New Yorkeko Munduak
New Yorkeko munduak

Dena jakiten da

2025eko maiatzaren 5a

"Dena jakiten da", horrelaxe deitzen da Gabriel Garcia Marquez idazleari buruzko erakusketa. Kolonbiako Liburutegi Nazionalean –guk horrelakorik ez dugu oraindik– atondu dute, Bogotan. Austineko Unibertsitateko artxibategitik erakarritako esku-izkribu, gutun, argazki, kartel, jantzi eta idazmakinarekin osatu dute lehen aldiz.

Liburutegi Nazionala Art Noveau estiloko eraikin txairo bat da, Bogota erdialdean. Sarreran zorroa erakusteko eskatu didate. Nire bi liburu nituen barruan. Arratsaldean, Bogotako liburu azokan pasarteren bat irakurtzeko. Izenburuak fitxa batean idazteko eskatu didate, lapurtu ditudala ez pentsatzeko.

Erakusketaren erdigunean idatz-mahai zahar bat dago eta haren gainean Cien años de soledad entzutetsuaren jatorrizkoa, laurehun eta piku orri, makinaz. Jatorrizkoa osorik bidaltzeko dirurik ez zuenez, kontatzen da, zati bat soilik bidali ziola editoreari, eta hark, dena irakurri gabe ere, segituan jakin zuela liburu hura klasiko bat bilakatuko zela.

Gabok sei edo zazpi aldiz idazten zuen nobela bera bukatutzat eman aurretik. "Aroztegi" lan handia egiten zuen. Cien años haren ideia hamabost urte luzez erabili zuen buruan, Mercedes Barcha emazteak Gabo gela batean sarrarazi zuen arte, klasikoa behingoz idatz zezan.

Gerokoa badakigu, aintza eta ospea mundu zabalean. Dena den, erakusketan ez dira balentriak bakarrik kontatzen. Porrotak ere badatoz. Adibidez, The New Yorker aldizkariaren ezezko bat dator. Ez zen bidea erraza izan. Eta azken urteetako gainbehera ere ageri da, memoria galtzen hasi zenekoa. Gustuko izan nuen beste gauza bat, familia eta lagunen presentzia. Gertukoen argazki asko daude. Idazleak dena zor diolako bere inguruari, familiari, lagunei eta komunitateari, eta hori ez zuen Gabok ahaztu.

Ateratzean, zorroa berriz erakusteko eskatu didate. Nire bi liburuak zeuden barruan, ez dut libururik lapurtu. Baina ideiak bai, ideiak eman dizkit Gabok, nola norbera izatea dela aurrera egiteko bide bakarra, egokitu zaizun izaera eta jatorria ezkutatu gabe. Izan ere, hark idatzi zuen bezala, azkenean, "dena jakiten da".

Gaiak
Atal gehiago
New Yorkeko Munduak

Korrika urrunetik

2026ko martxoaren 23a

Korrikaren oihartzunak New Yorkera ere iritsi dira. Ostegun gauez familia osoa egon ginen Baxenafarroatik nola igarotzen zen online ikusten. Goizeko ordu txikiak ziren Euskal Herrian. Eta hala ere, jende andana ikusten zen euskararen alde lasterka.

Kilometro bat eta gero beste bat, herri bat eta gero beste bat: harrapatu egiten zaitu Korrika internetetik ikusteak. Eta ohartu gabe, orduak pasatzen dira.

Lehengusinak ere gauza bera esan dit: gauez, umeari bularra ematera jaikitzen zenean, hantxe egoten zirela, haurra eta biak, Korrika sarean ikusten, goizeko orduetan.

Gurean ere, gauero, afalostean, ohitura bihurtzen ari da: euskarazko suge koloreduna nondik nora dabilen begiratzea.

Mundu osotik dabil Korrika. Argentinan edo Idahon besta handiak antolatu dituzte. New Yorkera ez da iritsiko larunbata eguerdira arte.

Hudson ibaiaren ertzetik igaroko da, 700 hizkuntza dituen hirian. Eta 700 horien artean euskara: batzuentzat beste bat gehiago, guretzat bakarra.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Etorbidea

2026ko martxoaren 16a

Bazterreko delian pasatzen dute droga.

Handik igarotzen naiz goizero.

Kanpoan zain taldetxo bat, gazteak, auzokoak.

 

Bertara iritsi naizenean, hantxe zeuden gaur ere.

