Galdera hori egin genion geure buruari Trader Joe’s supermerkatura iritsi, eta kanpoan ilara luzea ikusi genuenean. Eraikin osoari buelta ematen zion ilarak, pandemia sasoian bezala.
Barrura sartzeko txanda iritsi zenean, ordea, erosle gutxi aurkitu genituen barruan. Ez zegoen jenderik, ez zegoelako janaririk. Apalategiak erdi hutsik zeuden. Arrazoia iganderako iragarritako ekaitza zen, hamarkadetako handiena omen. Hiritarrek probisioak hartu nahi izan zituzten.
Etxean geratzeko eta bero egoteko eskatu zigun alkateak. Eskolak ere ixteko agindu zuen astelehen honetarako.
New Yorken etxejabeak ordaintzen du berogailua. Lurrunezkoa da sistema. 1882an eraiki zuten, hiritarren bizi baldintzak hobetzeko. Kaldera handiak daude auzo bakoitzean, eta beroa hodien bidez iristen da etxeetara. Orduan, agintariek ongizate komunean pentsatzen zuten.
Larunbatean, kalean zero azpitik 20 graduko sentsazioa zegoela, Minnesotatik iritsi zitzaigun bideoa: bigarren manifestari bat hil dute muga-poliziek. Laguntzen ari zen, eskuan mugikorra. Gero, isiltasuna.
Non ote daude ongizate komunean pentsatzen zuten agintari haiek. Ez dut epeltasun hori sumatzen.