Etxebizitzaren auziak gainezka egin du azkenean, herritar gehienen kezka nagusi bihurtzeraino. Hori ikusita, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta lan arloko sindikatu nagusiek bat egin dute, eta greba orokorrera deitu dute datorren asteazkenerako, azaroaren 11rako.
«Egoera jasanezina da; langile klasea pobretzen ari da, eta enpresariek eta espekulatzaileek, berriz, irabaziak handitzen dituzte [...] Horregatik, kaleak hartu eta erroko aldaketak bultzatzeko garaia da», dio sindikatuek plazaratutako ohar bateratuak.
Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez lelopean, Hego Euskal Herriko sei hiritan mobilizatuko dira asteazken eguerdian, «etxebizitza eskubidea bermatu dadin, eta espekulazioari ezetz esateko». Ez horregatik bakarrik: «Baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde ere, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan». Arratsaldean ere egingo dituzte manifestazioak, hiriburuetan eta herrietan.
Sindikatuek deitutako manifestazioak
- Gasteizen 12:00etan, Bilbo plazatik.
- Eibarren 12:00etan, Untzaga plazatik.
- Bilbon 12:30ean, Arriaga plazatik.
- Iruñean 12:30ean, Gazteluko plazatik.
- Donostian 12:30ean, Pio XII.a plazatik.
- Tuteran 12:30ean, Foru plazatik.
Asteazkenekoa aurten Hego Euskal Herrian egingo den bigarren greba orokorra izango da, sindikatuek duela zortzi hilabete eskas ere antolatu baitzuten bat 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde. Oraingoan, koiuntura izan da grebara deitzera bultzatu dituena: Maricarmen Abascal 87 urteko andrearen etxegabetzeak sekulako protestak eragin zituen Madrilen, baina olatua Euskal Herrira ere heldu zen, eta hemen izandako manifestazio jendetsuek erakutsi zuten gizarteak bazuela etxebizitzaren alorrean erroko aldaketak eragiteko nahia.
Greba eguna azaroaren 11n izango zela CCOOk eta UGTk adostu zuten Madrilen, baina ELAk eta LABek hasieratik erakutsi zuten «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» deialdi bat egiteko asmoa. Hala, etxebizitza sindikatuekin adostu, eta Espainiakoaren egun bererako erregistratu zuten greba Hego Euskal Herrian ere.

Hainbat egunez negoziatzen aritu ostean, irakurketa bateratua argitaratu zuten grebaren deitzaileek. Han diotenez, etxebizitzak eskubide bermatua izan beharko luke, «publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean». Espekulazioa eta errentismoa jarri dituzte jomugan: «Putre funtsen negozioaren ondorioz, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da gero eta herritar gehiagorentzat, baina baita eraikuntza enpresek, banketxeek eta errentistek etxebizitza langileen kontura aberasten jarraitzeko darabiltelako ere».
Uste dute posible dela herritar guztientzako kalitatezko etxebizitza bermatzea, eta erroko hiru transformazio exijitu dituzte horretarako: espekulatzaileei jabetzak kentzea, jardun espekulatiboa debekatzea, eta etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa langileen beharren araberakoa izatea. «Langileen berehalako itoaldia» arintzeko neurri batzuk ere eskatu dituzte, hala nola etxegabetze guztiak etetea eta etxebizitzen prezioak jaistea.
Jopuntuan jarri dituzte hainbat alderdi politiko, patronal eta erakunde publiko. Egoera aldatzeko ezer ez egitea egotzi diote PSOEri, «triunfalismo handiz aurkeztu zuten etxebizitza legeak ez duelako agindutako aldaketarik eragin», eta azken asteetan onartutako dekretuak, «eraginkortasun urriko adabaki batzuk gorabehera», errentismoaren interesak eta finantzaketa blindatu nahi izan dituelako. EAJri eta UPNri ere aurpegiratu diete negoziazioetan errentismoaren interesak defendatu izana.
Prezioak, goraka
2014. urtetik, etxeen prezioek etengabe egin dute gora Hego Euskal Herrian, eta joera ez da irauli: urteko lehen erdian %6 baino gehiago egin dute gora prezioek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzen prezioek iaz gainditu zituzten burbuilaren arokoak, eta Nafarroako prezioak ere abiada bizian ari dira gerturatzen garai hartakoetara.
Hala ere, etxe merkatuak ez du moteltzeko sintoma nabarmenik; aitzitik, jarduerak azken urteetako maila handienei eutsi die: urteko lehen seihilekoan 16.755 etxe salerosi dira.
Gogorarazi dute Confebask eta CEN patronalek uko egiten diotela «hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa» ezartzeari, eta higiezinen patronalak langileen bizitzen kontura aberasten segitzen duela.
Amaitzeko, «ardura instituzional guztiak» seinalatu dituzte. Diotenez, «Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek, eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte», eta alderdi guztietako udalek, berriz, «alternatibarik gabeko etxegabetzeak baimentzen edo gauzatzen dituzte».
Borrokaren loraldia
Espainiako hauteskunde orokorrak azaroaren 29an egingo dira, eta ez dira gutxi izan azaroaren 11ko grebari elektoralismo usaina hartu diotenak. Euskal Herriko sindikatuek, ordea, argi esan dute ez dutela nahi alderdiek etxebizitzaren arazoa euren interesetarako erabiltzerik, soluzio errealik planteatu gabe: «Edozein delarik ere hurrengo hilabeteetan irekitzen zaigun jokalekua, langile klase antolatua eta indartsua funtsezkoa izango da».
Azken urteetan, etxebizitzaren borrokaren aldeko ziklo berri bat loratu da Euskal Herrian; etxebizitza sindikatuek hainbat urte daramatzate alor horretan lanean —LABek ere bai, pare bat urte—, baina lan arloko sindikatuekin lehen aldiz batu dira mobilizazio handiak antolatzeko.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ELAren eta LABen jokabidearen aurka egiteko baliatu du hori; Eusko Legebiltzarrean gogoratu zuen urte politikoaren hasieran eragileekin egindako bilera sortan sindikatuek ez ziotela ezta «hitz erdirik» ere egin etxebizitzari buruz, CCOOk izan ezik. «Orain bai, orain etxebizitza lehentasuna da. Duela hilabete eta erdi ez al zen langile klasearentzat?», deitoratu zuen.
Deigarria da aldarrikapenetan izan den jauzi kualitatiboa ere. Orain arte, aldarrikapen gehienak neurri partzialekin lotutakoak izan dira: prezioen gorakada etetea, alokairu kontratuen luzamenduak onartzea, etxebizitza parke publikoa sustatzea, pisu turistikoak mugatzea... baina, oraingoan, sindikatuek harago doazen eskariak jarri dituzte mahai gainean: besteak beste, espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, eta espekulazioa amaitzea. Madrilen ere, Puerta del Sol plazako kanpaldiak agerian utzi zuen dekretu bat hala-hola onartzea ez dela aski urak baretzeko. Asteazkenean argituko da Euskal Herrian zenbaterainokoa den etxebizitza eskubidearen aldeko olatuaren indarra.