 

Etorbideko aurreko espaloitik emakume bat hasi da agirika.

Gurditxo bat du eskuetan. Harekin egiten du oinez.

Taldeko gazte batek erantzun egin dio.

—Zer egiten duzu gaur ere hor? —esan dio emakumeak. —Ez zaitut ezagutzen. Alproja!

—Zu bezalakoa —mutilak—.

Zuk egin nauzu horrelakoa.

 

Oihuak gero eta handiagoak bilakatu dira.

Oinezkoak geratu egiten ziren begiratzera.

Semea alde batean, ama bestean.

Eta tartean etorbidea: autoak, kamioiak, anbulantziak.

 

Oihuak alde batetik bestera.

 

Bietako inork ez du kalea zeharkatu.

Ez dira inon elkartu.

Ama eta semea.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Txanponak bi alde

2026ko martxoaren 9a

Gure aitaitak ez zuen sekula ulertu zergatik ez nuen derrigorrezko soldadutzara joan nahi. Eta are gutxiago horregatik kartzelara joateko prest nengoela.

Berarentzat soldadutza askapen moduko bat izan zen. Joan den mendeko hogeiko hamarkadan, Ondarroatik, bere herritik, ateratzen zen lehen aldia izan zen.

Itsas armadara joan behar izan zuen. Bartzelonara bidali zuten, portuko hegazkinen arduradun. Garbitu eta motorra martxan jarri behar izaten zien, helizeei eraginda. Herriko ontzietako lurrun-makinetan txo izan zenez, azkar ikasi zuen.

Egun batean entzun zuen Euskal Herritik beste soldadu bat iritsi zela, Santurtzikoa omen zen.

—Tu Santurtzi, yo Ondarroa —esan zion aitaitak gaztelania traketsean. Eta geroztik lagun egin ziren.

Gero Southamptonera joan ziren gerraontzi batean. Gastuetarako eman zioten diruarekin traje ingeles bat erosi zuen bertan.

Trajea jantzita itzuli zen etxera, eta lagunekin edatera atera zen. Egunsentian, poltsikoan geratzen zitzaion txanpon bakarra zubitik behera bota zuen.

Eta horrela hasi zuen aitaitak bizitza berria.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Elizdorrearen ordua

2026ko martxoaren 2a

Goizero joaten naiz Columbia Unibertsitatera oinez. Hango liburutegian idazten dut. Hori da nire goizeko ohitura: gosaldu, etxea hustu, eta tipi-tapa egitea etxetik Columbiaraino, 37 kaleak zeharkatuz. Arratsaldean, literatura eskolak. Baina goiza idazteko dut.

Hiria esnatzen egoten da: kafetegiak zabaltzen, kamioiak zama hustutzen. Morningsidera iristeko aldapan gora egin behar da, eta gero argitasuna dator. Etxeak baxuagoak dira. Eta elizdorreak daude, ordua ematen dakiten kanpaiekin. Ematen du herri batean zaudela, nahiz eta hiriaren erdian egon. Orduak ematen dituen elizak itxura gotikoa du, 1868an eraikia izan arren. Eliza atarian ilarak egoten dira, jendea arropa eta janaria jasotzen.

Duela gutxi irakurri nuen berria: elizak bota behar zituzten etxeak egiteko. Nire bideko eliza kuttuna ere bai. Nahiz eta badakidan etxeak behar direla, hutsunea sentitu nuen. Eliza neogotikoaren ordez, eraikin luze bat altxatuko dute, ordua ematen ez dakiena.

Baina New Yorken bizitzak badaki pelikula baten modukoa izaten, eta azken orduko plot twistak izaten dira. Handik gutxira beste berri bat agertu zen: kexak zirela eta, eliza ez zela botako. Ondoan zuen eraikin zaharra bai; han egingo dituzte etxeak.

Elizak, beraz, jarraituko du ordua ematen.
Eta jatekoa eta arropa ere bai, nire Columbiarako goizetan.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Topa!

2026ko otsailaren 23a

Asteburuetan ardoa erosten dugu. Ostiral eta larunbat iluntzean edateko. Hemen ez dago hango poteo ohiturarik; asko jota taberna batean geratzen zara, bakar batean, edo etxean.

Ardoa auzoko denda batean erosten dugu. Mundu osoko ardoak dituzte, gehienak organikoak edo jasangarriak. Europakoak asko, baita Euskal Herrikoak ere. Txakolinak arrakasta handia du eguraldiak hobera egiten duenean, eta negu partean Errioxakoek.

