Ispilu, eredu

ramon olasagasti
2025eko maiatzaren 28a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

SARRERA

Ispilu, eredu

Aldapatsua da berdintasunerako bidea, Maialen Akizuk Zegama-Aizkorri maratoiaren harira idatzitako zutabean iradokitako moduan. Baina trailaren munduan, edo eskaladan, esaterako, ari da bidea egiten. Lasterketaren aurkezpenean emandako datuen arabera, Zegama-Aizkorri maratoian, %15 izan dira emakumezkoak, kilometro bertikalean %22, eta gazteen lasterketan, %36. Ispilurik eta eredurik ez da falta. Goraipatzekoa da, besteak beste, Nerea Amilibiak, Elena Calvillok, Uxue Frailek eta bestek zabaldutako arrastoa; txalotzekoa Maite Maiora, Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia, Mayi Mujika, Ainara Urrutia, Sarah Ugarte, Naiara Irigoien eta beste hainbaten ubera eta segida; gorestekoa munduko onenen artera iritsi diren Sara Alonso, Malen Osa, Lide Urrestarazu eta beste hainbat gaztetxoren ahala. Haien guztien ispiluan, zenbat eta zenbat gazte dabilen mendian korrika, zenbat boluntario gazte ikus zitekeen igandean Zegama-Aizkorriko ibilbideko bidegurutze eta postuetan, zenbat neska haien artean... Aizkorriko eta Aratzeko aldapak ez dira leunduko, baina Zegamako irteerara iritsi artekoak arintzen badira, bidearen puska bat egindakoaren seinale izango da.

ALBISTEAK

Sara Alonso garaile eta Malen Osa hirugarren Zegama-Aizkorri mendi maratoian

Beste behin ikusgarria izan da Zegama-Aizkorri mendi maratoia: eguraldia, bikaina; ibilbidea oro har nahiko lehor, nahiz eta ingurune ospelenetan lokatz pixka bat egon; eta jendearen emana oilo larrua jartzeko modukoa, korrikalari guztiei txaloak, animoak, hauspoa ematen. Emakumezkoetan, bi euskal korrikalari igo dira podiumera: Sara Alonso donostiarra izan da garaile (04.27.25), eta Malen Osa oñatiarra hirugarren (04.31.18). Judith Wyder suitzarra helmugaratu da bien artean, bigarren. Bi gazteek, gogoa eta gorputza bat eginda, gozatzea, lehiatzea eta irabaztea zuten helburu, eta lortu dute. Gizonezkoetan, berriz, Elhousine Elazzaoui marokoarra izan da garailea. Bakarrik helmugaratu da Zegamako plazan 03:43:28ko denboran. Haren atzetik iritsi da Andreu Blanes Reig valentziarra, 7 minutu eta 25 segundora, eta hirugarren Daniel Pattis italiarra izan da, lehenengotik 8 minutu eta 12 segundora.

Sara Alonso: «Barrutik negarrez nindoan helmugara iritsi nintzenean»

Sara Alonsok (Donostia, 1999) ametsa bete ahal izan du: Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazi du, nahiz eta 2022an egindako denbora hobetu ez. Lortutako garaipenari esker, Golden Trail serieetako lehen postuan jarri da berriz ere. «Ez naiz negar egiten duten horietakoa, eta, halere, barrutik negarrez nindoan. Helmugara iristean, antolakuntzako Maialen Arizkorreta negarrez ikusi nuen, ama ere bai… Izugarria izan zen! Pentsa, 2017az geroztik ez dugu izan hemengo irabazlerik Zegama-Aizkorrin». Maite Maiora mendaroarra izan zen aurrekoa. Donostiarra irabazteko asmoz atera zen hasieratik. «Banekien nire aurkaririk gogorrena Judith Wider izango zela. Ni baino hobea da jaitsieretan, eta, horregatik, argi neukan Aratzetik [16. kilometrotik] lehen postuan igaro behar nuela. Hori lortzeko aukera izan nuen. 2022an baino hiru minutu lehenago pasatu nahi nuen handik, baina minutu batekoa baino ez zen izan tartea. Une batez pentsatu nuen ez nengoela hain indartsu».

