Inkesta guztien arabera, etxebizitzaren auzia da Espainiako herritarren kezka nagusia; Espainiako sindikatu nagusiek hamalau urteren ostean greba orokor batera deitu izanaren arrazoia ere bada, baita Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hauteskunde orokorrak aurreratzeko erabakia hartu izanaren zergatia ere. Ezinbestean, gai nagusietako bat izan da kanpainan zehar, eta hautagai guztien adostasuna izan duten gutxietako bat ere bai: denek diote arazoa larria dela, eta konpondu beharra dagoela. Bakoitzak bere modura, noski.
«Eskerrak eman nahi dizkiot ahalak eta leherrak egin dituen gehiengo sozialari. Badakit Kongresuan gertatu denak sutu egin duela gehiengo hori». Sanchezek urriaren 5ean esandako hitz horiek laburbiltzen dute gertatutakoa. Egun batzuk lehenago, irailaren 26an, dozenaka lagun Madrilgo Sol plazan kanpatzen hasi ziren Maricarmen Abascal 87 urteko emakumearen etxegabetzearen aurka protesta egiteko, eta, orokorrean, etxe eskubidea defendatzeko. Hurrengo egunetan herrialde osora zabaldu ziren protestak, baita Hego Euskal Herrira ere.
Horiek horrela, eta negoziazio gogorren ostean, Espainiako Gobernuak bi etxebizitza dekretu onartu zituen Ministroen Kontseiluan. Adostutako neurri guztiak dekretu batean bildu zituzten, bat izan ezik: errenta ordaintzen duten maizterren alokairu kontratuak automatikoki berritzekoa. Hori zen Maizterren Sindikatuaren eskari nagusia, eta zatiketak haien kritikak eragin zituen, baita oposizioko hainbat alderdirenak ere, argi baitzegoen dekretu hori ez zela aurrera aterako, denborak erakutsi duen moduan.

Azkenean, urriaren 2an, JxC Junts per Catalunyaren ezezkoa zela medio, Diputatuen Kongresuak ez zuen ez dekretu bat ez bestea onartu, eta kinka larrian utzi zuen Sanchezen gobernua. Hiru egun beranduago, bozak aurreratu zituen presidenteak. Ez zuen aipatu gobernuari azken kolpea eman zion dekretu parea, baina esan zuen zenbait erreforma onartzeko zeudela, eta horretarako «gehiengo aurrerakoi askoz ere zabalagoa» behar zela Kongresuan.
Ziurrenik, hauteskunde kalkulu batek ere bultzatu zuen erabakia: inkestek gobernuan jarraitzeko aukera gutxi ematen zizkioten Sanchezi, eta etxebizitzaren gaia protagonista zuen testuinguru politikoa zen bere azken bala; besteak beste, apaldu egin zuelako Ceutako migrazio krisiaren oihartzuna, eta ezkerreko mugimenduak mobilizatu zituelako.
Azkenean, greba orokorraren hurrengo egunean onartu zuten bi etxebizitza dekretuetan lehenengoa. Espainiako Gorteetako Diputazio Iraunkorra baliatu zuten horretarako, hauteskundeak aurreratzeari esker eratu zen organoa, han ez baitzuen JxCren aldeko botorik behar. Gauzak horrela, indarrean dago jada etxegabetzeen aurkako neurriak jasotzen dituen eta alokairuen prezioei mugak jartzen dizkien dekretua.
Horrek ez du balio izan, ordea, kaleko giroa baretzeko. Sol plazako protestak Abascalen etxegabetzeari eta Maricarmen dekretua deitu ziotenari lotuta jaio ziren arren, egunek aurrera egin ahala eta greba orokorraren deialdiak hauspotuta, dekretutik harago zihoazen aldarrikapenak nagusitu ziren kalean.
Konpondu gabeko arazoa
Etxebizitzaren gaia protagonista izateak, berez, ezkerreko alderdiei egiten die mesede. Ikusi besterik ez dago Fronte Zabalak kanpainarako hautatu duen leloa: Un voto como una casa (Etxe baten neurriko botoa). Oposizioko alderdiek, ordea, badute argudio indartsu bat bere alde: PSOEk gobernuan eman dituen zortzi urteetan, egoerak okerrera besterik ez du egin.
CCOOk INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuetan oinarrituta argitaratu duen txosten baten arabera, etxebizitzen prezioak %108 egin du gora 2013tik 2026ra, soldatek baino 3,6 bider gehiago —%30 hazi dira horiek—. Alokairuari dagokionez, kontratu berrien prezioak %37 garestitu dira 2015etik 2024ra.
%108Etxebizitza zenbat garestitu den Espainian 2013tik 2026ra. Etxeen prezioak %108 egin du gora Espainian 2013tik 2026ra, soldatek baino 3,6 bider gehiago.
Horren jakitun izanik, Espainiako Gobernuak etxebizitza legea onartu zuen 2023. urtean, Espainian onartu den lehen legea etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko —eskubide hori konstituzioan jasota dago—. Hari esker sortu ziren, besteak beste, tentsio handiko eremuak, prezioak garestien dauden tokietan alokairuei mugak jarri ahal izateko.
Lege horren gabeziak, ordea, agerian geratu dira: erakundeek etxegabetzeak gauzatzen segitu dute, aldi baterako alokairuak areagotu dira eta epe luzerakoak murriztu, logelen alokairua erregulaziorik gabeko eremu bihurtu da, eta PP agintean den autonomia erkidegoetan etxebizitza legea ez dute aplikatu ere egin. Onartu berri duten dekretuak hutsune horietako hainbat konpontzea du helburu.
Proposamenak
Eta aurrerantzean zer? Alderdi guztiek egin dituzte proposamenak, eta kontu batean egiten dute bat guztiek: etxe gehiago eraiki behar dira. Izan ere, Espainiako Bankuaren arabera, 750.000 etxeko defizita du herrialdeak, eta kopurua handitzen ari da.
PSOEk proposatu du BPG barne produktu gordinaren %1 etxebizitza sozialak eraikitzeko erabiltzea, 100.000 etxeko parke publiko bat lortzeko. Alokairuak luzeagoak izatea eta funtsei eta jabe handiei «espekulazioaren aurkako zergak» jartzea ere bai.

Harago doa Fronte Zabala: 1,5 milioi etxe babestu eraiki nahi ditu hamabi urtean, eta urtero 125.000 «berreskuratu», besteak beste, jabe handien, inbertsio funtsen eta bankuen eskuetan dauden etxe hutsak desjabetuz. Alokairuen prezioak mugatzea, kontratuak mugagabeak izatea, herritar zaurgarrien etxegabetzeak debekatzea eta etxe hutsei zergak areagotzea ere jasotzen ditu haien programak.
PPk, bere aldetik, milioi bat etxe eraikiko dituela hitzeman du; horretarako, izapideak erraztu nahi ditu, baita eraikuntza industrializatua sustatu eta langileak prestatzeko planak bultzatu ere.
Konpromiso horiek bete egin beharko dituzte, herritarrek kalean erakutsi duten haserrea prezioen pare igotzea nahi ez badute behintzat.