Loti ederrak esaten zaie zientzian aspaldian idatzi eta ahaztuta geratu ziren artikuluei, bat-batean norbaitek berreskuratu eta teoria berri bat sortzeko balio dutenean. Zein edo zeinek ideia bat izan zuen, ez zitzaion kasurik egin, eta urteak geroago beste zientzialari batek ideia hura aurkitu, baieztatu eta handitu egiten du.
Loti ederrak izeneko liburua aurkeztu zuen David Byrne musikariak Riverside Church elizan. Leku ezaguna da eskubide zibilen historian. Han hitz egin zuen Martin Luther Kingek Vietnamgo gerraren aurka. Duela gutxi Bernie Sanders entzutera ere bertara joan ginen.
Une batean ahaztuak edo baztertuak izan diren ideia eta pertsonei buruz hitz egin zuen Byrnek, urte asko geroago haien balioa aitortu zaien horiei buruz.
Erromatarren zementuaz aritu zen, haren formula mendeetan ahaztuta egon ondoren gaur egun berriro ikertzen ari baitira. Botticelliz ere bai: ospetsua izan zen bere garaian, gero bazterrean geratu zen luzaroan, eta mende batzuk geroago berreskuratu zuten. Lynn Margulis zientzialariaz hitz egin zuen, zelulen arteko sinbiosiari buruzko haren ideiez. Zero zenbakiaz. Eta, azkenik, klitoriaz.
Byrneren ustez, modernitateak itsutu egin gaitzake. Iraganean ere egon daitezke erantzunak. Datuen obsesioaren garaian, informazio gutxiago izatea ere lagungarria izan daiteke. Pentsamendu metaforikoa aldarrikatu zuen, zentzuzkotzat jotzen den horretatik aldentzea, ikonoklastei erreparatzea: gazteei, baztertuei, sistematik kanpo daudenei.
Eta esparru bakarrean ez ixtea. Gauza asko gustuko izatea. Espezialista hutsa ez izatea.
Horiek denak entzun genizkion Byrneri eskubide zibilen elizan.
Baina ez zuen politikaz hitz egin.
Non ote dago gure mundua lasaituko duen loti ederra, etorkizun hobe bat eskainiko diguna?
Lo dago.
Itzar dezagun.