Gaizka Izagirre kazetari eta ikus-entzunezkoen kritikariak, martxoaren 20an, galduta ibiltzearen sentipenaz idatzi zuen BERRIAn: «Aitorpen bat: hiri ezezagun batean maparik gabe dabilen bidaiari galdu baten pare sentitzen naiz. Azken urteotan ETBren ekosistemaren barruan egindako izen aldaketak eta plataforma sorrerak ulertu eta haiei jarraitzeko, krokis baten beharrean nago». Herritar bat baino gehiago ibiliko da antzera. Hortaz, hona hemen krokis edo mapa hori plazaratzeko ahalegina.
Komunikazio taldeen eskaintza soilik irrati eta telebista tradizionalen bidez egiten zenean, sinpleagoa zen dena. Hartzaileen zalantzak gutxiago ziren, bederen. Ikus-entzunezko edukien kontsumoa etengabe aldatzen ari da azkeneko urteetan, ordea, eta talde gehienak saiatzen dira horretara egokitzen.
2020ko urriaren 29an, Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, Andoni Aldekoa izendatu zuten EITBko zuzendari nagusi —urtebete lehenago, EAJren hautagaia izan zen Europako Parlamenturako hauteskundeetan—. Zuzendaritza talde bat osatu zuen Aldekoak, eta, handik gutxira, talde publikoaren garapen digital bati ekin zioten. 2021eko maiatzaren 19an, «euskal Netflix bat» sortuko zutela iragarri zuen Aldekoak Eusko Legebiltzarrean. Ondotik ekin zioten Interneteko hainbat plataforma eta zerbitzu garatzeari. Edukiak Interneten zabaltzeko, eskaintza dibertsifikatu egin du EITBk. Argibideak ez daude sobran erabiltzaileentzat.
Doako streaming plataformak dira Primeran, Makusi, Guau eta ETB On. Bakoitzak bere ezaugarriak dituen arren, zer behar da horiek erabiltzeko? Interneteko sarbidea, eta posta elektroniko batekin eta pasahitza batekin kontu bat sortzea. Bada hor erabiltzalearentzat abantaila bat: plataforma batean erabilitako posta elektronikoko helbidea eta pasahitza erabil daitezke beste plataformetan ere. Hainbat herritar kexatu izan dira esanez plataforma bat erabiltzeko berriro sartu behar dituztela zenbaitetan posta elektronikoa eta pasahitza; hori nekeza dela ezin uka, baina hala da. Zer dago ikusgai eta entzungai, bada, plataforma horietako bakoitzean?
PRIMERAN
EITBk sortu zuen lehen plataforma izan zen Primeran: 2023ko irailaren 21ean aurkeztu zuten. Ikus-entzule gazteak ditu plataformak helburu objektibo, baina adin guztietako herritarrentzako lanak aurki daitezke bertan. Telesailak badira bertan, zinema eskaintza, dokumentalak eta musikari eskainitako atal bat ere bai. Propio plataformarako sortutako saio batzuk ere aurki daitezke bertan: Nerea Aliasek aurkezten duen Intimitatean elkarrizketa saioa, Linbo late night show-a, hitzordu laburren Spoiler maitea saioa eta Xabin Fernandez Zubeldiak gidatzen duen Ardi beltzak saioa, besteak beste.
Plataforma berean ikus daitezke, era berean, beste herrialde batzuetako telesail eta film batzuk, euskarara bikoiztuta. Euskarazko azpidatziekin ere ikus daitezke beste batzuk. Eta badira, halaber, gaztelaniaz filmatu eta Euskal Herrian ekoitzi diren pelikula batzuk euskarara bikoiztuta ikus daitezkeenak.
ETBko artxiboko saioak ere badira plataforman; telesailak, bereziki. Baita Wazemank umore saioaren atal zaharrak eta Vaya semanita gaztelaniazko saioaren bilduma bat ere. Zinema eskaintzaren barnean, bestalde, euskal zinemagileei eskainitako bilduma batzuk badaude. Eta hainbat film labur ere ikus daitezke bertan.
Itziar Ituño aktore protagonista duen Argi gorriak telesail berria bertan estreinatu dute berriki —atzo sareratu zituzten azkeneko bi atalak—.
MAKUSI
Haurrentzako eta gaztetxoentzako euskarazko ekosistema digital berria da Makusi. 2024ko apirilaren 26an aurkeztu zuten. Neska-mutikoentzako euskarazko askotariko lanak daude bertan: Txakur Patruila, Pottokiak, One Piece, Dragoi Bola, Dora esploratzailea, Loa eta Laia eta Ladybug marrazki bizidunak, plataformarako propio sortutako Kalaxka, Power Up, Potx eta Lotx eta Ameslarien banda saioak, Go!azen eta Irabazi arte telesailak —horien bueltako lan gehigarriekin batera—, 3 Ene Kantak taldearen saioak eta neska-mutikoei zuzendutako bestelako filmak eta telesailak. Marrazki bizidun klasiko batzuk ere topa daitezke plataforman: Txirrita, Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarra, kasurako. Podcast eta bideopodcast batzuk badira. Baita Makusi klubaren zorion tartea ere.
