Oihane Perea. 1977. urtean Gasteizen jaioa, 12 urte zituela bere jaioterriko bertso eskolan hasi zen. Euskal Herriko Eskolartekoan eta San Prudentzio Sariketan ia edizio guztietan parte hartu zuen. Hainbat urtetan Arabako Bertsolari Txapelketan txapeldunorde izan eta gero, lau aldiz izan da txapeldun: 2007an, 2009an, 2013an eta 2017an. Bertso eskolako irakaslea izan da, eta ikastetxeetan ere aritu da. Hiru aldiz parte hartu du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian.
KLIMATERIOARENAK
Doinua: Desagertua
Gazte garaian izan zenuen
Ezusteko arerioa
Azken aldian faltan botatzen
Duzun barne jarioa
Gai tabua, serioa…
barneko misterioa
Wikipedian begira zazu
Zer den klimaterioa
Estrogenoen erruagatik
Nahiz ta sentitu zaharra
Zuk zer nahi duzun argi daukazu
Jakituria, indarra
Baina non dago aparra?
ez ote da zoritxarra
disfrutatzeko garai onena
siku pasatu beharra
Behetik gora dator beroa
Oso gauza tipikoa
Osakidetzak ez dizu eman
behar duzun triptikoa
Gorri ta erdi itoa
Astinduz abanikoa
Eskuetatik irteten zaigu
Energia eolikoa
Zure etxeko eta laneko
Guztiak badira kexu
Ez baduzu nahi hainbeste zama
Horrenbeste konpromezu
guztiei su emaiezu
Zure buruari muxu
Klimaterioa arma bezala
Erabili dezakezu
Asko banatu egiten dira
Ez da arraroa hara
Koplexu denak kendu ta hartuz
ahizparen besakada
ze orain zure erara
goxo zaindu behar zara
jostailu eta kutixiekin
probatzeko garaia da
Urtebeteko lehorte batez
Salto hurrengo fasera
Denak noiz baiten helduko gara
Menopausika izatera
Pasa ezkero batera
Munduarentzat hobe da
Ongi etorri Andre helduen
Territorio librera!