Eusko Jaurlaritzari exijitu diote herri mugimenduaren aurkako «kriminalizazioan pauso bat atzera» egiteko

Ia berrehun eragileren babesarekin, milaka herritarrek parte hartu dute Ertzaintzaren «inpunitatea» salatzeko manifestazio batean, Bilbon. Erasoak eraso, eskubide zibil eta politikoen alde lanean jarraituko dutela berretsi dute deitzaileek.

Ertzaintzaren «inpunitatea» salatzeko manifestazioa gaur, Bilboko udaletxeko zubian barrena. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ertzaintzaren «inpunitatea» salatzeko manifestazioa gaur, Bilboko udaletxeko zubian barrena. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko ekainaren 20a
18:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Garbi esan nahi dugu: premiazkoa da errepresio honi guztiari mugak jartzea». Modu horretan, Ertzaintzaren indarkeria pairatu duten 11 taldek eta norbanakok «herri mugimenduaren aurkako espiral kriminalizatzaile hori» eta polizia autonomikoaren «inpunitatea» amaitzeko exijitu diote Eusko Jaurlaritzari. Bada, eskaera horri indarra emateko, ia berrehun eragile eta milaka herritar batu zaizkie manifestaziora, Bilbon. «Protestarako eskubidea» defendatu dute, eta «inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde» lanean jarraituko dutela adierazi.

Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean, milaka herritarrek manifestazio bat egin dute gaur arratsaldean, Bilbon, Eusko Jaurlaritzak herri mugimenduaren aurka aurrera daraman «errepresioa eta kriminalizazioa» salatzeko. Mezua bat eta bakarra izan da; mobilizazio horren deitzaileak, ordea, 11 norbanako eta talde izan dira: Euskal Herriko Global Sumud Flotilla, Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinakunde Sozialista, Errekaleor Bizirik, Azpeitia Errepresioaren Aurka, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea. Horiek denek Ertzaintzaren indarkeria pairatu dute.

Deitzaileak bezala, ekinaldiari atxiki zaizkionak ere asko izan dira, herri mugimenduko ia berrehun eragilek babestu baitute gaurko mobilizazioa. Horien artean dira, besteak beste, Aroztegiko Elkartasun Komitea, AHT Gelditu, BDZ Euskal Herria, Euskal Herrian Euskaraz, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salhaketa. Bada, deialdiarekin bat eginez, Plaza Eliptikotik abiatu dira milaka lagun, eta ordubetean egin dute Arriaga plaza arteko bidea. Ibilbidean zehar, besteak beste, «jazarpen polizialari aurre egin», «errepresiorik ez» eta «Eusko Jaurlaritza herriaren etsai» oihukatu dituzte. Bukatutakoan, berriz, zera azpimarratu dute oholtzatik irakurritako manifestuan: «Premiazkoa da errepresioari mugak jartzea, herri mugimenduko eragileok gure jarduna askatasunez aurrera eraman dezagun». Arriaga plaza jendez lepo zegoen.

«Nazkatuta gaude. Bada garaia kalera irteteko eta gertatutakoen errudunak haiek direla esateko»

ARANTZA GOTXI Euskal Herriko Global Sumud taldeko kidea

Bide batez, «besarkada bat» helarazi nahi izan diete Euskal Herrian zehar errepresioa pairatzen ari diren guztiei, «eta oro har kapitalismoaren zein inperialismoaren bidegabekeriei aurre egiteagatik» jazarriak izaten ari diren guztiei. Horien artean, ekainaren hasieran, Espainiako Poliziak Iruñerrian atxilotutako 28 lagun gogoratu dituzte. Iazko urriaren 30ean Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitatean antolatutako performancearen kontrako protestetan parte hartu zutelako atzeman zituzten. Berangon (Bizkaia), Ibai Aginaga preso ohiari ongietorria egiteagatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu dituzten hamasei herritarrak ere ez dituzte ahaztu nahi izan; ezta Ipar Euskal Herrian errepresioa pairatzen ari diren kide guztiak ere.

Ertzaintzari so

Manifestaziora deitu duten norbanako eta eragileek uste dute Eusko Jaurlaritzak «beste errepresio ziklo bat» abiatu duela, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuaren eskutik. «Hark dio protesta eskubidea bermatua dagoela EAEn, baina errealitatea oso bestelakoa da: Jaurlaritzak protestatzat ulertzen du beraiei onargarria zaiena», kritikatu dute. Are, Zupiriari aurpegiratu diotenez, «ezin dute gauza bera esan Flotillako kideek; ezta Iker Aranak, Amaia Zabartek, Xuhar Pazosek eta Aritz Ibarrak ere». Norbanako horiek denek zauri larriak jasan zituzten, Ertzaintzaren esku hartzeen ondorioz. Ildo horretan, Arantza Gotxi Euskal Herriko Global Sumud taldeko kideak Segurtasun sailburua egin du egoeraren erantzule, manifestazioa hasi baino lehen egindako adierazpenetan: «Nazkatuta gaude. Bada garaia kalera irteteko eta gertatutakoen errudunak haiek direla esateko», esan du.