Malen Osa: «Dena bertan behera uztekotan egon nintzen 11. kilometroan»

Malen Osak (Oñati, Gipuzkoa, 2002) bigarren postuan amaitu zuen iaz Zegama-Aizkorri proba, bere estreinako maratoia, eta aurten berretsi du lorpen hori ez zela kasualitatea izan, berriz ere podiumera igo baita, hirugarren tokian. «Iaz baino lau minutu gutxiago egin arren, aurten hirugarren amaitu dut. Hor ikusten da nesken maila izugarri hobetu dela. Gozatzeaz gain, aurtengo beste helburuetako bat egindako lana hobetzea zen, eta uste dut hori, behintzat, lortu dudala». Nolanahi ere, aurten karranpen ondorioz dezente sufritu duela azaldu du Osak. «Pare bat minutuz geldirik eta negarrez egon nintzen, 11. kilometroan. Denetik pasatu zitzaidan burutik. Neure buruari behin eta berriz esaten nion: 'Ez da posible gaur gertatzea!' Gogo handiz nengoen lasterketaz gozatzeko! Izugarrizko kolpea izan zen. Une batez, gainera, bost edo sei korrikalarik aurrea hartu zidaten. Halere, gutxinaka hasi nintzen berriro korrika, eta konturatu nintzen aurreikusi nituen denboren barruan nindoala. Gorputza gaizki izanda ere, pentsatutako ordutegian nindoan; horrek ere harritzen ninduen. Igoeretan inoiz ez bezala sentitu nintzen azkenerako».

Naiara Irigoien eta Iu Net izan dira azkarrenak Zegama-Aizkorriko kilometro bertikalean

Naiara Irigoienek (Iruñea, 1985) maite du Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala, maite duenez. Maiatzaren 23an, ostiral arratsaldean, hirugarren urtez jarraian lortu zuen proba irabaztea korrikalari iruindarrak. 2022an, lehen partaidetzan, bigarren izan zen. Irigoienek 44 minutu eta 13 segundo behar izan zituen probaren 3 kilometroak eta ia 1.000 metroko desnibela gainditzeko. Bigarren Anita Iversen Lilleskare norvegiarra izan zen (46.29), eta hirugarren Silvia Lara Dieguez espainiarra (46.42). Gizonezkoetan, Iu Net katalan gaztea izan zen irabazle (35.42). Azken hiru urteetan bigarren izan ondoren, azkenean lortu zuen garaipena Netek. Bigarren, Lluis Puigvert Palacios izan zen (36.07), katalana hori ere, eta hirugarren Ibai Larrea Aranguren antzuolarra (36.45).

Aldapan

Aurreko egunetan, Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan da hizpide nagusietako bat komunikabideetan nahiz herritarren artean. Proba honen inguruko zurrunbiloak kirolaz haragoko hausnarketetarako ere eman du: Aldapan. Hortxe Maialen Akizuk maiatzaren 25ean, maratoiaren egun berean, argitaratutako zutabea.

Mendietxe museoak Emmoaren ondarea aterpetuko du datozen hiru urteetan

Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak (Emmoa) azken hamarkadetan bildutako ondare historikoa Azpeitiko Mendietxe museoan izango da ikusgai datozen hiru urteetan, 2026ko urtarriletik aurrera. Bi aldeek lankidetza hitzarmena sinatu dute horretarako. Emmoak urtean 16.500 euroko alokairua ordaindu beharko dio Mendietxeri, eta EMFk eta Nafarroako Federazioak ordainduko dute diru hori, gaur egun Hego Euskal Herriko bi federazioetan dauden 55.000 mendizale federatuek, alegia. Alex Txikonek, Mendietxe museoaren sustatzaileak, bi aldeen arteko lankidetzan sakontzearen alde egin du apustu: «Teilatupe berean gaude, eta hau ezkontza moduko bat da. Sokaldi bat. Mendietxe, niretzat, Emmoa da». Emmoa fundazioaren izenean, Txomin Uriarte presidenteak adierazi du «ilusioz» hartu dutela fase berri hau: «Orain, Alex Txikonekin eta Soraluze familiarekin sinatutako hitzarmenari esker —eraikinaren jabea da Soraluze familia—, bi areto izango ditugu gure ondare hori guztia erakusteko. Hala, Emmoak, bere nortasunari eutsiz, osatu egingo du Mendietxe museoa». Museoaren bigarren faseko lanetan ari dira orain, Azpeitiko Esklaboen Komentuaren bigarren solairua egokitzen —hor erakutsiko dira, besteak beste, Emmoaren funtsak—, eta fase horretan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren laguntza izango du Mendietxek.

