Idoia Anzorandia (Barakaldo, Bizkaia, 1983): Bertsotan eskualdean edo lagun giroan egiten duen arren, bere jardun nagusia gai jartzailetza da. Horretan aritzen da plazan, bai eta Bizkaiko eta Euskal Herriko bertsolari txapelketetan ere. Bertsolaritza irakaslea da hezkuntza arautuan. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldeko kide ere bada.
Neurriak neurriz
Doinua: Sentimendu asko dauzkat nerekin
1.
Aspaldian ez nuen ikusten
eta hurbildu zait trebe,
bi musu eman, besarkada bat
eta begirada lege
denez, edonor epaitzen dugu
iritzi libreak xede.
Ezer esan ez ta dena esan
iritziak ze botere!
Zure begiak ikusten ditut
nire ispiluan ere.
2.
‘Ze guapa zauden! Bueno, lehen ere...
baina orain, jo! Idoia...
Zenbat argaldu zaren kontatu,
eman dietaren gidoia.’
Zorion hitzak, txaloak eta
nagusikeriz sermoia,
osasun hitzez mozorrotuta
doan irain erraldoia,
ze txarrena da berdin dizula
zein den honen arrazoia.
3.
Eta ai ama, lodituz gero,
ez omen zaude galako
‘egizu dieta, egin kirola
probatu ehunka halako.’
Ez omen zara nahikoa zaintzen,
zabiltza ganorabako.
Txaloen ordez aholku sortak
datoz osasunerako
nire aurkari bihurtzen nauzu
uzteraino jokoz kanpo.
4.
Argaldu zara, loditu zara
pisua gora ta behera
nire irudia besteentzako
beti eskasa ote da?
‘Bikinia ez da zuretzako,
top-gona laburrak? Keba!’
Gaur kaloriak ondo zenbatu,
bihar igual gose greba...
Neure neurriak neurtzen ditut
zure hitzen arabera.
5.
Nola gorrotoz hazi gaituzten
begiratuz azalari,
espektatibaz bete gaituzte
exijentzia emari.
Inoiz ezer ez dela nahikoa
nahiz ta esan norberari,
ez da erraza, baina garaia
heldu zitzaigun aspaldi;
bidea eman behar diogu
gorputza maitatzeari.
6.
Nire gorputzak eramaten nau
nahi dudan lekuetara,
harekin maite dut ta harekin
itsasoan ze gozada!
Ahalbidetzen dit zu ukitzea,
jasotzea besarkada,
gaur abestea, bihar, agian,
ateratzea plazara...
Kostatu zaigu, baina azkenean
lagun min bihurtu gara.




