Aurpegiak gorputzaren neke eta pozen ispilu baldin badira, egunkarien azalak igarotako egunen oroigarri izan litezke, eta hala sumatzen da BERRIAren 2025eko lehenak errepasatuta. Orain, irakurleek aukera dute erabakitzeko 2025ean argitaratutako azalen artean zein iruditzen zaizkien onenak: gaurtik urtarrilaren 25era, gustukoenak aukeratzeko modua izango dute orrialde honetan, eta produktu sorta bat zozkatuko da parte hartzaileen artean. Urtarrilaren 26an jakinaraziko dute irabazlea nor den.
IKUSI GEHIAGO
2025eko azalen artean aukeratutako lehenean, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria agertzen da, bakarrik Espainiako Kongresuan, 2005eko urtarrilean, euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera joan zenekoa gogoratuz; izan ere, igandeetako papereko edizioan, gai bat hartu eta zabal lantzen du BERRIAk, eta ahalegin berezia egin gai hori aukeratzeko eta ilustratzeko.
Beste batzuetan, egoera gordinak erakutsi behar izaten dituzte egunkarien azalek, eta hala egin zuen urtarrilaren 28koak:Â Gaza iparraldeko herritarrak erakutsi zituen, etxera bueltan, erabat suntsitutako eremu batean, itsasoaren aldamenean.
Otsailaren 2ko zenbakian, euskaltegietan matrikulatzeko baldintzei buruzko ikerlan bat xehatu zuen BERRIAk, eta errepide sigi-sagatsu batzuk asmatu lanketa hori ilustratzeko, euskaltegietara iristeko bideak ez baitira beti zuzenak. Beste batzuetan, ez da irudirik asmatu beharrik: Martxoaren 8ak irudi indartsuak utzi zituen, «oldarraldi erreakzionarioari» aurre egiteko deia zabaltzearekin batera, eta Baionako mobilizazioko argazki batek zabaldu zuen egunkaria biharamunean.
Martxoaren 30ean, pilotako euskal selekzioa egiten ari zen bideaz eta —orduan, ustez— maiatzean jokatu behar zuen lehen nazioarteko lehia ofizialaz jardun zuen BERRIAk: propio sortutako irudi batekin ilustratu zuen gaia. Apirilaren 20ko BERRIAk, berriz, naziotasunaz ziharduen, Aberri Egunaren atarian: eta irudi hori ere josi egin zuen erredakzioko taldeak, hari muturrekin eta jostorratzarekin.
Maiatzaren 4ko azala, berriz, pailazoz jantzi zen, sudur gorri batekin, bezperan BECen Pirritxi, Porrotxi eta Marimototsi egin zioten omenaldia gogoan hartuta.
Hilabete geroago, ekainaren 1ean, Nafarroako industriaren egoera izan zen aztergai, jakiteko sektorea zertan zen herrialdeko ikur diren enpresa batzuek erabaki drastikoak hartu ostean. Herrialdea pieza bat balitz bezala moldekatu zuen Diseinu Taldeak, propio sortutako irudi batean, giltza batek estututa. Egun horretan argitaratu zuen BERRIAk Gabriel Arestiri buruzko gehigarri berezia, hil zeneko 50. urteurrenean, hori ere propio sortutako irudi batekin.
Maiatzaren 13an hil zen Jose Mujika Pepe Uruguaiko presidente izandakoa eta gerrillari ohia, eta hala munduko nola Euskal Herriko hainbat ekintzaileren ekarpenak bildu zituen BERRIAk; Eider Eibar ilustratzailearen ilustrazio landu batek eman zion sarrera iritzi bilketa horri.

Ekainean zabaldu ziren PSOEko zenbait kideren ustelkeria kasuen salaketak eta ikerketak, eta ekainaren 15eko azala Santos Cerdanek hartu zuen: hala ageri da hemerotekan, egunkariaren azala urratuta, eta, azpian, Cerdanen aurpegia, gordea zegoena ustekabean agertuta.
Aktualitateak eta gertakariek agintzen baitute azaletan, uztailaren 3koan eta 25ekoan ere ikusten denez: lehenean, Joxe Azurmendi pentsalaria ageri da, liburuz inguratuta, kamerari begira: uztailaren 2an hil zen, eta irudi horixe aukeratu zuen BERRIAren lantaldeak hilberria ilustratzeko; bigarrenean, epaitegiek euskara lehenestearen kontra hartutako erabakiak gaitzesteko protesta bat ageri da; berrehun udal ordezkari elkartu ziren EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Irailaren 27a egun seinalatua da, halako egun batez hil baitzituzten Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot Txiki. Urteurren borobila izan zen 2025ekoa: 50 urte. Eta ez zen polemikarik falta izan, haien hilketak oroitzeko egindako ekintzen inguruan. Horren aurretik, abuztuan, fusilatu zituzten lekuetara joan zen BERRIAren lantaldea, bien senideekin, eta dokumental bat ondu. Irailaren 21ean argitaratu zen erreportajea, eta fusilamenduan erabilitako bala zorroak jarri zituen egunkariak azalean.

Frankismoaren itzal luzearen seinale, egun batzuk geroago, azaroaren 16an, ikurrina batek eta bi futbolari ohik bete zuten BERRIAren azala: Franco hil zela oroitzeko prestatutako artikulu sorta luzearen barruan, Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar elkartu zituen egunkari honek, ikurrina joko zelaira atera zuten eguna oroitzeko.
Azaroaren 16ko lehenak ere nazioa ekarri zuen azalera, bezperan Euskal Herriko selekzioak eta Palestinak Bilbon jokatu zuten partidako irudi esanguratsu batekin: bi selekzioak lerro-lerro, jendetza atzean, eta ikurrin erraldoi bat harmailan.
Hori baino lehenago, urriaren 16ko lehen orrian, Palestinako banderek bete zuten BERRIAren azala, Israelek Gazan egindako genozidioa salatzeko lanuzteen eta mobilizazioen berri emateko.

Ziberindarkeria matxista: hori izan zen Azaroaren 25aren aurretik, bi egun lehenago, BERRIAk zabal landu zuen gaia. Feminismoaren kontrako eraso digitala irudikatzen duen irudi bat sortu zuen BERRIAren Diseinu Taldeak.
Pare bat aste geroago, abenduaren 7an, Parisko Eiffel dorrea lainopean desagertzen ageri zen lehen orrian: berotze globalari aurre egiteko Parisko Ituna izenpetu zutenetik hamar urte bete ziren, eta orduan hitzartutakoak nola moteldu diren aztertu zen egun horretan gai nagusi gisa.
BERRIAko lantaldeak landutako beste gai izan zen abenduaren 21eko gai nagusia: eraikuntza sektoreko langileen artean gero eta gehiago direla atzerrian sortutakoak.
Urtea eta aukeraketa hau bukatzeko, abenduaren 28ko lehena: Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbo Arena bete zuen euskaltzalez, euskarara eta euskalgintzara beste pizkunde bat ekartzeko asmoz. Ekitaldi haren bidez euskaltzaleen artean piztu nahi zuten ilusioa ekarri zuen BERRIAk azalera.