Alpeak alderik alde, oinez eta hegan

Mattin Iñiguez parapentelariak Red Bull X-Alps proban parte hartuko du ekainaren 15etik 27ra. Zegamarrak Alpeak zeharkatuko ditu alderik alde, 1.283 kilometro guztira, Austriako Kitzbühel herritik abiatu eta Zell am See herrian bukatuta. Ahal duenean parapentearekin hegan eta bestela oinez egin beharko du bidea, tartean aireko hamasei baliza edo koordenatutatik igarota. Modalitateko probarik gogorrena da, «abentura eta erronka ikaragarria». Lantalde sendo baten laguntza izango du, eta Euskal Selekzioaren eta BERRIAren babesa. Guztira 35 parapentelari ariko dira Red Bull X-Alps proban, munduko onenak. Ibilbide bat, hegaldien CV nabarmen bat behar da Red Bull X-Alpsen parte hartzeko, eta mendian eskarmentu handia. Iñiguezek badu. Aurten «ibilbide oso anbiziotsua» diseinatu dutela jakinarazi du Iñiguezek, oso mendikoa eta gogorra. «3.000 metrotik gorako hainbat igarobidetatik pasatu beharko dugu, eta elurra izango dugu, seguru. Hegan pasatzeko aukera izanez gero, ederki, baina hegan egiteko baldintzarik ez badago, esfortzu ikaragarria izango da». «Abenturaz gozatzea» beste helbururik ez dio jarri bere buruari. «Baldintzek esango dute zer-nolako anbizioz joan gaitezkeen. Eguraldiak lagunduz gero, niretzat amets bat izango litzateke ibilbidea bera bukatzea; balentria izango litzateke».

Euskal mendizaletasunaren argazki historikoak biziberriturik

Euskal mendizaletasunaren historiako irudi ikonikoei bizia eman die Jon Herranz dokumentalgileak, eta bideo ikusgarri batean mugimenduan jarri ditu hainbat pertsonaia historiko. Mendi Film jaialdiak «Emmoari eginiko aitortza eta oparitxoa» izan da, Euskal Mendizaletasunaren Museoa IMMAko kide izendatu duten honetan.

Xabier Ormazabal bekari bultzada handiagoa emango diote aurten

Etzi, ostiralean, Xabier Ormazabal bekaren deialdia iragartzeko ekitaldia egingo dute Urretxuko Labeaga aretoan, eta hainbat emanaldi eta gonbidatu izango dira: Jordi Corominas, Ainhize Belar, Janire Etxabe, Ainhoa Unanue... Duela zortzi urte egin zuen bekaren lehen deialdia Urretxuko Udalak, Xabier Ormazabal zenaren oroitzapenari bizirik eusteko eta gazteek bultzatutako mendiko asmo originalei bultzada emateko, eta, geroztik, bi urtean behin jarraitu du deialdia berritzen. Aurten, ordea, bada berritasun nabarmen bat: WOP-The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film jaialdiak bat egin dute asmoarekin, eta proiektu irabazleak askoz laguntza oparoagoa jasoko du: 7.000 euroko beka. Urretxuko Udalak 3.000 euro jarriko ditu; WOP fundazioak, 2.000 euro; eta Mendi Filmek, beste 2.000. «Beka honen esentzia gazteei laguntzea da, Xabi bezalakoei, eta asko eskertzen diot udalari, beti eman izan digun babesagatik, eta nola ez, aurten batu zaizkigunei: WOP fundazioari eta Mendi Film jaialdiari. Aurtengoa bosgarren deialdia da, eta oso pozik gaude beka hau indarra hartzen ari delako», nabarmendu du Andoni Ormazabalek, Xabierren anaia eta topaketaren sustatzaile nagusiak.

Aurtengo BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia jaialdiak badu irudia

2025eko Mendi Film jaialdiak badu irudia: Kobazuloa. Aspaldian Chamonixen bizi den argazkilari paristar bat da egilea, Julia Roger-Veyer. Chamonixeko Mer de Glace glaziar ikonikoan ateratakoa da irudia. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatutako CVCE Photo mendi jardueretako argazki lehiaketan saritua izan da irudia, BBK Mendi Film Bilbo Bizkaia jaialdiko kartelaren atalean. 800 euroko diru saria eman diote egileari, eta argazki hori izango da aurtengo Mendi Film jaialdiaren irudia. Julia Roger-Veyer egileak honela deskribatu du obra: «Glaziarretako kobazulo horien barruko giroa oso berezia da: ozeanoaren urdin sakona ekartzen du gogora. Irudi honen bidez, inguru horren edertasun hauskorraren berri eman nahi izan dut, eta aparteko leku horiek zaintzearen garrantziaz ohartarazi».