Deitzaileen arabera, gaztetxe bat irekitzeagatik erreprimitua izateko arriskua dago, Galdakaon (Bizkaia) eta Eibarren (Gipuzkoa) gertatu bezala: «Galde diezaiotela gazte horiei», adierazi dute. Jarraitu dutenez, sionismoaren aurka egiteagatik ere jazarpena jasateko arriskua dago, «Espainiako Vueltaren aurkako boikotak jasandako errepresioak erakusten duen moduan». Bestalde, gogorarazi dutenez, Azpeitian (Gipuzkoa), zaborrontzi batean errotuladorez egindako pintada baten harira hogei auzipetu baino gehiago daude. «Kanpaldi baketsu bat antolatu, futbol taldeei harrera egin edo kale salmentan arituz gero ere, isunak, jipoiak eta atxiloketak jasateko arriskua dago», salatu dutenez.

«Eskubide zibil eta politikoek arriskuan jarriko lituzkete EAJren interes politiko eta ekonomikoak. Hori dela eta, herri mugimendua ahul eta otzan nahi dute»

ASIER PRADERA Justizia Aranarentzat plataformako kidea

Are, euskaraz mintzatu eta hizkuntza eskubideak errespeta daitezen eskatze hutsagatik ere isunak jasotzeko arriskua badela adierazi dute. «Antzeko adibideak ematen jarraitu genezake, eta ez genuke sekula amaituko», salatu dute. Izan ere, deitzaileen arabera, protesta eskubidea eta eskubide zibil eta politikoak dira «kolokan» daudenak: «Gaztetxeak irekitzea, desobedientzia zibila egitea eta etxegabetzeetan gorputza jartzea protesta forma zilegi, demokratiko eta beharrezkoak dira. Herri mugimenduaren borrokak ezin dituzue besterik gabe errepresioaren zakuan sartu», bota diote aurpegira Eusko Jaurlaritzari.

Injustizia eta interesak

Hala ere, testuinguru orokorrago batean kokatu dute auzia: «kapitalismoari eta horrek sortzen dituen injustiziei aurre egiteko aukera bera» dago jokoan, azpimarratu dutenez. Ildo horretan, eskubide zibil eta politikoak «murrizten» aritzea leporatu diete estatuei eta EAJri berari «datorren krisialdiaren aurrean erantzuteko aukerarik egon ez dadin». «Eskubide zibil eta politikoek arriskuan jarriko lituzkete EAJren interes politiko eta ekonomikoak. Hori dela eta, herri mugimendua ahul eta otzan nahi dute», esplikatu du Asier Praderak. Justizia Aranarentzat plataformako kideak ere manifestazioaren hasieran egin ditu adierazpenak, Euskal Herriko Global Sumud taldeko Arantza Gotxirekin batera.

Oholtzatik ere zera aurpegiratu diete jeltzaleei: «Ez dezagun protestatu beraien laguntxo espekulatzaileen aurka, Israelekin akordioak egiten jarrai dezaten, eta ez dezagun jabedun handien eraikinik birjabetu, ekosistemen suntsiketarekin negozioa egiten jarrai dezaten».

(ID_16202046) (Aritz Loiola/@FOKU) 2026-06-20, Bilbo. Herri mugimenduko 180 eragilek baino gehiagok babestu dutemobilizazioa, Ert...
Ertzainak Arriagatik hurbil, manifestazioa amaitzear zela. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hori guzti hori ikusita, gaurko manifestazioaren bidez, «protestarako eskubidea» aldarrikatu dute, eta «inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde» lanean jarraituko dutela berretsi. Horrenbestez, «espiral kriminalizatzaile honetan pauso bat atzera egitea» exijitu diote Jaurlaritzari. Eskubide zibil eta politikoen alde lanean segituko dutela berretsi dute, «elkarri eskua luzatuz eta mota guztietako injustizien aurka ekarpena eginez». Hain zuzen, gaurko mobilizazioa norabide horretan urrats bat gehiago izatea nahi dute. Eta, gutxienez, gaurko manifestazioan, Ertzaintzaren furgoirik ez da egon ibilbide osoan zehar. Moyua plazan eta Arriagatik hurbil, ordea, bai. «Aurrean izango gaituzue», ohartarazi diote oholtzatik.

IRANEKIN BAT TALDEKO KIDEEI ELKARTASUNA

Asteartean Bilbon eta Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia) atxilotutako Iranekin Bat taldeko bi kideei ere «babes osoa» adierazi diete Bilboko manifestazioaren deitzaileek: «Errepresioaren aurrean ez dugu inor bakarrik utziko», nabarmendu dute. Iranekin Bat taldeko bi kideek Jose Luis Calama Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik pasatu behar izan zuten atzo, besteak beste Libanoko Hezbollah «erakunde terroristako kide» izatea leporatu dielako Espainiako Poliziak. Calamak behin-behinean aske utzi ditu, baina kautela neurri batzuk ezarri dizkie: besteak beste, pasaporteak kendu dizkie, eta Espainiako mugetatik irtetea debekatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE