EAJk proposatu ditu jada Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldungai nagusiak eta bertako hiru hiriburuetako alkategaiak 2027ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara begira, eta datorren astelehenean hautagaiak berresteko barne prozesua abiatuko dute. Oraingoz egin diren proposamen gehienek ohiko bideari segitu diote, baina BBBk Ibone Bengoetxea Bizkaiko ahaldungai nagusi gisa proposatu izanak harrabotsa sortu du alderdian bertan eta handik kanpo. Ezusteko aldaketa izan zen, bai Elixabete Etxanobe orain arteko ahaldun nagusiarentzat eta bai Aitor Esteban EBBko presidentearentzat.
Ahaldungai nagusi eta hiriburuetako alkategaien seiko izen zerrendatik bi soilik aurkeztuko dira berriro: Ramiro Gonzalez Araban eta Eider Mendoza Gipuzkoan; gainerako guztiak estreinakoz arituko dira. Hain justu, hiru lurraldeetako alkategaiak berriak dira; hirurak gizonezkoak.
BIZKAIA
Joan den astean iragarri zuten, ezustean, EAJk Ibone Bengoetxea proposatuko zuela Bizkaiko ahaldungai nagusi gisa. Izendapenak ez zituen bete EAJren barruan klasikoak izan ohi diren jarraibideak, eta Etxanobe bera ere harritu zuen —afiliatuek aukera dute hura ere hautagai gisa proposatzeko—. Izan ere, Silvan & Miracle aholkularitzako politologo Mikel Gomezen esanetan, Etxanobek kritikak izan ditu, baina agintaldian egin duen «kudeaketan dezente asmatu du». Era berean, oroitu du hura izan zela lurralde historiko bateko ahaldun nagusiaren kargua hartu zuen lehen emakumea.

Halere, Bengoetxearena «oso profil indartsua» iruditzen zaio: «Ibilbide politiko luzea du, eta kudeaketa espazio oso garrantzitsuetan aritu da; aktibo bat da EAJrentzat». Eusko Jaurlaritzako kide «aski nabarmena» dela azpimarratu du, eta emakumezko lehendakariordea izateak ere pisua duela. «Erreleboak baditu arriskuak, jakina, aldaketa nola egin den ikusita, baina, gutxienez, ezaguna den pertsona bat jarri dute». Garaipena «ia ziurra» dela iritzi dio Gomezek, Bizkaia EAJren «feudoa» delako. «Eta gehiengo osoa lortzen ez badu, beti izango du PSE-EEren babesa».
«Hidalgok eta Insaustik profil gazteagoa dute, freskoagoa; hautesle gazteagoengana irits daitezke, eta udal mailan apur bat berritu dezakete EAJren irudia»
MIKEL GOMEZ Silvan & Miracle aholkularitzako politologoa
Uztailetik jakina da Mikel Hidalgo Bilboko alkatetzarako hautagaia izango dela. Bilboko hamahiru Uri Erakundeek babesa eman zioten, eta EAJk aro berri bat hasi nahi du harekin Bilbon. Gomezek uste du Hidalgoren hautagaitza bat datorrela EAJ proposatzen ari den profilekin: «Kudeatzaile profila du, oso finkatua».
Hori bai, ez da batere ezaguna, eta orain arteko alkatea baino dezente gazteagoa da. Izan ere, politologoak uste du EAJk udal hautagaiak gaztetzeko beharra duela: «Uste dut Hidalgok eta Insaustik profil freskoagoa dutela; hautesle gazteagoengana irits daitezke, eta udal mailan apur bat berritu dezakete EAJren irudia». Apustu «arriskutsua» iruditzen zaio Gomezi, baina «etorkizunerako apustu ona», ondo aterako balitz. «Halere, ez dut uste zailtasun handirik edukiko duenik». 1979. urtetik du EAJk Bilboko alkatetza.
ARABA
Gasteizen argi ikusi dute aldaketarako beharra, eta bigarren agintaldiz jarraian aldatu dute alkatetzarako hautagaia —aurrekoa Beatriz Artolazabal izan zen—. Jon Urresti izango da oraingoan. «Hautagai indartsua» dela iritzi dio Gomezek, «baina apustu arriskutsua» dela ere bai. Urresti Vital fundazioko presidentea da gaur egun, eta, gaztetatik EAJko militantea den arren, inoiz ez du kargurik izan erakunde publikoetan. Hala, Gomezen esanetan, ez da EAJ orain arte erabiltzen ari zen estrategiaren jarraipen bat. Hori bai, politologoak uste du publiko orokorrarentzat hain ezaguna ez bada ere oso ezaguna dela «erosahalmen handiagoa duten zenbait jenderen artean».

