Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005). Gasteizko Armentia ikastolan jaso zituen lehen bertso eskolak, eta, Lehen Hezkuntza amaitzean, bertso eskolan eman zuen izena. Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan hasi zen jendaurrean kantuan, eta txapelduna izan da 2021ean, 2022an eta 2023an. Aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketan ere hartu du parte; sei finalistetako bat izan da.
Udari
Doinua: Konstituzio berria (Joseba Tapia)
Trantsizioko ekainak bide
eman dio uztailari
ta esperantzaz nahiz jarri garen
begira datorrenari,
lana lez jaia konplikatu ohi
zaionez gazteriari,
bertsoak jarri nahi nizkioke
hasi berri den udari.
Egin nahi nuen eskapada bat
ta hartu bi katamaran,
baina gastuak jada ez dira
sartzen gurasoen pagan;
hortaz lagunak lanean hasi
gara azkenengo boladan:
hiru Eroskin, lau Mercadonan,
bost Simply-n eta sei Zaran.
Eta lanik ez denean nola
bete gainerako dena?
Barrukoentzat kosta izaten
da plan exotikoena...
Kuadrillan hala ditugu ordea
eta hori da problema:
bostek Alsako bonoa eta
bakarrak gidabaimena.
Bestalde jantzi bikinia ta
jarri ohi naiz dramatika,
uda garaian nabarmentzen da
eta gure estetika.
Dagoeneko hainbeste gorputz
fitness ezin ikusita
gimnasiora apuntatu naiz
begiak erdi itxita.
Garai honetan parrandarako
aitzaki dira zenbait jai,
baina gazteok antolatzeko
baldintzak daude nolanahi.
Txosnagunetan batzuk ez dira
besteak onartzeko gai;
Gasteizen berriz gertatuko da
txosnarik EZ ta TicketBAI.
Udako asmoak pluf! joaten dira
nola armairuan Houdini,
izan Eroskin lanean edo
probatuz ehunka bikini.
Ez nadin asko nekatu eta
ez nadin senti hain nini,
alerta gorri hau nola pasa
asmatu nahian nabil ni.





