Katie Kitamura idazleak elkarrizketatu zuen Siri Hustvedt Strand liburudendan. Hustvedtek Ghost Stories aurkezten zuen. Bertan kontatzen du Paul Auster senarraren heriotzak sortutako dolua. Berrogeita hiru urtez elkarrekin egon ondoren, duela bi urte hil zen.
Ez dut erabiltzen “zendu” hitza, Sirik esan baitzuen “hil” erabili behar dela, ordezko hitzik gabe. Ingelesez pass away esaten da. Eta hark galdetzen zuen: “Pass away? Zer da hori? Nora pasatzen da pertsona?”. Pertsona hil egiten da.
Eta ez dela egia haren izaera bakarrik botatzen duzula faltan, jendeak esaten duenean “beti zurekin biziko da”. “Nik fisikoki botatzen dut faltan”, esan zuen. “Ez soilik haren izaera edo ideia”.
“Elkar gustuko genuen. Askotan egiten genuen maitasuna, gaixorik zegoenean ere bai. Eta nik haren gorputza ere botatzen dut faltan. Ez dakit zergatik horrelako liburuetan ez den sekula sexua aipatzen”.
Elkar maitatu bai, baina haserreak ere izaten zituztela. Eta hori ere sartu duela liburuan.
“Paul santu bat?”, galdetu zuen ironiaz. Eta jendeak barre egin zuen.
Aldaketaz hitz egin zuen gero. Bizitza batez ere aldaketa dela. Baina batzuetan, zoriontsu zarenean, ez duzula ezer aldatzerik nahi.
“Siri eta Paul ginen”, esan zuen. “Ez ni bakarrik. Hori zen unitatea”. Eta ez dela txarra hori onartzea. “Orain dena da indibiduala, eta ez dut gustuko. Sare sozial guztietan zu bakarrik agertzen zara. Baina pertsonak ez gara bakarrak. Besteekin gaudenean gara gu”.
Barre egin zuen “dolumin luzeegiaren trastornoa” aipatu zuenean.
“Benetan existitzen da hori? Derrigorrez maite duzun hori ahaztu egin behar al duzu? Bada nik ez dut nahi. Trastornatu bat izango naiz bizitza osoan. Siri eta Paul”.