Indargune bat ere aipatu du: Urresti soziologoa eta politologoa da, eta inkesta soziologikoak egiten dituen enpresa bat dauka. «Datu onak ditu jakiteko gasteiztarrek nola pentsatzen duten». Gomezek iritzi dio horri esker moldatu ahal izango dituela mezuak eta estrategia. Izan ere, uste du zaila dela iragartzea Gasteizen zer gertatuko den: «Datozen hauteskundeetako ziurgabetasun handiena Gasteiz izango da; izan ere, datuak oso antzekoak dira, eta edozein aldaketa txikik modu basatian aldatuko ditu emaitzak».
«Gasteizen, EAJ eta EH Bildu oso parean ibiliko direla uste dut; argitzeko dago borroka hori»
MIKEL GOMEZ Silvan & Miracle aholkularitzako politologoa
Kontrakoa egin dute, baina, Arabako Foru Aldundiari begira. Ramiro Gonzalez proposatu du EAJk Arabako ahaldungai nagusi izateko. Gonzalez 2015etik da ahaldun nagusi; hiru legealdi horietan PSE-EErekin osatu ditu koalizio gobernuak. Gomezen iritziz, Gonzalez «oso hautagai ona» da, «oso ondo komunikatzen du», eta polemika handirik gabeko agintaldia izan du.
«Oso zaila da Ramiro Gonzalezek dituen ezagutza eta balorazio datuak izatea», esan du Gomezek. Hori bai, ohartarazi du hautesleek ez dutela hautagaiaren alde soilik bozkatzen. Hala, ohartarazi du EH Bilduk asko estutuko duela, 2023ko udal eta foru hauteskundeetan gertatu zen bezala —zazpi eserleku lortu zituen Rocio Viteroren taldeak—. «Oso parean ibiliko direla uste dut; argitzeko dago borroka hori». Halere, ez du ezustekorik espero: «Ez dut uste gobernua berresteko arazorik izango duenik».
GIPUZKOA
Asteartean proposatu zuen EAJren GBBk Eider Mendozaren hautagaitza Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko. Izendapen horrekin, segidaren alde egin du EAJk. Dena dela, inkestei erreparatuz, Gomezek zail ikusten du jeltzaleek EH Bilduri aurrea hartzea lurralde hartan. «Ez dut uste EAJk Gipuzkoan irabaziko duenik; ezustea litzateke niretzat», adierazi du Gomezek.
Beraz, hauteskunde ostean gerta daitekeenari heldu dio politologoak: «Mendozak ez du erraz izango. Ikusiko dugu zein den estatuko egoera, zer gobernu ateratzen den, zein diren negoziazioak… Erabakigarriak izan daitezke Gipuzkoako gobernabiderako», ondorioztatu du politologoak. Haren ustez, EAJ jarraipeneko hautagai baten alde egiten ari da, «gobernu kideari egonkortasuna eta lasaitasuna emango dion baten alde», hauteskundeak igarotakoan heldu litezkeen negoziazioei begira.
«Donostiako emaitzek gidatuko dituzte euskal politikaren datozen bizpahiru urteak»
MIKEL GOMEZ Silvan & Miracle aholkularitzako politologoa
Donostian bai, nabaritu zuen EAJk aldaketarako beharra. 2023ko udal hauteskundeak 1.252 botoren aldearekin irabazi zituzten jeltzaleek, baina handik bi urtera ordezkatu zuten Eneko Goia; ordutik, Jon Insausti izan da alkate. Gomezek aipatu du haren profila asko egokitzen zaiola «estilo donostiarra duen idiosinkrasia bati»: «Gaztea da, gobernu ardurak izan dituena; EAJko hautagaiak gaztetzen ditu, eta agian Aburto eta Goia bezalako hautagaiekin helduko ez liratekeen hautesleengana iristeko hautagaia da».
Hauteskundeetarako lehiari begira, Gomezi iruditzen zaio etxebizitzaren gaia erabakigarria dela. «Insausti ahalegindu da segurtasunaren eta immigrazioaren gaiei heltzen, baina uste dut etxebizitzaren gaia erabakigarriagoa dela, eta horrekin EH Bilduk boto gehiago lortzeko aukera duela», adierazi du politologoak. «Donostiako emaitzek gidatuko dituzte euskal politikaren datozen bizpahiru urteak», erantsi du.
geroa bairen egoera zaila
EAJ Geroa Bairekin aurkezten da Nafarroan, eta Uxue Barkos izango da lurralde hartako lehendakarigaia. Gaur egun, Geroa Bai laugarren indarra da Nafarroan, eta Gomezek ez du uste egoera mesedegarririk izango duenik: «Geroa Bai suspertzea zaila iruditzen zait, ezkerreko ideologia duten bi alderdi baitira bigarren eta hirugarren indarrak —PSN eta EH Bildu—». Geroa Bairen alde: ezberdintasun handiak dituzte elkarren artean. Halere, ohartarazi du Nafarroako emaitzak Espainiako Gorteetako hauteskundeen menpekoak izango direla, eta haien ostean ikusi beharko dela zer gertatzen den. Iruñeko zerrendaburua zein izango den ez dute iragarri oraindik, baina Mikel Armendarizek bere burua aurkeztu zuen.