Iribarrek eta Kortabarriak berriz atera zuten atzo 1976ko ikurrina gogoangarri hura. Artean debekaturik zegoela, euskaldunon memorian iltzatuta geratu zen bi futbolarien balentria.
Euskal Herrian bizi ginenean, aldiro jartzen genuen ikurrina balkoian, Korrika zetorrenean, Aberri Egunean eta horrelakoetan. Ondarroan betidanik egon da ohitura. Amamak jartzen zuen (galarazita zegoenean, geranio zuri, gorri eta berdeak jartzen zituen denen ikusgarri), amak ere bai, eta gero guk.
New Yorkera ere ekarri genuen bat. Hemen balkoirik ez dugunez, nekez erakutsi ahal dugu. Etxe barruan bai, jartzen dugu egun seinalatuetan. Baina bada urtean egun bat kalera ateratzen duguna: maratoiaren eguna.
Hain zuzen, atzo izan zen hori ere.
Iribarrek eta Kortabarriak bezala, guk ere gure ikurrina xumea eraman genuen New Yorkeko maratoira. Central Parken toki ezin hobea aurkitu genuen, obeliskoaren azpian. Hantxe jarri ginen, eta ikurrina ere hantxe jarri genuen, euskaldunik noiz igaroko.
Ilusio handia egiten die euskal korrikalariei hura ikusteak. Eta handik pasatu ziren Aitor, Martin, Alex, Ana, Myles, Iñigo, Elena, Eleuterio, Idoia, Iker, Jorge, Jose Luis, Eider, Jose Ignazio, Amaia eta enparauak.
Iribarren eta Kortabarriaren ikurrinak garai berri baten hasiera sinbolizatu zuen. Asteartean hemen ere hauteskundeak direla ikusita, ez ote gaude gu ere garai berri baten atarian?
Oxala.