Feministak aliaturik, «konplizeak» salatzeko

Bihar aterako dira kalera Euskal Herriko bost hiriburutan Mugimendu Feministako kideak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren karietara: «sistema zisheteropatriarkalaren konplize sareak» salatuko dituzte aurten. Itaiakoek ere bat egin dute.

2024ko Sutan kolektiboaren mobilizazio bat, Donibane Lohizunen, hilketa matxista baten salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
2024ko Sutan kolektiboaren mobilizazio bat, Donibane Lohizunen, hilketa matxista baten salatzeko. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko azaroaren 24a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Karrikak beste behin aldarri feministaz beteko dira bihar, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Euskal Herriko Mugimendu Feministak «konplizitate sareak» salatuko ditu aurten: Zuen hipokrisia da bortizkeria, dio Baionako leloak, gizonei zuzendurik. Norbanakoak eta horiek osatzen duten «sistema heteropatriarkala, zapaltzailea», Baionako Sutan kolektibo transfeministako Aña Iriartek zehaztu duen bezala. Hitzordua biharko emana dute, urtero bezala, Baionako geltokitik manifestazioan abiatzeko hirian barna, 18:30ean. 

Nazio mailan, mugimendu feministak autodefentsarako deia egin  du, eta erresistentzia feminista aldarrikatu; baina, aurtengo leloak, indarkeria matxistaren konplizeen erantzukizuna azpimarratu nahi du. Iriartek zehaztu du: «Bi ideia badira horren inguruan: konplizitate sareak indibidualki gizonek elkarren artean egiten dituzte, haien pribilegioak babestuz beti, eta sistema hori zapaltzailea da; beste kritika instituzioei zuzendua zaie, horiek ere parte hartzen dutelako zapalkuntza sistema horretan; justiziaren arloan, adibidez. Herriko etxeekin ere, Ipar Euskal Herrian ohartu gara beti bataila bat dela ikuspuntu feminista ekartzea».

Mugimendu feministak, nazionalki ez ezik, nazioarteko ikuspegitik begiratzen dio egoerari. Ipar Euskal Herriko agirian idatzi dute: «Palestinari eta munduko beste herriei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, baita hango feministei ere». Indarkeria matxistaren oinarria ez dutelako toki batetik edo bestetik ulertzen, gizonek manaturiko zapalkuntza hirukoitzaren espektrotik baizik: hots, «sistema kapitalista, zisheteropatriarkala eta kolonialista» deitoratu dute, zeina «emazte*, trans eta bollerek» jasaten dituzte indarkeriaren sortzailea baita. Hala, delako sistema «sostengatzen duten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatzera» aterako dira karrikara bihar.

Erreakzionarioen parean

Euskal Herrian, urte batez, hots, joan den azaroaren 25etik geroz, sei emazte erailak izan dira gizonen eskuetarik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenaz, 2025eko urtarriletik urrira bitartean, Ertzaintzak 5.975 delitu erregistratu ditu, bikotekideak edo bikotekide ohiak, etxean familiarteko batek edo sexu askatasunaren aurka egindako emakumearen kontrako indarkeria modu ezberdinetan; ber garaierako, beti, Baionako fiskaltzak 776 dosier erregistratu ditu.

«Ipar Euskal Herri mailan azaroaren 25eko data ez da bortxaz sartua jendeen agenda politikoan. Feminismoaren tokia Hego Euskal Herrian anitzez errotuagoa da Ipar Euskal Herrian baino; ohartzen zara mobilizazioak egiten direlarik anitzez masiboagoak dira Hegoaldean hemen baino. Nahiz eta, egiten den lanarekin, aldatzen ari den». Iriartek argi du nolakoa den egoera, baina argi du ere alde batean aitzinatuagoa izanik ere denetan dela borroka segitzekoa.

Hain zuzen, Mugimendu Feministak zehaztu duen bezala, «urrats bakoitzari erantzunez oldarraldi berri bat jartzen da martxan, testuinguruaren arabera artikulatzen eta egituratzen dena». Gaur egungo testuinguruari begira, uste dute «eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioetatik» datorren oldarraldi betean dagoela gizartea. «Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan eta kaleetan. [...] Hori egiten dutenak inguruan ditugun gizonak dira, haien konplizitate eta anaidia egiturak lagun». Aipaturiko guztiaren aurka, «erresistentzia feministarako deia» egin dute biharko.

Itaiak, bere aldetik ere, Euskal Herri mailan mobilizatzera deitzen du. Azken hilabeteetako zenbait indarkeria matxista kasu ekarri dituzte gogora: «Gizon batek emakume bat erail zuen Zarautzen (Gipuzkoa); urruntze agindua urratu, eta emakume bat itotzen saiatu da bere bikotekide ohia Irunen (Gipuzkoa); talde bortxaketa Iruñean; bere semea eta bere burua senar erasotzailearengandik babesteko Angelura (Lapurdi) etorri zen emakumea atxilotu dute; polizia batek bortxaketa frogak suntsitu ditu erasotzaileak laguntzeko; eta bi sexu esplotazio sare atzeman dituzte Donostian, Tuteran eta Irunen (Gipuzkoa)». Indarkeria matxistaren «errealitaterik gordinena».

Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren manifestazioa martxoaren 8an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren manifestazioa martxoaren 8an, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Oroitarazi dute, bestalde, hamar indarkeria kasutik bederatzi ingurune hurbilean izaten direla, bikoteek, bikotekide ohiek edo senideren batek egindakoak. Eta, azpimarratu dute horrelako indarkeria kasuen parean, «emakume langileak» direla «egoera zaurgarrienean», bizi baldintza prekarioek «ezinezko egiten baitute indarkeria testuinguruetarik askatzea».

MOBILIZAZIOAK

 

  • Baionan, Merkatu plazatik, 18:00etan. Ipar Euskal Herriko Itaiak deiturik.
  • Baionan, geltokitik. 18:30ean. Sutan kolektibo transfeministak deiturik.
  • Iruñean, Errekoleten plazatik, 18:00etan. Iruñerriko Itaiak deiturik.
  • Iruñean, Gazteluko plazatik, 19:00etan. Iruñerriko Mugimendu Feministak deiturik.
  • Donostian, Bulebarretik, 18:30ean. Donostiako Itaiak deiturik.
  • Donostian, Bulebarretik, 19:00etan. Donostiako Mugimendu Feministak deiturik.
  • Bilbon, Plaza Eliptikotik, 18:30ean. Bilboko Itaiak deiturik.
  • Bilbon, Jesusen Bihotzetik, 19:00etan. Bilboko Mugimendu Feministak deiturik.
  • Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, 18:30ean. Gasteizko Itaiak deiturik.
  • Gasteizen, San Anton plazatik, 19:00etan. Gasteizko Mugimendu Feministak deiturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.