Atzo iritsi nintzen Euskal Herrira, bi asterako. Loraldiak antolatuta, Munduaribegiratzeko ikus-entzunezkoan parte hartuko dut asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian. Ospakizun gaua izango da, hogei urte bete baitira Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta bostok Zaharregia, txikiegiaagian hartako lehen emanaldia New Yorken eman genuenetik. Poesia, musika eta artea zuzenean. Eta euskara aldarri. Bilbon, CD-liburu hartako piezak, ostean etorri zen Jainkotxikietajostalarihura-koak eta aurten beren beregi sortutakoak eramango ditugu taula gainera. Aspaldiko lagunak, amets berrituekin.
Arriagako emanaldia eta biharamunean hasiko da Korrika, ostegunez. Eta hor ere parte hartuko dut, jakina. Nire herrian, Ondarroan, batuko natzaio. Beste bat gehiago izango naiz, euskararen aldeko karrera alaian. Beste bat, izan ere, bakarrik ez dago hizkuntzarik hitz egiterik, lagundua behar duzu izan, parte izan. New Yorken gero eta jende gehiagok galdetzen dit nola egin dugun euskararekin, benetan txalotzekoa izan dela berpiztea. Nik esaten diet egin dugula nahi izan dugulako, borondatea jarri dutelako herritarrek, hangoek eta hemengoek, nahia eta gogoa, euskaraz bizitzeko. Hiztun-komunitaterik gabe ez dago hizkuntzarik, euskaldunik gabe ez dago euskararik.
Datorren astean Bidebarrieta liburutegian egongo naiz Bilboko poesia jaialdiaren hogeita bostgarren urteurrena ospatzen. Poesiak eman didanaz arituko naiz, poemak irakurriz gozatu dudanaz, eta idatziz ikasi dudanaz.
Euskara eta poesia, horra Euskal herriratzeko aitzakiak.
Ez dira txarrak.