Iruri Altzerreka. 2000. urtean sortua, Garain (Bizkaia). Zortzi urte zituela hasi zen bertso eskolan, Miren Amurizarekin, Berrizen. Harrezkeroztik, Berrizko eta Durangoko bertso eskoletan aritu da, baita bertso irakasle ere.
2023ko maiatzean III. Señora sariketako Tokado saria irabazi zuen, eta, 2024an, Txirristaka bertsopaper lehiaketa. 2023an Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen lehendabizikoz.
Neke kronikoa
Doinua: Orainaldiko idazlan batek
1.
Kurtsoan zehar hartu ohi gaitu
premiaren presak
Denetara hel nahi eta ezin
gainezka estresak
Baina_iluntzeko zerbezak
Esperantza dakar behintzat
Konponbidea errutinaren
joan-etorrientzat (bis).
2.
Ane bi aste bere kontura
Mexikora doa
Anderrek libre soilik ei dauka
hurrengo_azaroa...
Gertukoekin tragoa
Bihurtu da arraroa
Medikuarekin zita hartzea
baino zailagoa (bis).
3.
Hala ere planik ez zaigu falta
gaurko zein biharko
Atera gabe geldituz gero
zerbait dago txarto...
Gertu edozertarako
Prest gaude festetarako
Estimulu lar ez ote daude
gauza onerako? (bis).
4.
Uda zukutu nahian gabiltza
ekin eta ekin
“Joan ezean, baietz damutu”
dena da etekin...
Zer egin ahots horrekin?
Igande_arratsaldeekin?
Ez badakigu lasai egoten
geure buruekin? (bis).
5.
Bakardadea zein asperdura
ez daude planean
Hitz intrusibo oro_isiltzeko
barne afanean
Arduraren oihanean
Nahiago jarri lanean
Nahita erortzen gara berriro
kontraesanean (bis).
6.
Askok daukagu oreka-modu
automatikoa
Giza gorputza sortzez delako
azal ziklikoa
Joera bada ohikoa
Erantzuna, betikoa...
Hiru hiletan nola sendatu
neke kronikoa? (bis).
Kattin Madariaga | Gose Jokoak
Kattin Madariaga (Arantza, Nafarroa, 2008). Nafarroako Eskolarteko Txapelketan bide oparoa egin du Madariagak, 2023az geroztik irabazle izan baita aldiro, denera lau aldiz. Iaz, 17 urte zituela, Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen lehen aldiz, eta hartan aritutako bertsolari gazteena izan zen.
Aitor Servier | Ofiziala
Aitor Servier (Azkaine, Lapurdi, 1997). 8 urte zituenetik ari da bertsotan. Donibane Lohizuneko ikastolako bertso eskolan ekin zion bideari, eta, geroztik, zenbait bertso eskolatan aritu izan da, baita Eskolarteko Txapelketetan ere. 2014an eman zuen izena lehen aldiz Xilaban, eta joan den urtarrilean jokatutakoan laugarren izan zen.
Idoia Anzorandia | Neurriak neurriz
Idoia Anzorandia (Barakaldo, Bizkaia, 1983): Bertsotan eskualdean edo lagun giroan egiten duen arren, bere jardun nagusia gai jartzailetza da. Horretan aritzen da plazan, bai eta Bizkaiko eta Euskal Herriko bertsolari txapelketetan ere. Bertsolaritza irakaslea da hezkuntza arautuan. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldeko kide ere bada.
Iñaki Viñaspre | Atzerritik atzerrira
Iñaki Viñaspre (Abetxuku, Araba, 1984). Arabako Eskolarteko Txapelketan hasi zen garaikurrak batzen, bi aldiz jantzi baitzuen txapela —2001ean eta 2002an—. 2005ean sailkatu zen lehenengo aldiz Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako, eta, orduz geroztik, finalista izan da aldiro. Bi aldiz jantzi du Arabako txapela: 2019an eta aurten. Bestalde, bertsoaren inguruko modalitate ugari landu ditu, besteak beste Bertso Rap, Bertso Tavern eta Bertxorakeritan deritzenak. Gai jartzaile, epaile eta irakasle ere aritu da.
Beñat Larrori | 90eko haurren balada
Beñat Larrori (1990, Iruri, Zuberoa) COVID-19aren pandemia garaian hasi zen bertsotan ikasten, lagunartean. Langintza horretan Dylan Inglisekin sakontzeko parada sortu zitzaion, eta telematikoki aritu ziren horretan. Gero, Zuberoako bertso eskolan eman zuen izena, eta aurten Xilaban parte hartu du. 2023an taldekako Xilaban parte hartu zuen, eta 2025ean ere aritu da, bakarka. Pastoral idazlea ere bada. Ofizioz, Xiberoko Botzako kazetaria da.
Eneko Lazkoz Martinez | Erretzaileari
Eneko Lazkoz Martinez (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1983) Etxarriko bertso eskolan hasi zen bertsogintzan. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2000. urtean, eta 2010az geroztik Nafarroako Bertsolari Txapelketa ugaritan parte hartu du. 2017an, 2019an, 2021ean eta 2023an Nafarroako txapeldunorde izan zen. Horrez gain, bertsorik onenaren Mikaela Elizegi saria jaso zuen Pello Errota sariketan, 2018an. Errexil sariketa ere irabazi zuen 2024an.
Amaia Iturriotz Etxaniz | Hondartzarenak
Amaia Iturriotz Etxaniz (Urretxu, Gipuzkoa, 1993) 12 urterekin hasi zen bertsotan, Gorka Azkarate irakasle zuela, Zumarraga-Urretxuko eskolan. Eskolarteko txapelketetan egin zituen jendaurreko lehen saioak, eta, harrezkeroztik, gazteentzako sariketa ugaritan parte hartu. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetan ere hainbat aldiz kantatutakoa da: 2011n, 2015ean, 2019an eta 2024an. 2022an, Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen. Familia medikua da lanbidez.
Nahia Etxeberri | Munduko Futbol Kopaz
Nahia Etxeberri Lopepe (Ainhize-Monjolose, Nafarroa Beherea, 2008) oso gaztetandik nabarmendu da bertsoen munduan. 2021ean, Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa irabazi zuen 16 urtez behetikoen modalitatean, Munduko injustiziak bertso sorta aurkeztuta. Hiru urteren buruan, 2024an, Gazte Xilabako finalera iritsi zen, eta txapeldunorde izan. Ipar Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako irabazi zuen 2025ean.
Ibai Amillategi | Tranpie eta legie, sarri bera die
Ibai Amillategi (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1993). Umetatik da bertsozalea. Halere, bazituen 22 urte bertso eskolan hasi zenerako. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Lilibertso bertso eskolan eman zuen izena. 2018. urteaz geroztik, Bizkaiko Txapelketa guztietan parte hartu du, eta azken bietan —2023an eta 2025ean—, finalerdietan kantatu zuen.
Maddi Agirre | Udari
Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005). Gasteizko Armentia ikastolan jaso zituen lehen bertso eskolak, eta, Lehen Hezkuntza amaitzean, bertso eskolan eman zuen izena. Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan hasi zen jendaurrean kantuan, eta txapelduna izan da 2021ean, 2022an eta 2023an. Aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketan ere hartu du parte; sei finalistetako bat izan da.



