut epeltasun hori sumatzen.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Irakurketako lagun ezkutuak

2026ko urtarrilaren 19a

Gailuak eta burua betetzen dizkiguten hainbeste berri txarren artean, hona hemen bat ona. The New York Times-ek inkesta bat egin zuen galdetuz zertan hobetu zitekeen hiria. Erantzuna harrigarria izan da. Ez da izan segurtasun gehiago nahi dela, edo kaleak garbiagoak izatea. Erantzuna izan da: liburutegiak eta parkeak hobetzea. Diru gehiago jartzea horietan.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Gabonetako arbolen usaina

2026ko urtarrilaren 12a

Benetako arbola bat nahi zuen semeak, New Yorken Quebeceko baserritarrek kalean saltzen duten horietakoa. Esaten zidan plastikozko baten karbono arrastoa handiagoa dela, eta hobe dela berariaz hazitako bat, gero konposta egingo dena.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Besteen gabonak

2025eko abenduaren 22a

Gabonetako giroa nabari da aireportuan: argiak, apainketa, Santa Claus eta bastoi erraldoiak. Musika ere Gabonetakoa da, kanta alaiak, familiako hitzorduak iragarriz. Beteta dago aireportua, eta ilara luzeak daude kontroletik pasatzeko. Pantailak dio 45 minutu egon beharko dugula zain. Urratsez urrats, lerroari jarraiki, bira eta berriro ilarara. Jendea nekatuta eta urduri dago, kontrola pasatzeko grinarekin.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Julliardeko kantariak

2025eko abenduaren 15a

Juilliard da New Yorkeko musika eskolarik prestigiotsuena. Zaila da bertan sartzea, eta mundu osoko ikasleen guraria da han ikastea. Alabaren lagunik onenaren aitak bertan egiten du lan, opera kantarien irakaslea da, eta gonbidatu egin gaitu Gabon aurreko ikuskizunera.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Thomas Pynchon dabil solte

2025eko abenduaren 8a

Thomas Pynchon izango da, Don DeLillo eta Stephen Kingekin batera, AEBko literaturan idazlerik ikonikoena. Nobela postmodernoaren asmatzaileetako bat, are ikonikoago bihurtzen du haren irudi publikorik ia egon ez izana. Gaztetako hiru-lau argazki kenduta ez dago haren irudi gehiagorik. Inork ez daki zer itxura izango duen orain.

00:00:00 00:00:00
Podcastak
MurMur
MurMur

Sara Zozaiarekin estreinatu da MurMur

Badok Musika atariak Kulturaz Kooperatibarekin elkarlanean ondutako potcast saioa da ‘MurMur’. Lehen saioan sara Zozaia musikaria izan da gonbidatua. Gorka Erostarbek gidatuko du saioa eta Ander Mujika arduratuko da soinu kontuetaz.

00:00:00 00:00:00
Hizlandia
Hizlandia

Ibai Atutxa: Eider Rodriguezen 'Dena zulo bera zen'

Hogeita batgarren ataleko gonbidatua Ibai Atutxa kultur teorialaria, idazlea eta Bilboko okupazio mugimenduko kidea izan da. Eta aukeratu duen liburua, Eider Rodriguezen ‘Dena zulo bera zen’’ (Susa, 2025).

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Obusak egiteko zen altzairua

Sidenor auzia du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Espainiako Poliziak Sidenor metalurgia enpresaren bulegoetan aurkitutako agiri batek aditzera ematen du jakin bazekitela IMI System enpresa Israeldarrak obusak egiteko baliatu zezakeela haiek saldutako altzairua. Espainiako Auzitegi Nazionala Sidenorreko hiru buru ikertzen ari da bi deliturengatik: kontrabandoa eta gizadiaren aurkako delitu baten konplize izatea. Imanol Magro Eizmendi BERRIAko ekonomia gaietako kazetariak auziari buruzko berritasunak eta xehetasunak argitu dizkigu.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Herriko etxeak berrantolatzera

Ipar Euskal Herriko herrietako bozak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Martxoaren 15ean eta 22an eginen dira hauteskundeak Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko 158 herrietan, eta bozen inguruan jakin beharreko guziak azaldu dizkigu Ekhi Erremundegi Beloki BERRIAko politika gaietako kazetariak. Kanpaina eta bozen inguruko atal gehiago izanen denez gero, hau atarikoa izanen da.

 

00:00:00 00:00:00
Euskal Herriko Historia 100 objektutan podcasta
Euskal Herriko historia 100 objektutan

Zapia Buruan

Mengala, jorongo, juitzia, tontorra, mokoa, sapa...
Araoa dirudi, baina ez gabiltza zu sorgindu nahian.
Hitz guzti horiek gauza bakar bat izendatzeko erabili izan dira. Forma asko hartu ditzake, baina beti leku berean kokatzen da: buru gainean.
Badakizu zertaz ari garen?

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Euskarak merezi ez duen dekretua

Nafarroako merezimenduen dekretua du hizpide Berriketan saioaren atal honek. 2024 hondarrean onartu zuen Maria Txibitek gidatzen duen gobernuak, eta euskalgintzak hasieratik kontra egin du. Nafarroako lan deialdi publikoetan euskara eskakizuna nabarmen murrizteaz gainera, udalei ere langa paratu die dekretuak, baina halako mugarik ez die ezarri atzerriko hizkuntzei. Ion Orzaiz BERRIAko kazetariak azaldu dizkigu dekretuaren nondik norakoak.

00:00:00 00:00:00
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA