Protokolorik ez aireztapen ona bermatzeko

  • 317 hitz
  • Albistea entzun

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa ez denez, erabilera urritu egin da; aparteko zentzua dute airearen kalitatea kontrolatzeko baliabideek. Egiturazko neurriak urriak izan dira horretan.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak argi dio: «COVID-19aren infekzio arriskua handiagoa da jende asko eta aireztapen txarra duten tokietan». Hala ere, pandemia osoan, oro har, leiho eta ateak zabaltzeko aholkuez harago, urriakcloseGutxi, eskasak.  izan dira aireztapen ona ezartze aldera hartu eta sustatu diren egiturazko neurriak. Oraintxe bertan, adibidez, maskara gabeko arorako administrazioek ezarri dituzten protokoloetan, oro har, airearen kalitatea neurtzeko eta hobetzeko irizpide zehatzik ez da ematen. Eta behar bezala aireztatu gabeko espazioetan, aerosolen bidez, birusa aisecloseErraz. transmititu daiteke.

Zer dira aerosolak? Hitz egitean-eta airean geratzen diren tantaxkarik txikienak dira aerosol deituak, ur eta listu tanta ñimiñoak; oso arinak direnez, toki itxietan airean denbora askoan geratzeko arriskua egoten da, eta, ondorioz, horien bidez birusak —baita COVID-19a eragiten duena ere — hedatzeko arriskua handiagoa da. Horiek horrela, toki itxien aireztapena ezinbestekoa da halako kontzentrazioak ez gertatzeko, eta gaitzen transmisioa eragozteko.
Zer dira C02 neurgailuak? Arnastutako airearen kontzentrazioak neurtzen dituzte. CO2 kontzentrazioa 800 ppm-tik gorakoa bada, adierazten du toki bat oso gaizki aireztatuta dagoela; alegia, C02a pilatzen ari dela, eta ez dela aire oxigeno nahikorik sartzen.
Zer egin behar da? Osasun arloko adituen irizpide orokortua argia da: toki itxietako aireztapena zaindu behar da. Ateak eta leihoak badira, horiek maiz ireki behar dira; gainerakoan, aire garbitzaile filtrodunak-edo behar dira.

Norbanakoen esku beste behin

Hezkuntza agintariek egin dituzte urratsak eskolen esku neurgailuak-eta jartzeko, baina erabilera ez da orokortu espazio publiko gehienetan. «Eta zerbait neurtzen ez baduzu, ezin duzu jakin zein egoeratan zauden», azaldu du Ugo Mayor zientzialariak. Ondorioz, gai hau hizpide hartzen denean hitz huts gehiegi entzuten direla salatu du: «Esaten da protokoloari jarraitu behar zaiola, baina ez dago protokolorik». Uste du pandemian, oro har, «norbanakoen esku» dauden neurriak sustatzera egin dela, eta horrekin lotuta dagoela jokatzeko era hori. «Izan ere, aireztapen ona bermatzeak zenbait kasutan ekar dezake, adibidez, sistema mekaniko bat ezarri behar izatea, eta halakoak azpiegitura kontuak dira».

«Esaten da protokoloari jarraitu behar zaiola, baina ez dago protokolorik».

Ugo Mayor (zientzialaria)

Eider Cartonek ere pentsatzen du, behin gaiari tentuz erreparatzen hasita, «inbertsio handiak» eska ditzakeela eta horrek eragina duela. Garraio publikoko egoerari erreparatzen dio maiz egiten dituen kritiketan. «Hor eutsi diote maskarari, esaten dutelako toki itxiak direla, jende asko ibiltzen garela... Bada, hor egin beharko litzateke indarra aireztapenean, ezta? Ez da egiten».

«Esaten da garai batean ur garbia izan zela erronka eta konkista. Orain aire garbia izango ote da?».

Eider Carton 

Herritarrek egin dezaketen «presioan» du jarria Cartonek arlo horretan aurrerako urratsak eginez joateko esperantza handiena. «Esaten da garai batean ur garbia izan zela erronka eta konkista. Orain aire garbia izango ote da? Ez dakit, poliki goaz, baina nik nahi nuke bi urteok ez alferrik izatea eta bide horretan aldaketak ikustea». Baita motibo etikoengatik ere. «Gainerakoan, pertsona zaurgarriekin zer?».

Jatorrizko artikuluak