Dendakoak euskal izenez galdetzen digu. Gogoan dut behin “Gaupasa” izeneko ardo baten esanahia azaltzen ibili ginela. Segituan ulertu zuen. Irribarre egin zuen.

Ardo dastaketak ere egiten dituzte, eta orduan jendea biltzen da, ardoa probatu eta solasteko.

Aurten, ordea, ez gara hainbestetan joan. Prezioak igo zituzten tarifengatik, eta denda hustuago ikusten zen.

Baina orain, gaupasa baten ondoren bezala, egunak argitu du. Ostiralean jakin genuen Gorenak presidentearen tarifak bertan behera utzi dituela. Schwartz izeneko New Yorkeko ardo saltzaile batek jarri zuen helegitea, eta begira, epaileek arrazoia eman diote. Milioiak ordaindu beharko dizkiote kalte-ordainetan, berari eta inportazioan dabilen beste hainbat enpresari.

Ez dakit ardoaren prezioa jaitsiko den.
Banoa, badaezpada, dendara galdetzera.

Aspaldiko partez, berri onak.

Topa!

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Presidentearen eguna

2026ko otsailaren 16a

1968az geroztik, jai federal gehienak astelehenez dira Estatu Batuetan. Horrela ekidin nahi dira zubiak; langileek, asko jota, hiru eguneko atsedenaldia izan dezaten. Ekonomia da lege hemen. Mundu guztia lanera.

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Aitaren erlojua

2026ko otsailaren 9a

Iluntzea da. Osteguna. Metroa beteta dator. Jendea lanetik atera eta etxera bidean.

Bryant Parkeko geltokian gazte aldra bat sartu da trenera. Gehienak erdiko atetik. Bat bakarra hegalekotik.

Bat-batean, taldekoak oihuka hasi dira, hegalekoa ezagutuko balute bezala. Txamarra garestia darama, modako betaurrekoak. Taldeko bi hurbildu zaizkio. Hasieran, agurtzera doazela ematen du.

Baina mutila estutu egin da.

Haietako batek betaurrekoak kendu dizkio. Besteak labana atera du. Lepokoa eta erlojua eskatu dizkio.

Mutilak ezezko keinua egin du aurpegiarekin.

—Bizkor, geltokira iritsi baino lehen.

Azkenean eman dizkie. Biak eta gainerakoak trenetik atera dira.

Mutila barruan geratu da.

—Aitaren erlojua zen —esan du, eta negarrez hasi da.

Gizon bat hura lasaitzen ahalegindu da.

Trena gelditu da berriz. Taldea berriro sartu da. Oihuka hasi dira.

—Hau esperimentu sozial bat zen. Ikusteko zer jarrera hartzen duen jendeak horrelakoetan. Eta inork ez duzue lagundu.

Betaurrekoak, lepokoa eta erlojua bueltan eman dizkiote, eta denak batera atera dira kanpora.

Baina izua ez, hori ez da trenetik atera.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Altxorraren bila

2026ko otsailaren 2a

Ostiraletan apartamentuetako eraikinek birziklatzeko materialak ateratzen dituzte kalera: altzariak, kartoia eta papera poltsetan; beste batzuetan plastiko gogorrak, ontziak eta latak. Poltsak gardenak dira, kanpotik ikusten da barruan zer dagoen.

Ordua iristen denean, jendea ibiltzen da zaborretan bila. Batzuk altzariak hartzen dituzte. Gehienek, ordea, latak jasotzen dituzte. Gero saldu egiten dituzte, zentimo gutxitan, eta asko bilduta bizitzeko zer edo zer ateratzen dute.

Pasa den ostiralean, zero azpitik hotz, etxera nindoan ostiraleko pizza eskuetan. Gizon bat ikusi nuen plastikozko ontzien poltsa batean miatzen. Besoa barruraino sartzen zuen, behin eta berriz. Pentsatu nuen lataren bat jaso nahian ariko zela.

Baina ez.

Atera zuenak harritu egin ninduen: jostailu bat. Poltsatik jostailu bat atera zuen, eta irudikatu nuen pozik itzuliko zela etxera, ume bati oparitzeko.

Ni ere etxera nindoan, pizza eskuetan, poz berarekin.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Pandemia berria

2026ko urtarrilaren 26a

Galdera hori egin genion geure buruari Trader Joe’s supermerkatura iritsi, eta kanpoan ilara luzea ikusi genuenean. Eraikin osoari buelta ematen zion ilarak, pandemia sasoian bezala.

Barrura sartzeko txanda iritsi zenean, ordea, erosle gutxi aurkitu genituen barruan. Ez zegoen jenderik, ez zegoelako janaririk. Apalategiak erdi hutsik zeuden. Arrazoia iganderako iragarritako ekaitza zen, hamarkadetako handiena omen. Hiritarrek probisioak hartu nahi izan zituzten.

Etxean geratzeko eta bero egoteko eskatu zigun alkateak. Eskolak ere ixteko agindu zuen astelehen honetarako.

New Yorken etxejabeak ordaintzen du berogailua. Lurrunezkoa da sistema. 1882an eraiki zuten, hiritarren bizi baldintzak hobetzeko. Kaldera handiak daude auzo bakoitzean, eta beroa hodien bidez iristen da etxeetara. Orduan, agintariek ongizate komunean pentsatzen zuten.

Larunbatean, kalean zero azpitik 20 graduko sentsazioa zegoela, Minnesotatik iritsi zitzaigun bideoa: bigarren manifestari bat hil dute muga-poliziek. Laguntzen ari zen, eskuan mugikorra. Gero, isiltasuna.

Non ote daude ongizate komunean pentsatzen zuten agintari haiek. Ez dut epeltasun hori sumatzen.

 

00:00:00 00:00:00
New Yorkeko Munduak

Irakurketako lagun ezkutuak

2026ko urtarrilaren 19a

Gailuak eta burua betetzen dizkiguten hainbeste berri txarren artean, hona hemen bat ona. The New York Times-ek inkesta bat egin zuen galdetuz zertan hobetu zitekeen hiria. Erantzuna harrigarria izan da. Ez da izan segurtasun gehiago nahi dela, edo kaleak garbiagoak izatea. Erantzuna izan da: liburutegiak eta parkeak hobetzea. Diru gehiago jartzea horietan.

00:00:00 00:00:00
Podcastak
Berria berriketan
Berria berriketan

Betiko lepotik burua

Behatokiaren txostena du hizpide Berriketan saioaren atal honek. 2025ean 883 kexa jaso zituen hizkuntza eskubideen urraketengatik, eta azken 25 urteetan alor horretan «aurrerapauso nabarmenik» ez dela eman salatu du. Arantxa Iraola BERRIAko euskara gaietako kazetariak eman digu txostenaren nondik norakoen berri.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Epaileek onartzea falta da

Torturaren zazpi biktimaren ekinbide judiziala du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamar aldiz zigortu du Espainia torturak ez ikertzeagatik. Orain, hamar kasu horietako zazpi lagunek ekinbide judiziala abiatuko dute Espainiako Auzitegi Nazionalak haien kontrako torturak iker ditzan. Iosu Alberdi BERRIAko Politika saileko koordinatzaileak eta Martxelo Otamendi ekinbidearen sustatzaileak eman dizkigute auzi honen inguruko azalpenak.

00:00:00 00:00:00
Euskal Herriko Historia 100 objektutan podcasta
Euskal Herriko historia 100 objektutan

Baina hautsi aurretik

Ahozko tradizioaren bidez jakin genuen, inork beste moduren batean kontatu aurretik: lehen ez zela urik etxeetan; garai batean ezin zela, besterik gabe, txorrota zabaldu, eta edan. Baten batek joan behar zuela bila. Maritxu nora zoaz, eder galant hori. Bertso itxuraz laño eta alai batek —gaur egun zortziko txikiaren doinu antonomasiazkoa bilakatua den horrek—, erakutsi zigun letra xehezko historiaren puska bat: eguneroko bizitzaren historia, jende arruntarena. Iturrira Bartolo, nahi badezu etorri.

00:00:00 00:00:00
Berria berriketan
Berria berriketan

Herriko etxeak, argituta

Herriko bozen bigarren itzulia du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Dagoeneko argitu da hurrengo sei-zazpi urteetako herriko etxeen konfigurazioa Ipar Euskal Herrian. Orain, hirugarren itzulira begira paratu dira hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria aukeratu beharko baitute. Ekhi Erremundegi Beloki BERRIAko kazetariak bozen emaitzen analisia egin du.

00:00:00 00:00:00
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA