EH Bilduk osatu du jadanik 2027ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaien zerrenda, Hegoaldeko lau hiriburuei eta foru lurraldeei dagokienez. Zortzikote horretan, sei dira emakumeak; bakarra da estreinakoz lehiatuko dena alkategai gisa —Nerea Kortajarena, Donostian—; eta bakarra da, halaber, legealdi honetan gobernatzen ari dena —Joseba Asiron Iruñeko alkatea—.
Koalizio subiranistak hazkunde nabarmena izan zuen duela lau urte, eta horren erakusgarri izan ziren Gipuzkoan eta Gasteizen lortutako garaipenak. Ba al dago emaitza historikotzat jo ziren haiek hobetzerik? EH Bilduko zuzendaritza baiezkoan dago, eta dagoeneko jakinarazi du helburu hori betetzeko aukeratu duen taldea, hiriburuei eta foru lurraldeei dagokienez.
GIPUZKOA
Koalizioko zortzi hautagai nagusien zerrenda horretako berritasun handiena Nerea Kortajarenak ekarri du. Lehen aldia da EH Bilduren zuzendaritzatik, Mahai Politikotik, kide bat ateratzen dena hiriburu baterako alkategai izateko. Datu horrek argi islatzen du koalizioak Donostiarako egin nahi duen apustuaren neurria: irabaztea da helburua. «Aldagai batzuk lerrokatu dira Kortajarenaren hautagaitza ulertzeko», azaldu du Zuriñe Rodriguez politologoak (Gasteiz, 1988): «EH Bilduren apusturik handiena hiruburuetan egin behar da. Donostian, EAJrekin izango du lehia, baina badago lehia Hegoalde osoan ere, eta Kortajarenak bat egiten du testuinguru horrekin». Hala, koalizioak «garrantzi handiko» pertsona bat aukeratu du Donostiarako, «dena eman behar duelako han».
Juan Karlos Izagirre ordezkatuko du, «oso gertuko pertsona», eta Kortajarenak ere badu halako ezaugarria, Rodriguezen esanetan. Aurrean, lehiakide nagusia EAJkoa izango da, Jon Insausti oraingo alkatea; Eneko Goiaren erreleboa hartu zuen legealdiaren erdian, eta denbora izan du bere burua ezagutarazteko; EH Bilduk «pertsona ezaguna» aurkezteko beharra zuela erantsi du EHUko irakasleak. «Donostiar petoa da Kortajarena, eta Insaustiren ifrentzua nolabait: Loiolakoa da, erdigunetik kanpoko donostiarra, eta gizarte langilea da. Insausti segurtasunaren agertokian mugitzen ari da, eta EH Bilduren alkategaiak soslai egokia du hor lehiatzeko». Rodriguezek uste du koalizioak lortu duela hautagai bat aurkitzea «alderdien logikatik harago joateko».
Ahaldungai nagusiari dagokionez, ez da ezusterik egon, eta Maddalen Iriarte aurkeztuko da berriz, duela lau urteko bozetan alde nabarmenarekin irabazi ondoren. «Gipuzkoa osoan egongo da lehia boz horietan, herriz herri, beste lurraldeetan bezala, eta ondo dabilena aldatzea ez da ideia ona izaten. Iriartek bozak irabazi zituen, eta logika guztia dauka hark jarraitzeak».

NAFARROA
EH Bilduko zortzikote horretan, Joseba Asiron da gobernatzen ari den hautagai bakarra. Koalizioaren erabateko babesa du: oinarrien bozketan, %100ek egin zuten haren alde. Iruñeko alkatearen helburua bozak irabaztea izango da, UPNren aurretik geratzeko: «Asiron oso nafarra da, oso iruindarra, eta EH Bilduk ez zuen zertan ezer ukitu hor. Beharbada, Nafarroan kanpaina ez da hautagaien inguruan garatuko, baizik eta gobernu aldaketaren onespenaren inguruan». Asiron hautagai logikoa dela uste du Rodriguezek; «normalean» ez da aldatzen alkatea «gauzak ondo badoaz». Nafarroan «sinbolismoak» garrantzia izango duela aurreikusi du, «erreakzio faxistaren gorakada betean». Rodriguezek erantsi du Iruñea «gotorleku funtsezkoa» dela eskuin muturraren aurka.
Testuinguru horrek berak balio du Laura Aznal Nafarroako presidentegaiaz aritzeko. «Ezaguna da; gorakada izan zuen azken bozetan, eta hautagai egokia da progresismoaren harian gora jarraitzeko». Aurrean izango ditu oraingo presidentea, Maria Txibite sozialista, eta UPNko Cristina Ibarrola. «Eskuinak oso soslai gogorra dauka, histrionikoa, eta EH Bilduk soslai adeitsu eta lasaien aldeko apustua egin du, Aznalen alde, kasurako».
ARABA
Aurreko hauteskundeetako emaitzen arabera, Gasteizen izango da lehiarik handiena: EH Bilduk zazpi zinegotzi lortu zituen, eta PSE-EEk, EAJk eta PPk, berriz, seina. Rocio Vitero alkategai gisa aurkeztuko da berriz, azken bozetan garaipena lortu ondoren. Ezusterik ez hor: «Jakina da Viterok oso soslai ona duela Gasteizerako, hiriaren aldaketa oso modu egokian ordezkatzen baitu». Dena dela, Rodriguezek aldaketa bat aurreikusi du 2023ko bozen testuinguruarekin alderatuta: «PPk alkategai sendoa aurkeztuko du, Iñaki Garcia Calvo». Bada, Viteroren eta haren artekoa ikusten du lehia nagusia Gasteizen. «Hiri horretan, Jose Angel Cuerdarekin hasitako bidetik, hautagaiari ematen zaio botoa, alderdiari baino gehiago»: marka baino lehenago, hautagaia. «Garcia Calvok badu gasteiztartasun hori, espainiartasunaren barruan, eta Viterorekin lehia ikusgarria izango da, hark ere baduelako abantaila hori, baina euskalduntasunaren barruan».
Horrez gain, Rodriguezek uste du EAJk «ia amore eman» duela Gasteizen, Jon Urresti izendatuta, eta Maider Etxebarria oraingo alkate sozialista ere ez du hautagai sendotzat hartzen: «Ez dute alkate ontzat hiriko sektore zabal batzuetan».
Arabako Foru Aldundiari begira, ordea, EAJk hautagai «oso sendoa» duela uste du politologoak —Ramiro Gonzalez azken hiru legealdietako ahaldun nagusia—, eta EH Bilduko ahaldungai nagusi Eva Lopez de Arroiabek hura izango du lehiakide nagusi. «Oso soslai arabarra dauka Lopez de Arroiabek, ez gasteiztarra. Aiaraldeari ere begiratu behar zaio, Arabako Errioxari... Landa gunetik dator, lehen sektoretik, eta EAJri gailentzea du helburua, baina hori ez du lortuko Gasteizen lehiatuta bakarrik».
BIZKAIA
Bilbon, Maria del Riok ez du erronka errazik alkategai moduan, hiriburua EAJren gotorlekua baita. Aurrekoan baino boto gehiago batzeko aukerarik izango ote du? «Segurtasunean aditua da, eta hori bada abantaila harentzat, kanpaina segurtasunaren inguruan garatuko baitu EAJk, seguruenik», dio Rodriguezek. «Nagusitasuna erabakitzeko lehiarik ez da izango Bilbon, baina eroso senti daiteke eztabaida horretan».
Bizkaiko Foru Aldundiari begira, berriz, Iker Casanovak EH Bilduren emaitzak hobetzen jarraitzeko erronka dauka aurrez aurre. Bost eserleku gehiago lortu zituen azken hauteskundeetan, baina EHUko irakasleak uste du oraindik baduela lana egiteko, batez ere Ezkerraldean, EAJrekiko aldea murriztu nahi badu. «Casanova barakaldarrak Ezkerraldearen iruditeria horrekin bat egiten du, eta eremu horretan indartzeko aukera badu, baina kanpainaren arabera lortuko du ala ez. Ahal Dugu-k indar handia izan zuen han, eta boto horiek erakartzen saiatu beharko luke, beharbada».