Lekuinen jaioa (Lapurdi), 1998an. Txikitatik dabil bertso munduan, eta txapelketarako saltoa ematera ere laster ausartu zen. 2014an eta 2015ean Iparraldeko Eskolarteko Txapelketako txapeldunordea izan zen. Hainbat sariketatan aritua da, eta horietako batzuetan lehen postua lortua: 2016an Berritxu saria lortu zuen Berriatuan (Bizkaia), eta 2017an, berriz, Mikel Laboa saria Donostian eta Lizardi saria Zarautzen (Gipuzkoa). 2023an, Taldekako Xilaban parte hartu zuen Ortzi Idoate eta Irantzu Idoaterekin batera. Lehen postuan geratu zen hirukotea.
JOAN-ITZULIAK
Doinua: 90 beltzean
Ni Lapurdin handitu niz
ta hemen bizi naiz berriz.
Ez nintaike hain uros izanen
hau pasa ez balitz.
Banituen beldur anitz
baina ilusio handiz
20 urtetan Euskal Herritik
joan nintzen lehen aldiz.
Karrera bat ikasteko
egin mila kilometro
eta bost urtez joan-etorriak
nituen etxeko.
Herri minaren menpeko,
garaia zen itzultzeko,
kanpoan ezin delako bizi
hemen baino hobeto.
Hau da leku segurua
hurbila dut ingurua,
baina abenturazalea
daukat bizi liburua.
Hasten da barne gudua
ikusi nahi dut mundua
jakin gabe zer den ihes berri
horren helburua.
Hego Ameriketara
egin nuen hegalkada,
zortzi hilabetez bidaiatzeko
izan dut parada.
Irri, malko, besarkada
dena plazera izan da
baina azkenean Euskal Herrirantz
daukat begirada.
Nola bidaia osteak
hautsi ditzakeen usteak,
nahiz ta eskapatu
berriz goxoki hartu nau etxeak.
Zabalduz bere ateak
zerratu dira besteak:
ilusiorik ez dit egiten
berriz joateak.