Onditz Iturbe eta Aitor Ugarte garaile Txindokiko Kilometro Bertikalean

Eguraldia ezin hobea zela egin zen maiatzaren 17an Txindokiko Kilometro Bertikala, modalitate horretako Euskal Herriko Kopako lehen lasterketa. Berrehun partaide elkartu ziren Larraitzen, Larrunarri tontorrerainoko 3,6 kilometroak nork lehenago egingo. Onditz Iturbe igorreztarra (Bizkaia) eta Aitor Ugarte aramaioarra (Araba) izan ziren azkarrenak. Iturbek 44 minutu eta 13 segundo behar izan zituen gailurrera iristeko. Ugartek 35 minutu eta lau segundoan osatu zuen igoera. Emakumezkoetan, Leire Elola tolosarra izan zen bigarren, irabazlearengandik lau minutu pasatxora (48.24), eta Claudia Sarrate katalana hirugarren (48.40). Gizonezkoetan, Ugarteren atzetik, Ibai Larrea antzuolarra izan zen bigarren (35.18), eta Iu Net katalana hirugarren (35.43).

CVCE-Errimaia ipuin lehiaketak baditu irabazleak

Maiatzaren 15ean iragarri zituen Donostiako Cluc Vasco de Camping elkarteak ‘Errimaia’ mendiko ipuin lehiaketaren 6. ekitaldiko irabazleak. Euskaraz, Oskar Azkona Garciaren Saskuatx ipuina izan da garaile. Ipuin finalista, berriz, Juanma Gallegoren Kodaina aldamenean. Gaztelaniaz, Cecilia Beatriz Noceren Aroma de montaña ipuina izan da saritua, eta Francisco Sacristanen Pinky, berriz, ipuin finalista.

Araurik gabeko hegalariak

Nafarroan eta, oro har, Euskal Herri osoan highline egiten duten kirolarien komunitatea handitzen ari da, baina Nafarroan geroz eta «zailtasun handiagoak» dituzte jarduera hori egiteko. Guztiz araututa ez dagoenez, orain arte baimenik izan gabe aritu dira jarduera praktikatzen, hala nola Etxaurin eta Artederretan. Azken aldian, ordea, Espainiako Poliziak lerroak kentzeko eskatu die, eta jarduera horretan aritzen den jendea identifikatu du. Egoeraren nondik norakoei buruz jakiteko, Gregori Miaillier eta German Jimenez Zuluaga orekariekin hitz egin du BERRIAk. Orekaria izateaz gain, basoko ingeniaria ere bada Miaillier, eta, azaldu duenez, Nafarroako legediarekin «oso erraza» da jarduera arautzea, harkaitzen artean egiten diren jarduerak erregulatzen dituen dekretu bat dagoelako. Miaillier: «Guk egiten dugunaren eragina ez da horrenbeste urruntzen eskaladak daukan eraginetik. Adibidez, lerroa eskaladarako irekita dagoen gune batean jartzen badugu, horrek esan nahi du ez dagoela hegaztirik gertu habiak egiten». Gaineratu du oso zaila dela baimenak eskatzea eta lortzea; «betiko gera gaitezke baimenen zain».

Oiartzungo herriguneko I. orientazio proba ekainaren 7an

Oiartzungo herriguneko I. orientazio proba izango da ekainaren 7an, BROS (Landetako orientazio taldea) eta Gipuzkoako GOT Mendi Taldeek antolatuta. Gipuzkoako IX. Liga Herrikoiko eta Akitaniako Orientazio Ligarako proba puntuagarria izango da, eta, aldi berean, Gipuzkoako eskolarteko orientazio proba ere izango da, Gipuzkoako Mendi Federazioarekin elkarlanean. Esprint modalitateko orientazio proba bat izango da: proba azkarra, bizia eta aldi berean teknikoa. Partaideek modu linealean egin beharreko hiru ibilbide izango dituzte aukeran. Kolore horikoan,1,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta 20 baliza bilatu beharko dituzte. Familian eta ume txikiekin egiteko egokia izango da ibilbide hori. Zailtasun ertainekoa, ibilbide laranja izango da: partaideek 3,1 kilometro osatu beharko dituzte, eta 25 baliza bilatu. Eta azkenik, zailena eta teknikoena, ibilbide gorria izango da: guztira 4,1 kilometro egin beharko dituzte, eta 28 baliza bilatu. Izen ematea GOT Gipuzkoako Orientazio Taldearen web orrian egin daiteke, ekainaren 4ra arte (asteazkena). Antolaketak 250 parte hartzaile inguru espero ditu, eta, horien artean, orientazio kirolean punta-puntakoak diren lehiakideak. Aldi berean, ibilbide laranjak eta horiak orientazio kirola ezagutzeko aukera paregabea emango dute.

