Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

jarraia223603.jpg
Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria
2023ko urtarrilaren 26a
14:54
Entzun

Garai konplexua bizi dugu, eta kalitateko informazio fidagarria ezinbestekoa da mundua ulertzeko eta garaiko erronkei aurre egiteko. Horretarako baliagarria den eta irakurleen kezka eta interesetatik gertu dagoen kazetaritzarekin engaiatua dago BERRIA. Zeregin horretan aritu da 2022an ere, iazko urteak aitzakia asko emango baititu gogoratzeko: Irulegiko Eskua aurkeztu zuten urtea izango da batzuentzat; Errusiak Ukrainari eraso egin zion urtea, beste askorentzat; COVID-19aren aurkako neurriak desegin ziren urtea, besterentzat.

Euskal presoen senide eta lagunentzat, urruntze politika bukatutzat eman zuten urtea ere izan da 2022a. Hiru urtez jarraitu du bilakaera hori BERRIAk, datu eta grafiko interaktiboen bidez. Erronka berriak dituzte orain presoek eta haien senideek, eta horren berri ere eman du kazeta honek.

Korrikaren urtea ere izan da iaz. Euskararen aldeko lasterketaren berri pausoz pauso eman du BERRIAk, bertatik bertara, zuzeneko kontakizuna eginez, argazki eta bideo bildumak eginez, eta erreportajeak landuz. Ez hori bakarrik, hamar musikarik kanta bana sortu zuten, egunkariak eskatuta, Korrikaren egun bakoitzerako.

Euskaldunek ere gogoan hartuko dute 2022a, eta ez Korrikarengatik edo Euskaraldiarengatik bakarrik. Datu batzuek berretsi zuten euskara kinka estuan dabilela: udalerri euskaldunenetan euskara atzeraka egiten ari dela ohartarazi zuen Uemak; euskararen erabilera handitzeko ezintasunak sakon aztertu zituen BERRIAk, eta euskara tituluek gaitasuna frogatzeko zer ezintasun dituzten ere azaldu zuen. Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak erakutsi zuen geldotua dagoela euskararen erabilera kalean. Langile publikoei euskara eskakizunak egiteko sortu diren eztabaida politikoak eta auzitegien esku hartzeak ere kezka iturri izan dira. Eta Ramon Saizarbitoria idazlearen gogoeta gordinak zer pentsatua eman du, testuinguru horretan: «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena».

EAEko Hezkuntza Legearen inguruan eztabaida eta protesta ugari sortu dira, eta horien lekuko izan dira BERRIAren edizioak, eta eztabaidarako eta elkarrizketarako plaza eman dute Iritziko orrialdeek. Eztabaida horretan zeresana duten eragileen ordezkariak ere elkarrizketatu genituen, apirilean.

Ezkutuko informazio ugari azaleratzen saiatu dira BERRIAko kazetariak, bestalde. Esaterako, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia zergatik amildu zen esplikatu zuen kazeta honek, lan sakon batean, iazko urtarrilean, esklusiban Cedexen txostena argitaratuta. Halaber azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako teknikari batzuek prebarikazioa egin ote zuten ikertuko duela auzitegiak. Hondakinei lotuta, beste berri batzuk ere argitaratu ditu BERRIAk esklusiban: adibidez, Zumarragan, Arcelor Mittal enpresaren milaka tona altzairu errauts bota zituztela itxita behar zuen zabortegi batean.

Bestelako salaketak agertzeko lekua ere eman du BERRIAk. Esaterako, abenduan, Elgoibarko (Gipuzkoa) emakume batek salatu zuen 1960ko hamarkadan sexu abusuak egin zizkiola herrian apaiz ibilitako don Andonik.

Bertso olde baten urtea

Kulturak ere urte mugitua izan du, eta 2022a Bertsolari Txapelketa Nagusiaren urtea izango da jende askorentzat. Urritik abendu erdialdera, BERRIAk luze eta zabal jorratu du txapelketa, zuzeneko kontakizunekin, erreportajeekin, kronikekin, eta bideo zein audio formatuak baliatuta. Baina ez da hori bakarrik izan: Durangoko Azokak pandemiaren aurreko itxura berreskuratu zuen, eta Donostiako Zinemaldiak ere bai. Horiei ere kasu egin die BERRIAk. Baina, batez ere, sortzaileen lanen berri eman du, haiengandik hurbil egoten ahaleginduz, eta euren lan baldintzak hobetzeko eztabaidari leku eginez. Horren lekuko, bost sortzailek egin zuten gogoeta, Kilkerren inurri lanak erreportajean, eta Irla den isla, sorkuntzari buruzko korapiloei buruzko dokumental laburra. Orhan Pamuk Literatur Nobel sariduna eta Silvia Federici pentsalari feminista ere elkarrizketatu ditugu, bestalde.

Arlo politikoan, BERRIAk jakinarazi zuen Abertzaleen Batasuna alderdiak desegitea erabaki zuela eta Euskal Elkargoaren barruan talde politikoak antolatzen hasiak zirela. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak karguan hamar urte egin zituenean, hark urteko ekitaldi nagusietan egindako hitzaldietan erabilitako hiztegia ere arakatu zuen kazeta honek. Eta beste gai berezi batzuk jorratu ditu: Pegasus auzia edota Pirinioetako bidea, mapa interaktibo eta guzti.

Mundua euskaldunen begietatik kontatzeko grinarekin jarraitu du BERRIAk iaz ere; eta ahal den guztietan, bitartekaririk gabe eta zuzenean kontatzeko grinarekin. Ukrainan gerra hasi zenean, Poloniako mugara joan ginen, errefuxiatuen krisia bertatik bertara kontatzeko. Beste hainbat tokitan izan da BERRIA zuzeneko berriemaile: Korsikan, Yvan Colonna presoari egindako erasoaren ondoren; Kongon, bertako emakumeek jasaten duten egiturazko indarkeria aztertzeko; Ipar Irlandan, hauteskundeen berri emateko; Melillan (Espainia), Marokoko jendarmeek dozenaka migratzaile hil ostean; Katalunian, independentzia erreferenduma egin zutenetik bost urtera; Txilen, Gabriel Boric lehendakaritzara iritsi zenean; Kolonbian, Gustavo Petrok hauteskundeak irabazi zituenean —Francia Marquez egungo presidenteordea eta Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko FARCeko buruzagi nagusi ohia elkarrizketatu genituen han—.

Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa Qatarren jokatzeak ere markatu du 2022a. Lehiari erreparatu dio BERRIAk, baina Qatar zer den eta nolakoa den ere azaltzen saiatu da, emakumeek eta gutxiengoek bizi duten zanpaketa agerian utzita. Kirolean, bestela, Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Nieveren agurren urtea izan da, besteak beste, eta Damaris Egurrolak Europako Txapeldunen Liga bereganatu duen urtea ere bai.

Berrikuntza batzuk eta lan berezi batzuk martxan jartzeko urtea ere izan da BERRIArentzat. Berbaxerka jokoa egunkariaren webgunean dago iazko apiriletik, eta Kinkapodcasta eta buletina martxan jarri genituen urrian, klima larrialdiari eta ingurumen auziei buruzko jarraipen osoago bat eskaintzeko irakurleei.

Testuinguru ekonomiko zailean

Ikuspegi ekonomikotik begiratuta, lehendik ere zaila bazen kalitateko kazetaritza bideragarri egitea, munduko testuinguru ekonomikoak are eta gehiago zaildu du eginkizun hori, prezioen igoera etengabeak BERRIA ere kaltetu duelako. Kontsumorako prezioen indizea %6,5 igo arren, 2022an %4ko soldata igoera besterik ezin izan da gauzatu BERRIA Taldean, eta hala ere kostuen handitze nabarmena ekarri dio horrek enpresari —200.000 euro inguru gehiago—. Horretaz gain, gasaren, argindarraren eta hornigaien kostuek eragin negatiboa izan dute, eta, esate baterako, 2022an egunkaria inprimatzen bakarrik aurreko urtean baino 100.000 euro gehiago gastatu ditu BERRIAk.

Kostuen igoera ohiko diru sarreren bidez orekatzeko zailtasunak izan ditu BERRIAk. Eusko Jaurlaritzarekin 2022-2023-2024rako adostutako hitzarmenak %5 diru gehiago jaso du, baina, bistan denez, egunkariaren kostuak gehiago haziko dira epealdi horretan, dezente gehiago. Horretaz gain, BERRIA Taldea jakitun da prezioen eragina orokorra dela gizartean, baita gure irakurle eta BERRIAlagunen artean ere, eta egunkariaren prezioa %2,7 baino gehiago ez igotzea erabaki genuen iaz. Urte bukaeran, Eusko Jaurlaritzak ezohiko laguntzak eman ditu krisi orokorrak prentsan, irratietan eta telebistetan eragin dituen kalteak arintzeko, eta hortik iritsi diren 287.000 euroek lagundu dute 2022. urtea galerarik gabe bukatzen —nahiz eta oso egokiak ez izan laguntza horren banaketa irizpideak, besteak beste euskal hedabide asko kanpoan utzi direlako eta egoera soziolinguistikoa ez delako kontuan hartu—.

Testuinguru ekonomiko zail horren erdian, etorkizunera begira derrigorrez jorratu beharreko aldagaiak ditugu hedabideen modernizazioa, hedabideen digitalizazioa eta berrikuntza integrala —modu zabalean ulertuta—; eta diru asko behar da inbertsio hori egiteko. Modernizazioari eta eguneratze teknologikoari heldu behar diegu, euskarazko ekoizpenak sustatu eta indartzeko bidean. Eta horretarako, dedikazioa eta baliabideak behar ditugu, komunikazioaren mundua eraldaketa prozesu sakona bizitzen ari baita. Euskarazko komunikabideek funtzio sozial garrantzitsua betetzen dute euskararen normalizazioan, baina baita informaziorako eskubidean, iritzi aniztasunaren bermean zein desinformazioaren aurkako borrokan ere.

Talde moduan, euskarazko egunkari bakarraren kudeatzaile moduan, ardura handia daukagu eginkizun horretan, eta asmatu behar dugu errealitate berrira egokitzen eta hobetzen, eraginkorrago izaten, berrikuntzaren bidetik. Saihestu ezin den eraldaketa prozesu horretan ezinbestekoa dugu erakunde publikoen laguntza handiagoa, beste sektore asko ere jasotzen ari direna; areago, gure komunitatearen babesa eta engaiamendua handitzea ere ezinbesteko izango zaigu hurrengo urteetan, aurrera egingo badugu.

Ziklo berrirako helburuak

Erronkei aurre egiteko zereginean, planifikazio estrategikoa da gure bide orria. 2022an, bide hori eguneratzeari ekin diogu, eta talde handi baten lanari esker plan estrategiko berria osatu dugu. Helburu hauetan jarri du lehentasuna plan berriak: kazetaritza esanguratsua egitea; irakurleen esperientzia digitala hobetzea; BERRIAren komunitatea sendotzea; proiektuaren bideragarritasuna eta independentzia bermatzea; eta BERRIA feminista eraikitzea.

Bada urtebete baino gehiago murgilduta gaudela berritze prozesu batean, eta hori izango da aurtengo erronka nagusia: BERRIA berritzea eta eraldaketa digitala gauzatzea. Horrekin batera, BERRIAren azala eta mamia ere berrituko ditugu. Bestalde, martxan jarri dugu formakuntza feministaren lerroa, eta 2022ko urritik aurtengo ekaina bitartean ziklo oso bat egingo du lantaldeak, BERRIA Taldearen praktika feministaz hausnartzeko eta hura hobetzeko.

Komunitatea da etorkizuna

Hizkuntza gutxitu batean proiektu komunikatibo bat gurearen gisan eta neurrian eusteko gai diren komunitateak ez dira hainbeste munduan. Horregatik, etengabe errepikatu dugu komunitatea dela BERRIAren proiektuaren sostengua eta etorkizunerako bermea, eta berriro errepikatuko dugu. 2022an ere, irakurleak izan dira BERRIA Taldearen diru iturri nagusia (%40), publizitatea, diru laguntzak eta beste diru sarreren gainetik. Balio horretaz jabetu eta hori zaintzea izan da BERRIAren iparrorratza 2022an; horregatik antolatu ditugu esperientzia bereziak eta gauzatu ditugu hainbat ekintza berri, komunitatearekin harremana trinkotzeko.

Audientzia egonkorra dugu, handia da egunero informatzeko BERRIA hautatzen duten irakurleen multzoa, eta makina bat irakurle hurbildu dira BERRIAra, aktualitateak 2022an ekarritako informazio esanguratsuak irakurtzera. Horiek ohituraz BERRIA hauta dezaten lanean dihardugu. Dabilen BERRIA esaten dugu maiz, horixe baita gakoa: segida. Segida izan dezala BERRIAk urtez urte: segida, irakurle berriak iristen direlako; segida, proiektua berrasmatzeko modua egin delako; segida, proiektua ekonomikoki babesten duten irakurleen kopurua handitzen delako; segida, langile berriek heltzen diotelako. Segida.

Ziklo berri batean murgiltzera doa BERRIA 2023an. Ziklo horri eutsiko badio, beharko du ezinbestean komunitatearen sostengua, irakurle zahar eta berriena, edozein dela ere BERRIA urteetan barrena hartzen doan forma, euskarazko egunkari nazionala funtsezkoa dela sinesten duten eta babesten duten horiena. Irakurleek bermatuko dutelako BERRIAren independentzia ekonomiko eta editoriala.

Hogeigarren urteurrena, ekainean

Hogei urte beteko ditu BERRIAk ekainaren 20an. Hogei urte, otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Urte berean beti bi efemerideak: zauria eta mina dakarrena bat; itxiera bortitz haren erdian, herri ekimenaren indarra eta gaitasuna erakutsi zituena bestea. Aurten gure komunitatearekin ospatuko dugu euskarazko egunkari nazionala gaurdaino ekarri izana, eta komunitatearekin jarriko ditugu aurrera egiteko oinarriak.

BEATRIZ ZABALONDO
BERRIA TALDEKO LEHENDAKARIA

MARTXELO OTAMENDI
BERRIAKO ZUZENDARIA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.