New Yorkeko parkeetan asko dira loratzen diren arbolak. Udaberri oro, pare bat astez, parkeak lorez lehertzen dira, zelaietan eta adarretan hazten dira, zeru-lurretan.
Gereziondoak, sagarrondoak eta bestelakoak, lore zuri, gorri, arrosa eta morez.
Alta, laster hasten dira loreak erortzen, eta hiritarrek gustuko dute loreen alfonbra horretan etzan eta zuhaitzaren adarrei begira geratzea. Inork ez ditu loreak arbolatik kentzen; erortzen direnean bai, orduan sartzen dituzte liburu baten barruan eta etxera eramaten.
Aurrekoan, 72 kaleko metro geltokian, gerezi-loreen euria ikusi genuen. Sabaiko burdinazko babes-sare artetik loreak erortzen ziren: ez elurra, ez euria, duela gutxi arte bezala, loreak.
Bidaiariak begira geratu ziren, liluratuta, trena iritsi eta loreak aurretik eraman zituen arte.
Arbolen loreekin, bi astetan magia sortzen da hirian. Eta beharbada horregatik da magikoa: hauskorra delako, bizitza bera bezala.