Beste bide batetik doa Makusi kluba. Plataforma digitalak eta kideen klubak bi erregistro dituzte, zeinek berea, eta, beraz, ez dituzte datuak partekatzen. Bere ekitaldi propioak antolatzen ditu Makusi klubak.
ETB On
Interneteko EITB Nahieran zerbitzua ordezkatu duen plataforma digitala da ETB On. 2025eko abenduaren 16an aurkeztu zuen talde publikoak. Plataforma elebiduna da: ETB1eko saioak noiznahi ikus daitezke bertan, baita ETB2 katekoak ere. Gaikako kanal hauek ditu: Herri txiki, infernu handi, Sukaldaritza, Vaya semanita eta El conquistador del fin del mundo. Aurkezpenean, iragarri zuten ETB On plataforman egingo dutela «zuzenekoen eskaintzarik handiena». Kirol ekitaldien zuzenekoak izan daiteke horren erakusgarri —egunotan Itzuliko etapak ikus daitezke bertan—. Hain zuzen ere, plataformak Kirolak On izeneko tarte berezitu bat du.
Plataforma berean ikus daitezke ETB1 eta ETB2 kateek azkeneko egunetan telebista konbentzionalean eman dituzten saioak, noiznahi. Baita kate horiek une horretan bertan ematen ari direna. Albistegiak ere bertan ikus daitezke, noiznahi.
Kulturari eskainitako atal bat ere badu plataformak. Bertan daude azken bertso txapelketetako final batzuk, musika eta dantza ikuskizun batzuk, Dantzerti eskolako bederatzi obra, literaturari buruzko dokumentalak, Euskadiko Orkestraren kontzertu batzuk, operak eta ETBk ekoitzitako beste dokumental batzuk eta kultur saioak, besteak beste.
GUAU
Audioari, irratiei eta podcastei eskainitakoa da Guau Gure Audioa plataforma. 2025eko otsailaren 6an jarri zuten martxan. Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea eta Radio Vitoria zuzenean Internet bidez entzun nahi duenak Guau plataformara jo behar du. Han aurkituko ditu erabiltzaileak irrati horietako saioak, baita askotariko podcastak euskaraz eta gaztelaniaz. Plataformarako propio sortutako zenbait fikzio lan entzun daitezke: Artxipelagoa, De rigor mortis, #10garrena, Ahalaken, Holobiontea, Zure ilunetan, Eden, Test eta Ainguratuak.
Plataforma berean ere badira audioliburuak. Eta audioko bertsioa eskaintzeaz gain, bideo formatua eskaintzen duten bideopodcast batzuk badira: Klaketa, Benetan zabiz?, Yoko Ona, Badabil, Eneagrama, Nerabeen garrasia, Ez hain ondo, Zulora, Lay Day eta Nork nori noiz?.
Beste zerbitzu digital batzuk
Aipatutako lau plataforma horietaz gain, EITBk baditu bestelako zerbitzu edo eskaintza digital batzuk. Tartean da, adibidez, Orain.eus albiste zerbitzu digitala —sakelakoetarako aplikazioak aurretik zegoen EITB Albisteak ordezkatu zuen, eta Interneteko sare sozialetan albisteak zabaltzen dituzte bideo formatuan—. Kirolzaleentzat, berriz, Kirolakeitb.eus webgunea jarri zuen martxan taldeak iaz, urtarrilaren 22an. Irratien eskaintza digitalean, bestalde, berezitua da Gazteak webgunean eta sare sozialetan egiten duena.
Kate digital berriak
Isabel Octavio Uranga ETBko zuzendariak BERRIAn martxoaren 19an azaldu zuenez, EITBren digitalizazio prozesuaren azken pausoa ETB1 On eta ETB2 On kate digitalak sortzea izan da. Telebista konbentzionalean edo lurreko telebista digitalean ETB3ren eta ETB4ren tokia hartu dute kate horiek. Baina Interneten, bide propioa dute ETB1 On eta ETB2 On kateek, nazioarteari begira «eskubide murrizketarik gabe», plataformetan eta Youtuben.
Aste honetan bertan, EITBk iragarri du ETB1 On kateak bikoiztu egingo duela bere emisioa: batetik, LTD edo ohiko telebista konbentzionalean, haurrentzako euskarazko hamabi orduko programazioa emango du, 07:00etatik 19:00etara; bestetik, Youtuben, plataformetan eta telebista zerbitzu hornitzaileetan, nazioarteko eskubide murrizketarik gabeko programazioa. Astelehenean hasiko dira ETB1 On-en eskaintza bikoitz horrekin.