Aitor Servier (Azkaine, Lapurdi, 1997). 8 urte zituenetik ari da bertsotan. Donibane Lohizuneko ikastolako bertso eskolan ekin zion bideari, eta, geroztik, zenbait bertso eskolatan aritu izan da, baita Eskolarteko Txapelketetan ere. 2014an eman zuen izena lehen aldiz Xilaban, eta joan den urtarrilean jokatutakoan laugarren izan zen.
Ofiziala
Doinua: Gai horrek badu mamia.
1.
Prefetak berriro ere
anker, lehen pertsonan
arraildura hautemanik
legediaren horman...
gogor jo du bermaturik,
aginduetan, sonan,
konstituzioan eta elebakarren norman.
Kontatu nahi nizueke
bertso sortaren forman
zer gertakari izan zen
Saran eta Baionan.
2.
Errepublikak egin du
ezustean dardara,
prefetak jomugan dauzka
Baiona eta Sara
haien bozkak igorri nahi
lituzke pikutara,
hizkuntzari eman nahirik
behar duen bultzada
ofizialki aitortu
baitzuten, trabak traba,
gure herriko hizkuntza
dela, berez, euskara.
3.
Prefeta hain jakobino
eta hain demagogo
epaileak, berriz, usu
agintarien loro,
Paueko auzitegian
hainbertze gurpil zoro,
baietz gibelera bota
deliberoak oro
bada hamaika ozpindu
eta euskarafobo,
ez da soilik fikzioan
agertzen Bizkarsoro.
4.
Hizkuntza polemiketan
nor ote onuradun?
Prefetak zergatik behar
du jukutriaz jardun?
Erantzuna itxaropen
doinuz kanta dezagun
Onartzekoak baitira,
laster, egunez egun
eskubide osoz izan
nahi dutela euskaldun
Donapaleun, Izuran,
Itsasun, Hiriburun.
5.
Errepublikan baino ez
daukatenek fedea
Pauetik zein Parisetik,
nolako mesedea!
Euskara desagertzea
da beraien xedea
baina kontra ukan arren
haizea, boterea,
Willis Drummond gogoratuz
bakoitzari berea:
Gu ilegalak bagara,
alda zuen legea!
6.
Estakurutzat harturik
legezko oinarria
prefetaren erdeinua
da okaztagarria.
Azaroak 21
data dago jarria
Baionan sala dezagun
egoera larria;
“Euskara ofiziala”,
horra hor aldarria!
Frantzia delako gure
Sisiforen harria.




