Gas naturalaren gerra frontea

Irune Lasa |
  • 539 hitz
  • Albistea entzun

Gerrak fronte asko ditu. Horietako bat energiarena da. Agerian jarri du lubaki hori Ukrainan piztu den gerrak, Irune Lasak analisi honetan jaso duenez. Arma garrantzitsuenetako bat bihurtu da, eta energia sortzeko eta garraiatzeko azpiegituren kontrola dago jokoan gaur egun.

Nord Stream 2 gasbidearentzako baimenak ukatzean erakutsi zuen Alemaniak oraingoan bestela zela: Errusiak Ukrainari egindako erasoa ez zela pasatuko 2014. urtekoa bezala, zigor hutsalekin; Mendebaldea deituriko horrek aurre egin nahi ziola Errusiari.

Baina gerrak fronte asko ditu, fronte militar hutsaz gain. Eta Kremlinek bazekien, bere armada Kieven sartu nahi izan aurretik ere, energia gaiak arma direla.

Maiz frogatu du hori Moskuk, eta oraingoan ere, erasoa prestatzen ari zelako seinaleetako bat izan zen Europarako gas hornidura murrizten hastea. Hori egin zuen 2014an ere; Europako eta batez ere Alemaniaren negurako gas biltegiratzeak mugatu, herrialde horrek eta Europako beste askok Errusiako gasarekiko duten menpekotasuna areagotu, eta, horrekin, erasoak izan zezakeen erantzuna baldintzatu.

Oraingoan, iazko urtearen bigarren zati osoa pasatu ostean Europa normalean baino gas natural gutxiagoz hornitzen, otsailean etorri zen Errusiaren eraso militarra, eta erregai ordurako garestia are gehiago garestitu zen. Mundu guztiak baitzekien hor gas naturalean zegoela Ukrainako gerrako lubaki garrantzitsu bat.

«Mundu guztiak baitzekien hor gas naturalean zegoela Ukrainako gerrako lubaki garrantzitsu bat».

Lubakiek hor jarraitzen dute, gas naturalaren frontean. Europaren aldean, oraingoan badirudi Batasunak erabakitasuna duela Errusiako gasaren menpekotasunetik askatzeko, iturria eten edo mugatu diezaiokeen Kremlinen arma hori indargabetzeko. Baina, horretarako, batez ere denbora behar du Europak.

Bitartean, Moskuk badaki oraindik erabilgarri duela gasaren arma. Aste honetan bertan ikusi da: Errusiatik Alemaniara itsaso azpitik gas naturala garraiatzen duen Nordstream 1 gasbideko turbinetako batzuk, dirudienez, Montrealen daude, Kanadan. Han soilik konpondu omen daitezke, eta konpondu dira, baina ez dira itzuliko Baltikoko itsasora, Kanadak Errusiari jarritako zigorrengatik. Arazo tekniko horiengatik murriztu omen du Gazpromek hornikuntza aste honetan. Alemaniarako hornikuntza %60ra, Italiarakoa %65era. Noiz eta Alemaniako, Frantziako eta Italiako lider politikoak Kievera Zelenskiri bisita egitera joan direnean.

«Errealitatea da inflazioa errekorrak hausten ari dela, gas garestiagoa sekulako arazoa dela Europarentzat».

Berdin dio Mario Draghik esatea turbinena gezurra dela, gariarena bezala, Moskuk gasa eta garia arma gisa erabiltzen dituela. Errealitatea da inflazioa errekorrak hausten ari dela, gas garestiagoa sekulako arazoa dela Europarentzat. Nahi dute Errusiaren arma hori baliogabetu, baina oraindik ezin. Ez da nahikoa AEBetatik datorren gas natural likidotua, ezta hurrengo urteetarako Qatarrekin hitzartutako hornikuntzak ere. Eta pentsatu beharko da, halaber, bere arriskuak dituela menpekotasuna tokiz aldatzeak, AEBetara eta golkoko herrialdeetara.

Errusiaren mugimenduak badu ifrentzua. Gasa irits daiteke prezio batzuetara non ekonomiari kalte egin eta, ondorioz, eskaria deuseztatu dezakeen; non herrialdeak bultza ditzakeen energia askoz ere modu efizienteagoan erabiltzera. Hori gertatu zen 70eko petrolio krisiekin. Zenbateraino komeni zaio Kremlini gai honekin herrialdeak estutzea? Ez ote du bizkortuko Europak beste energietarako eta berriztagarrietarako egin duen apustua?

«Zenbateraino komeni zaio Kremlini gai honekin herrialdeak estutzea? Ez ote du bizkortuko Europak beste energietarako eta berriztagarrietarako egin duen apustua?»

Izan ere, efizientziaren eta berriztagarrien apustu hori indartzeak zentzuzkoagoa dirudi Europarentzat, energia inportazioekin eragin mugatua duten interes tasak gehiegi igotzeak baino. Baina, horretarako, inbertsioak, ohitura aldaketak eta denbora behar ditu Europak, eta, bitartean, gasa ere bai.

Gasarekin, energiaren prezioekin gauzak ez dira berehalakoan konponduko, eta, gerra tartean, egoera okertu ere egin daiteke inportatzaileentzat. Itxaropen handirik ez hor.

Bitartean beti egongo da hor diplomazialari eta enpresaburu errusiarren umore, nola esan... zirikatzailea: Vladimir Txizhovek, Errusiaren EBrako enbaxadoreak, esan du turbinen konponketan arazo gehiago izaten badira balitekeela Stream 1 gasbidea itxi behar izatea. Lasai. Gazpromeko kontseilari ordezkari Alexei Millerrek ostegunean bertan adierazi zuen beharrezkoa bada hor dagoela Nord Stream 2 gasbide estreinatu gabea, «Europa gasez hornitzeko».

Jatorrizko artikuluak