IBILBIDEAK

Lekandako igoera, Saldropo hezegunetik abiatuta

Arrabako larrera eta Gorbeia iparraldera igotzeko beste bide bat da honakoa. Saldropo hezegunetik Atxuriko harrizko ataka aldera hartuko dugu, eta handik ekingo diogu, Itxina inguru liluragarriko Lekandako gailur panoramikoa (1.309 metro) jomuga dugula. Ibilbidean garrantzizko mugarri asko aurkituko ditugu, bai naturari erreparatuta, bai mendizaletasuna kontuan hartuta, eta bai paisaia aldetik ere. Ikusi besterik ez dago: Saldropo, Atxuri, Gorbeia, Aldamin, Arrabako larrea eta Itxinaren harrizko sendotasuna. Eta, gainera, horra hor gailurrean izango dugun ikuspegi zoragarria.

Basagaindik Osintzulora

Anoeta herritik abiatu eta oso desberdinak diren bi leku ezagutzeko aukera eskaintzen digu Basagaindik Osintzulora doan ibilbide zirkular honek. Batetik, Basagainen Burdin Aroko herri harresituaren aurriak bisitatuko ditugu, eta bestetik, Osintzuloko ur jauzia eta putzua. Basagain Burdin Aroko herrixka gotortu bat izan zen. Han jarrita dauden argibide tauletan, herrixkaren arkitekturaren eta bizimoduaren inguruko azalpenak jasotzen dira. Ikuspegiak ere ederrak dira muino belartsu haren gainetik. Osintzulo, berriz, Alkiza errekaren ospelean dagoen ur jauzi eta putzu ederra da.

NON ZER?

Maiatzaren 29an
Mendi Tour Zarautzen
Mendi Film jaialdiko pelikularik onenak izango dira ikusgai 19:00etan, Modelo aretoan. Programa eta informazioa: https://mendifilmfestival.com/eu/egutegia-eta-kartelak/mendi-tour-zarautz

Maiatzaren 31n
Basaburuko XV. BTT irteera Jauntsaratsen (Nafarroa)
09:30ean. Bi ibilbide: 38 kilometrokoa (+1.100 metro), eta 21ekoa (+600 metro). Informazioa: https://inscripcion.kirolprobak.com/inscripcion/xv-basaburuko-btt-martxa/?lang=es

Maiatzaren 31n
IV. Ubidestroi mendi lasterketa, Ubide (Bizkaia)
09:00etan. Bi ibilbide: 28 kilometrokoa (+2.000 metro) eta 22koa (+1.200 metro). Informazioa: https://ubidestroi.eus/

Maiatzaren 31n
VI. Araia-Aratz Kilometro Bertikala,Araian(Araba)
10:00etan. 4,8 kilometro (+850 metro). Informazioa: https://www.mitxarrobira.com/

Maiatzaren 31n
XXXII. Kantabria Mendilerroa Martxa, Lantziegon (Araba)
07:00etan. 43 kilometro (+2.805 metro). Informazioa: https://www.zirkuitua.com/IzenEmate/Pages/Argibideak.php?club=395&zirku=1

Ekainaren 1ean
Donostiako Fortuna taldearen 83. mendi ibilaldia
Ibilbide luzea: 40 kilometro. Uharte Arakil, Guardetxe, Puttarriko lepoa, Alleko, Lareo, Agautz, Aralegiko lepoa, Lazkaomendi, Ordizia. Ibilbide motza: 30 kilometro. Guardetxe, Puttarriko lepoa, Alleko, Lareo, Agautz, Aralegiko lepoa, Lazkaomendi, Ordizia. Informazioa eta izen emateak: zirkuitua.com

Ekainaren 5ean
14 Orduko Ibilaldiari buruzko hitzaldia eta proiekzioa Tolosan
Paco Tudurik 14 Orduko Ibilaldiaren historiari eta bilakaerari buruzko hitzaldia emango du Topicen, eta ondoren Tolosako Kaxoiak (Pablo Dendaluze) bideo emanaldia egingo du. 19:00etan.

Ekainaren 8an
X. Intxixu Trail lasterketa Oiartzunen
10:00etan izango da proba. Informazioa: www.intxixutrail.com; eta izen emateak: https://www.herrikrosa.eus

Ekainaren 14an
Mondran Bike, Arrasate (Gipuzkoa)
09:00etan. Bi ibilbide: 42 kilometrokoa (+1.600 metro) eta 36koa (+1.000 metro). Informazioa: https://inscripcion.kirolprobak.com/inscripcion/mondran-bike-2025-arrasateko-mtb-martxa/

Ekainaren 14an
Hirukasko ibilaldia Bidarrain
6:30ean aterako dira Bidarraiko elizatik. Luzera: 35 kilometro (2.700 m+). Izen emateak eta informazioa: zirkuitua.com

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.